1978ko Konstituzioa eta Euskal Autonomiaren Bilakaera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,84 KB
1978ko Konstituzioa eta Sistema Demokratikoa
Sistemaren erreforma osatzeko, ezinbestekoa zen gobernuko sistema berria arautuko zuen Konstituzio bat osatzea eta onartzea. 1978. urtean osatu zuten eta honako hauek izan ziren bere oinarriak:
- Monarkia
- Erregimen parlamentarioaren ezarpena
- Estatu deszentralizatua
Konstituzioa finkatu zenetik, sistema demokratikoaren zutarri nagusiak ere ezarri ziren. Honako hauek izan ziren Konstituzioaren osaketa inguratu zuten funtsezko alderdiak:
1. Aurreproiektua eta Adostasuna
Aurreproiektu bat egin zen, UCDko hiru kideren parte-hartzearekin eta boto gehien jasotako gainerako alderdietako lau kiderekin: PSOE, PCE, AP eta PDC. Egitura politiko frankistak desagerrarazi eta estatu demokratiko berri bat ezartzea zen helburua. Testua idaztean, adostasun bateratua izan zuten eta denek onartu zuten: bai bi ganberek, bai herritarrek, 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean.
2. Konstituzioaren Antolaketa
Konstituzioaren antolaketari begira, bi zati bereizten ziren:
- Zati dogmatikoa: Bertan oinarrizko printzipioak definitu eta horiek beteko zirela ziurtatzen zen.
- Zati organikoa: Bertan, Konstituzioaren hiru gai nagusiak antolatzen ziren: eskubideak (sufragio unibertsala, banakakoen eskubideak eta askatasunak onartzea), erakundeak eta lurralde-antolaketa.
3. Erakundeen Esparrua eta Botere Banaketa
Erakundeen esparruan, honako banaketa hau finkatzen zen:
- Monarkia: Estatuko buruzagitza lana betetzen zuena.
- Parlamentua edo Legebiltzarra: Legeak egiteko eta gobernuaren jarduerak kontrolatzeko funtzioa zuena.
- Gobernua: Parlamentuak aukeratzen zuena, presidente edo lehendakari batek eta hark hautatutako ministroek osatua; azken horiek politika zuzentzen zuten.
- Auzitegi Konstituzionala: Konstituzioa beteko zela kontrolatzen zuena.
Konstituzioaren Gaineko Eztabaidak eta Euskal Arazoa
Aipatu dugun moduan, Konstituzioa osatzeko, testua idazteko erantzukizuna zeukan batzordeak aurreproiektu bat gauzatu zuen, UCDko hiru kidek eta PSOE, PCE, AP eta PDCko kide banak osatzen zutelarik. Eztabaida gehien sortutako kontuetako bat naziotasunen arazoa izan zen.
Konstituzioak Espainia estatu autonomikoa zela aldarrikatzen zuen arren, dagozkion artikuluen erredakzioa anbiguo samarra eta ondo zehaztu gabea gertatu zen EAJrentzat. EAJ alderdi abertzalearen proposamena haratago zihoan; izan ere, alderdi horrek ezinbestekotzat jotzen zuen euskal foruak onartzea eta berriz osatzea, eta, era berean, Hego Euskal Herriarentzat subiranotasuna onartzea nahi zuen. Hurbiltze-saio ugari egin baziren ere, ez zuten inolako adostasunik lortu; horrenbestez, EAJ alderdiak abstentzioa proposatu zuen 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean.
1979ko Hauteskunde Orokorrak eta Gernikako Estatutua
Adolfo Suarezen Bigarren Gobernua
Konstituzioa onartu ondoren, beste hauteskunde orokor batzuk antolatu ziren. Bertan, Suarezek herritarren babes handiagoa lortzeko helburua zeukan, gehiengoarekin gobernatu ahal izateko. Horrela, 1979ko martxoaren 1ean izan ziren hauteskundeak eta emaitzetan UCDk lortu zuen garaipen erlatiboa, PSOE oposizioko lehen indar politiko gisa egonkortu zelarik.
Hego Euskal Herrian, EAJ izan zen boto gehien jaso zuena, baina ezker muturreko alderdiek ere goranzko joera argia izan zuten. Emaitzen arabera hasi zen Espainiaren diseinu politiko-instituzional berria lantzen, "La España de las autonomías" deritzotena, alegia.
Eusko Kontseilu Nagusia eta Autonomia Prozesua
Hori dela eta, Régimen Preautonómico bat egiteko prozesuari ekin zitzaion, 1977ko ekaineko hauteskundeetan Madrilgo Gorteetarako aukeratutako euskal parlamentariak bilduko zituen negoziazio-mahai bat osatuz: Euskal Parlamentarien Asanblada. Asanblada honek erregimen aurre-autonomikorako proiektu bat aurkeztu zuen Madrilen, baina Madrilek baldintza argi bat jarria zuen: Euskal Herriaren lurralde-zatiketa gauzatzea, Nafarroa prozesu horretatik kanpo geratuz.
Horrela, Hego Euskal Herriaren lurralde-zatiketa gauzatu eta erregimen aurre-autonomiko hori martxan jartzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen instituzioa sortu zuten: Eusko Kontseilu Nagusia, Ramon Rubial (PSOE) buru zuena. Eusko Kontseilu Nagusiak erabaki zuen Autonomia Estatutuaren behin betiko proiektua Euskal Parlamentarien Asanbladak idatzi behar zuela, horrela ezker abertzalea prozesu horretatik kanpo utziz. EAJ eta EE, berriz, bete-betean murgildu ziren autonomia-proiektu honetan.
Alkateen Mugimendua eta Herri Batasunaren Sorrera
Autonomia aurreko prozesu honi aurre egiteko, eta Eusko Kontseilu Nagusian partaiderik ez zuelarik, mugimendu alternatibo bat bultzatzeari ekin zion ezker abertzaleak: Alkateen Mugimendua. Bergarako alkateak, Jose Luis Elkorok, Hego Euskal Herriko alkateak deitu zituen autonomia-estatutuaren proposamen bat lantzeko, lurraldetasun eta autodeterminazio eskubideak ardatz hartuta.
Alkateen deialdi honetatik sortu zen, hain zuzen ere, hauteskunde-koalizio berri bat: Herri Batasuna. 1978ko apirilean Altsasun egindako bileran, erreformaren aurkako eta demokraziaren aldeko indarrak biltzeko hauteskunde-koalizio gisa sortu zen Altsasuko Mahaia, eta hilabete batzuk geroago hartu zuen Herri Batasuna izena.