1929ko krisiaren nazioarteko hedapena eta ondorioak
Nazioarteko finantzak
Krisia hedatzeko beste arrazoi bat kapitalen aberriratzea izan zen; horren ondorioz, nazioarteko krisi ekonomikoa eta finantzarioa sortu zen. New Yorkeko burtsaren crack-aren ostean, Estatu Batuek munduko beste leku batzuetara kapitala esportatzeari utzi zioten eta lehenago inbertitutako kapitalak itzultzea eskatu zuten. Kapitala erruz aberriratu zen hurrengo urteetan, eta horrek hondamendia ekarri zien zorrak zituzten herrialdeei.
Ondorioak munduko gainerako lekuetan
Krisiaren hedapenak mundu osoan izan zuen eragina, baina herrialde batzuek beste batzuek baino gehiago pairatu zituzten haren ondorioak: hain zuzen ere, industria-potentzia handiei lehengaiak saltzen zizkieten herrialdeek eta Amerikako Estatu Batuetako kredituen eta inbertsioen mende zeuden Europako herrialdeek.
Lehengaiak esportatzen zituzten herrialdeak
Nekazaritza-ondasunak eta mea-baliabideak esportatzen zituzten herrialdeek pairatu zituzten krisiaren ondoriorik lazgarrienak eta suntsitzaileenak. Lehen mailako produktuen prezioak %55 jaitsi ziren 1933an, eremu industrializatuetako eskaria murriztu zelako. Herrialde horien artean, atzeraldiaren ondorioak gehien pairatu zituztenak hauek ziren:
- Ekialdeko Europako herrialde guztiak.
- Latinoamerikako herrialde gehienak.
- Txina eta Asiako hego-ekialdeko herrialdeak.
Esportazioen erorketak sortutako kalteez gain, maileguak eta kanpo-inbertsioak murriztu egin ziren, eta horrek herrialde horien zorra areagotzea ekarri zuen: horrenbestez, ekonomiak hondoa jo zuen, eta lehengaien esportazioa ez beste hautabide batzuk bilatu behar izan zituzten.
Ondorioak Europako ekonomia industrializatuetan
Europan, maileguen eta inbertsioen aberriratzearen ondorioak gehien pairatu zituzten herrialdeak Estatu Batuetako kredituak eta inbertsioak baliatzen zituztenak izan ziren; hau da, Mendebaldeko Europako herrialdeak.
Alemania eta Austria
Krisiak ondorio lazgarriak izan zituen bi herrialde horietan. Alemaniaren egoera ekonomikoa kolokan zegoen. Izan ere, 1920ko hamarkadan bertako enpresek gora egin zuten, baina Britainia Handiko eta Estatu Batuetako inbertsioei esker izan zen; gainera, kredituen mende zegoen gerra-ordainak ordaintzeko. Alemaniako ekonomiaren beherakada agerian jarri zen jada 1928an, maileguen fluxuak behera egin zuenean.
vasco con un tamaño de 2,38 KB