1929ko kraka eta Depresio Handia: New Deal-aren sorrera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,04 KB

1929ko “kraka” eta “New Deal”-a

1. Burtsaren “krak”-etik Depresio Handira

Akzionista askok bazekien akzioen kotizazioa akzioen benetako balioa baino askoz ere handiagoa zela eta hauen goranzko ibilbidea ez zela betiko izango.

Inbertitzaileen artean mesfidantza hedatu zen, eta 1929ko urriaren 24an (ostegun beltza), salmenta uholde erraldoi batek New Yorkeko Burtsa astindu zuen. Bistan denez, guztiak akzioak saldu nahi zituzten, eta inork ez zuen akziorik erosi nahi. Akzioen eskaintza oparoak hauen balioa goitik behera eror zedin eragin zuen, eta honek 1929ko Burtsaren “kraka” abiarazi zuen.

Inbertitzaile askok hondoa jo zuen, eta hiritarren artean izua zabaldu zen, bankuetara beraien dirua ateratzera jo zutelarik. Bankuek, ordea, beraien ateak ixtea beste erremediorik ez zuten izan, partikularrei eta hondoa jo zuten enpresei egindako maileguak kobratu ezin zituztenez funtsik ez zeukatelako. Burtsaren “Krakak” banku askoren porrota bizkortu baino ez zuen egin.

Urte gutxitan, Burtsako krisia zabaldu egin zen industriaren, komertzioren eta nekazaritzaren gehiengora, atzerakada ekonomiko orokorra eraginez (Depresio Handia).

Garai latzak zetozela sinetsita, kontsumoa jaitsi egin zen, eta lantegi askok ixtea beste erremediorik ez zuen izan bere produkzioak saldu ezin zituelako. Langabetuen kopurua (13 milioiraino) hazi zen 1932an, eta familia askok miseria ezagutu zuten. Bizitzeko, karitate publikora jo behar izan zuten.

Estatu Batuetatik mundu zabalera barreiatu zen krisia. Banku estatubatuarrek atera egin zituzten Europako bankuetan gordailuan zeuzkaten kapitalak, eta Estatu Batuetako enpresek herrialde hauetatik kendu egin zituzten beraien inbertsioak. Era berean, Amerikako inportazioak goitik behera erori ziren, eta, ondorioz, munduko merkataritzak atzerakada nabarmena izan zuen, krisia mundu osora zabaldu zelarik.

2. Krisiaren aurkako borroka: New Deal delakoa

Depresio Handiaren urterik gogorrenetako batean, 1932an, Franklin D. Roosevelt demokratak irabazi zituen hauteskundeak. Presidente berriak New Deal zeritzon egitasmo berria proposatzen zuen, susperraldi ekonomikoa bultzatzeko eta herrialdea krisi egoeratik ateratzeko. New Deal (banaketa berria) delakoak Estatuaren esku-hartzea onartzen zuen ekonomia sustatzeko.

Erreforma ekonomiko eta sozialak

Prezioen gainbehera geratzeko eta enpresen jarduna suspertzeko, New Deal egitasmoak hainbat neurri ekonomiko proposatu zituen:

  • Zailtasunak zeuzkaten enpresei laguntzak ematea.
  • Inbertsio pribaturik ez zegoen sektoreetan enpresa publikoak sortzea.
  • Pilatuta zeuden nekazaritzako stocken suntsiketa.

Gainera, bankuen gaineko kontrola ezarri zuen Estatuak, hauek interes baxuko maileguak ematera behartuz; modu honetan, enpresariak beraien negozioak handitzera edo berriak sortzera behartzen zituzten.

Neurri ekonomiko hauekin batera, gizarte mailako hainbat erreforma ere onartu ziren:

  • Langabeziari aurre egiteko, lan publikoen plan erraldoiaren gauzatzea bultzatu zuen Estatuak (errepideak, urtegiak, zubiak…).
  • Langileen erosteko ahalmena handitu asmoz, abian jarri zen nekazaritzako prezioak laguntzeko eta soldatak handitzeko politika.
  • Aste osoko lanaldia 40 lan ordutara murriztu zen.

Neurri hauen guztien eraginez, Estatu Batuetako ekonomiak goranzko bidea hartu zuen, eta langabetuen kopuruak nabarmen egin zuen behera. 1934an, produktibitatea 1929ko mailara iritsi zen, eta errenta nazionalak goranzko bidea hartu zuen, lau urteko beheranzko joera etenez.

Hobekuntzak hobekuntza, krisi egoera ez zen gainditu Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen arte. Orduan, gerran parte hartzen zuten herrialdeen berrarmatzeko eta ekipatzeko beharrak zirela-eta, Estatu Batuak bilakatu ziren gerrako aliatuen hornitzaile nagusiak.

3. Krisia hedatzea: Depresio Handia

Krisia Estatu Batuetatik Europara eta Asiako eta Latinoamerikako herrialdeetara zabaldu zen 1930 eta 1931 artean. Horrela hasi zen Depresio Handia. Bizitzako eremu guztietan islatu zen historiako ekonomia-krisirik handienetakoa izan zen 1929koa:

  • Ekonomian: Eskaria murriztean, jaitsi egin zen nekazaritzako eta industriako ekoizpena, eta kanpo-merkataritza ere urritu egin zen, protekzionismoa orokortu zenez gero.
  • Biztanlerian: Hazkundea gelditu eta ozeanoz haraindiko migrazioa jaitsi egin zen, herrialde hartzaileek sarrerak mugatu egin zituzten eta, barruko langabezia murrizteko.
  • Gizartean: Hazi egin ziren langabezia eta gizarte-desberdintasunak, eta mendearen bigarren hamarkadako giro baikorrak lekua egin behar izan zien giro ezkorrari eta aurrerapenerako konfiantzarik ezari.
  • Politikan: Depresioak sistema kapitalistaren kontrako jarrera piztu zuen erdiko klaseetan eta langileengan, eta komunismoaren aldeko giroa piztu zuen langileen artean; eta totalitarismo edo autoritarismoaren aldekoa erdiko klaseetan.

Entradas relacionadas: