1876ko Foruak Indargabetzeko Legea: Analisia eta Testuingurua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,82 KB
1876ko uztailaren 21eko Foruak Indargabetzeko Legea
Sailkapena
Aurrean dugun testua 1876ko uztailaren 21ean argitaratutako legea da. Legea izanik, testu juridiko bat dela esango genuke, eta gai politiko zein soziala lantzen du, zehazki Euskal lurraldeetako foruei buruz hitz egiten du. Garaiko Gorteek idatzi zuten, Cánovas del Castillo gobernuburu zenaren gobernupean, eta Alfontso XII.a Espainiako erregeak berretsi zuen, ondoren herritarrei zuzendua izateko, batez ere Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleei.
Esan bezala, lege honek foruei buruz hitz egiten du, bere helburu nagusia hauek indargabetzea izanik.
Analisi zehatza
Sarrera gisa, lehenengo paragrafoan argi uzten du Alfontso XII.a dela erregea eta Konstituzioarekin bat eginez agintzen duela. Ondoren, zehazten du Gorteek idatzi dutela lege hau eta erregeak berresten duela.
Legearen artikulu nagusiak:
- Lehenengo artikulua: Zerbitzu militarra zein zergekin betetzeko betebeharra salbuespen gabe zabalduko da Espainiako biztanleria guztiari, “eskubide konstituzionalak” baitira. Horrela zabaltzen da “Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei... gainerako biztanleei bezalaxe”.
- Bigarren artikulua: Zerbitzu militarreko arloan sakontzen du, eta kinto sistema ezarriko dela dio euskal lurraldeetako erreklutamendurako.
- Hirugarren artikulua: Arlo fiskala lantzen du, esanez gainerako espainiarrek ordaintzen dituzten zerga berberak ordaintzera behartuko zaiela euskal probintziei, bakoitzari dagokion proportzioan.
Azkenik, amaierako paragrafoan, bide ematen zaie Gorteei behar diren aldaketak aurrera eramateko euskal foru erregimenean, denon ongizatea bermatzeko: “euskal herrien ongizateak nahiz nazioaren gobernu onak eta segurtasunak eskatzen dituzten erreformak”.
Testuinguru historikoa
Testuinguruari dagokionez, Hirugarren Gerra Karlistaren amaieran kokatuko genuke. Hirugarren Gerra Karlista, Amadeo Savoiakoaren erregealdian hasi zen, 1872an. Amadeo Savoiakoa Italiar jatorriko noble bat zen, 1868ko Iraultzaren ostean, errege baten absentzia zegoenez, Espainiako errege izateko hautatua izan zena. Ordea, honen erregealdiak ez zuen denbora luzetan iraun, Espainiako herritarrek ez baitzuten errege gisa nahi.
Gerra Karlistaren arrazoi nagusiak:
- Amadeoren erregealdia.
- Katolizismoa bultzatzea (izan ere, '69ko Konstituzioak kultu askatasuna zabaltzen zuen, eta Karlistek ez zuten halakorik onartzen).
- Carlos Maria Isidro soilik onartzen zuten errege gisa.
Karlistek erlijioa eta sistema tradizionala defendatzen zituzten; beraz, foruen aldekoak ziren. Ordea, nahiz eta euskal lurraldeetan gehiengo baten bultzada izan, jada 1875ean posizioak galtzen hasi ziren Katalunia inguruan, eta 1876an isabeldarrak Lizarran sartzearekin batera, Karlistek gerra galdutzat eman zuten.
Tarte horretan Espainiako Lehen Errepublika ezarri zen, oso ezegonkorra izanik. Gobernu eta altxamendu ezberdinak pairatu ondoren, Martínez de Campos jeneralak Borboitarren itzulera erreklamatu zuen, eta horrela 1874an Alfontso XII.a, Isabel II.aren semea, Espainiako errege gisa izendatua izan zen. Gerra amaituta eta liberalen garaipenarekin, Alfontso XII.aren erregealdiko lehen gobernuburuak, Cánovas del Castillok, lege hau proposatu zuen, euskal lurraldeetako foruak deuseztatzeko.
Ondorioak eta eragina
Testuak garrantzi handia izan zuen euskal lurraldeetan, galera handia ekarri baitzuen, eta gerora, euskal nazionalismoaren sorreran eragingo luke. Nahiz eta foru erregimena indargabetzeko azken pausoa izan zen, gerora, 1878an, Kontzertu Ekonomikoak sortu ziren, euskal lurraldeei autonomia fiskal-administratiboa eman ziena eta gaur egun arte iraun duena.