1839ko urriaren 25eko legea

Enviado por makingfillings y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,12 KB

Testu juridikoa da, lege bat hain zuzen. Testua ez dago osorik, legearen sarrera eta lehenbiziko bi artikuluak azaltzen zaizkigu. Egileak Madrilgo Gorteak dira. Maria Kristinaren erregeordetzaren garaian ateratako legea da, Lehen Gerra Karlista irabazi ondoren. Gerra horretako operazio militarrak, Euskal Herrian, 1839ko iraileko Bergarako Itunean bukatu ziren. Hitzarmen hori Espartero jeneral liberalaren eta Maroto karlisten buru militarraren arteko Bergarako Besarkadarekin aurkeztu zuten. Kontuan hartu behar dugu hau guztia testua aztertzerakoan: besarkada eta hitzarmen batekin bukatu zela gerra. 1839ko lege hau Euskal Herriari zuzenduta dago.


Lege hau Lehen Gerra Karlistaren ondoren etorri zen. Gerra honetan karlistak eta liberalak borrokatu ziren. Liberalek estatu konstituzional eta zentralista bat eraiki nahi zuten, eta karlistek erregetza tradizionalari eutsi. Euskaldun gehienak Karlosen alde atera ziren gerrara, Foruak gordeko zituzten esperantzarekin. Baina armada liberalari asko kostatu zitzaion gerran garaipen erabakigarria lortzea. Bestalde, karlistak ere ohartzen ziren gerra irabazteko aukerarik ez zeukatela. Gerra asko luzatzen ari zen, zazpi urte, eta armada bateko zein besteko buruzagien artean negoziatzen hasi ziren. Militar liberalek Foruen aldeko aipamen batzuk egin zituzten, euskaldunak Karlosen bandotik aldentzeko. Horregatik, Euskal Herrian Gerra Karlista Bergarako Besarkadarekin bukatu zen.

Bergarako Besarkadaren ondoren, Madrilgo Gorteek lege hau atera zuten, Euskal Foruak aldatzeko, hain zuzen. Handik gutxira, iragarritako aldaketak gauzatzen joan ziren: foru-baimena eta Batzar Nagusiak deuseztatu zituzten, beraz Espainiako gorteetako legedia inolako baldintzarik gabe aplikatuko zen. Aduanak ere kostaldera eta Frantziako mugara eraman zituzten. Alkateak konstituzioaren arabera aukeratuko zituzten. Espainiako Gorteetara diputatuak eta senatariak bidaltzeko obligazioa ezarri zuten. Aldaketak euskal probintziei entzun gabe egin zituzten, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako probintzietako ordezkariek kontrako jarrera izan baitzuten, eta ez baitzuten aldaketa bakar bat ere onartu. Nafarroako ordezkariek, ostera, onartu egin zuten aldaketak Madrilgo gobernuarekin tratatzea, eta hala, 1841ean, Madrilgo gobernuarekin negoziatu ondoren, Nafarroako Diputazio liberalak Lege Hitzartua delakoa atera zuen.

Horrela, soldadutzarako zozketak, aduanak Frantziako mugara eramatea eta estatuari diru-kopuru bat ordaintzea onartu zuten. Ordainketa hau arautzeko, Konbenio Ekonomikoa sinatu zuten Nafarroako ordezkariek eta Madrilgo agintariek. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, ordea, lege hau beste modu batera aplikatu zen. Zergak ordaintzeko obligaziorik ez zegoen, baina estatuak dirua eskatzen zuenean, diputazioek borondatezko “opari” moduan ematen zioten. Nahitaezko soldadutzarik ere ez zuten onartu, baina, Espainiaren kanpaina militarretan parte hartzeko, diputazioek ordaindutako soldadu boluntarioak bidaltzen zituzten.

1843an Esparteroren aurkako altxamendua gertatu zenean, diputazio probintzialek ihes egin zuten eta haien ordez diputazio foralak antolatu zituzten. Foruen berrezartze hau ez zen Madrilgo moderatuen oso gustuko izan, baina hala ere Isabel II.Ak Foruen elementu batzuk berrezarri zituen: udalbatzak sistema foralaren arabera aukeratuko ziren, eta Batzar Nagusiak eta diputazio foralak ere bai; eskumen gutxiagorekin, hala ere. Ordutik aurrera, eta Isabel II.Aren kanporatzea gertatu arte (1868an), euskal probintziak nahiko ondo konpondu ziren Madrilgo agintariekin. Baina hala ere euskaldun askok sistema forala bere osotasunean berreskuratu nahi zuten, eta 1872an Hirugarren Gerra Karlistari ekin zioten.


Entradas relacionadas: