Zizeron: Erromako Prosa Klasikoaren Azterketa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,75 KB

Prosa Klasikoa: Zizeron

Erromako literaturan, hainbat genero aurki ditzakegu prosan: oratoria, filosofia, historiografia, eleberria eta abar. Kapitulu honetan, Erromako prosa-idazle garrantzitsuenetako bat aztertuko dugu: Zizeron (K.a. 106-K.a. 43). Hiru generoei helduko diegu: Epistolografiari, Filosofiari eta Oratoriari.

Epistolografia

Gutunaren generoa da. Zizeronez gain, beste hainbat autorek praktikatu zuen genero hau: Plinio Gazteak, adibidez. Zizeronek ehunka gutun idatzi zituen, mota guztietakoak: pribatuak zein ofizialak. Haietatik 800 inguru heldu zaizkigu, garai hartako Erromako gizartea ezagutzeko baliagarriak direnak. Estiloari dagokionez ere, balio handikoak dira. Izan ere, Zizeronen liburuetako eta gutunetako estiloak desberdinak dira; gutunetako estiloa zaindua bai, baina liburuetakoa baino arinagoa da: lagunarteko esamolde eta hitzak ageri dira, hipokoristikoak, txikitzaileak, helenismo ugari...; Zizeronen liburuetakoa ez bezalako idazkera eskaintzen digute, erregistro pribatuago eta familiarrago batean.

Filosofia

Zizeronek jorratu zuen beste prosa-genero bat da. Hainbat filosofia-tratatu idatzi zituen: De legibus (Legeei buruz), De republica (Errepublika), De amicitia (Laguntasunari buruz) eta abar. Platonek bezala, elkarrizketaren teknika erabili zuen tratatuetan. Esan beharra dago Zizeronek filosofia grekoari jarraitu ziola: Platonen eta –batez ere– estoikoen ideiak hartu eta azaltzen ditu bere obretan. Greziako filosofia jasotzea eta latinezko filosofia-lexiko tekniko bat garatzea izan ziren Zizeronen ekarpen garrantzitsuenak arlo honetan.

Oratoria

Jendaurrean hitzaldiak emateko artea da Oratoria, entzuleak hunkitzea edo gogoratzea helburu duena; diskurtsoaren generoa da. Diskurtsoari buruz hitz egitean, Oratoria eta Erretorika bereizten dira:

  • Erretorika: diskurtsoak idazteko eta ahoz emateko teknikak aztertzen dituen arloa da.
  • Oratoria: diskurtsoak idazteko eta ahoz emateko praktika da.

Hala, Zizeronek generoaren bi adarrak landu zituen. Alde batetik, erretorika-tratatu teoriko batzuk idatzi zituen: De oratore eta Brutus dira aipagarrienak; beste alde batetik, diskurtso ugari idatzi eta eman zituen.

Oratoriako Estiloak

Bi estilo mota bereizten ziren Oratorian: eskola atizista eta eskola asianikoa. Zizeronek ez omen zion ez batari ez besteari jarraitu; hau da, berak esaten zuen estilo dotore eta puztuaren alde zegoela, baina gehiegikeriarik gabe. Helburuetara eta egoerara moldatzen zuen diskurtsoa:

  • Epaietako diskurtsoetan estilo apalagoa erabiltzen zuen.
  • Diskurtso politikoetan, berriz, estilo puztuagoa.
  • Herriarentzakoetan, latin garbiagoa erabiltzen zuen.
  • Senatuarentzakoetan, berriz, helenismo gehiago sartzen zituen.
Zizeronen Garrantzia Prosan

Hasieran esan dugunez, Erromako prosista garrantzitsuenetakoa dugu Zizeron: haren diskurtsoak oratoriaren adibide bikainak dira; idatzi zituen tratatu erretorikoak guztiz garrantzitsuak dira oratoriaren generoaren ezaugarriak eta historia ezagutzeko, eta estilo dotore eta erakargarrian idatzita daude; gutunak, berriz, erregistro lagunartekoagoan idatzi zituen, baina dotorean, betiere.

Zizeronen Eragina Literaturan

Zizeronek eragin handia izan du Literaturan: Liviorengan eragina izan omen zuten Historiografiari buruzko Zizeronen ideiek; Kintilianok, erretorika-maisuak, idazle handienen artean jarri zuen; Erdi Aroan, idazle kristau askok irakurri zuten, eta haren eragina jaso: Agustin, Jeronimo...; Errenazimenduan, handitu egin zen eragina. Beraz, sekulako garrantzia izan du.

Entradas relacionadas: