Zirkulazio Sistema: Odola, Bihotza eta Linfaren Funtzioak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,46 KB
1. Zer da Zirkulazio Sistema?
Digestio-sistemak lortutako mantenugaiak eta oxigenoa zelulek jaso ditzaten, sistema kardiobaskularrak odola zirkulatzen du. Zelulek likido interstizialetik hartzen dituzte mantenugaiak eta hondakinak bertan isurtzen dituzte. Likido interstiziala odol-plasmatik sortzen da, eta drenatze-sare batek linfa osatzen du.
Beraz, zirkulazio-sistemak bi osagai nagusi ditu:
- Sistema kardiobaskularra: Bihotza eta odol-hodiak.
- Linfa-sistema: Gongoil linfatikoak eta linfa-hodiak.
2. Odola, Bizia Ematen Duen Ehuna
Odola, ehun konektiboa
Odola ehun konektibo mota bat da. Likido likatsua eta gorria da, zati likido batez eta odol-zelula mota desberdinez osatua. Zelula horiek hezur batzuen barruko ehun batean eratzen dira.
Odolaren osagaiak:
- Plasma: Likido horia da, urez osatuta dago, eta bertan disolbatzen dira hainbat substantzia.
- Plaketak: Zelula zatiak dira; odola koagulatzea da haien funtzioa.
- Globulu gorriak (Eritrozitoak): Ez dute nukleorik, hemoglobina daukate eta oxigenoa garraiatzen dute.
- Globulu zuriak (Leukozitoak): Nukleoa dute, eta agente patogenoetatik edo substantzia arrotzetatik babestea dute helburu.
3. Nolakoa da Odola Ponpatzen Duen Organoa?
Bihotzaren egitura
Bihotza ukabil baten tamainako organoa da, bularraren erdian kokatua, pixka bat ezkerrera.
- Perikardio izeneko mintz batez inguratuta dago.
- Miokardio izeneko muskulu-ehunez osatutako horma sendoak ditu.
Bihotzaren barnealdea lau ganberatan banatuta dago:
Bihotzaren Ganberak
Bi Aurikula:
- Goiko barrunbeak dira.
- Pareta finak dituzte, eta haietara iristen da bihotzean sartzen den odola.
- Organoetako odola kaba zainaren bidez eskuineko aurikulara itzultzen da, biriketako odol oxigenatua ezkerreko aurikulara biriketako zainetatik iristen den bitartean.
Bi Bentrikulu:
- Beheko barrunbeak dira.
- Paretak lodiagoak dituzte.
- Odola bentrikuluetatik ateratzen da bihotzetik: ezkerrekoak aortara ponpatzen du gorputz osora, eta eskuinekoak biriketara bidaltzen du biriketako arteriatik oxigenatzeko.
Balbulak eta Taupada
- Balbula trikuspidea: Eskuin-aurikula eta eskuin-bentrikuluaren arteko komunikazioa ahalbidetzen du.
- Balbula mitrala/bikuspidea: Ezker-aurikula eta ezker-bentrikuluaren arteko komunikazioa ahalbidetzen du.
- Taupada: Bihotzak emandako kolpe erritmiko bakoitza.
4. Odola Nondik Nora Doa?
Odol-hodiak
Odol-hodiak sistema itxia osatzen dute, eta hiru mota daude:
- Arteriak: Odola bihotzetik organoetara eramaten dute. Paretak malguak eta sendoak dituzte, eta muskulu-geruza lodi bat daukate. Arteriak arteriola izeneko hodi meheagotan bihurtzen dira.
- Kapilarrak: Hodi oso meheak dira. Odola eta zelulen arteko substantzia-trukeaz arduratzen dira. Kapilarrak zaintxo izeneko hodiekin konektatzen dira.
- Zainak: Zaintxoak elkartu eta zainak bihurtzen dira. Zainek odola organoetatik bihotzera eramaten dute.
Odol-zirkulazioa
Odol-zirkulazioak ezaugarri hauek ditu:
- Odol-zirkulazio bikoitza: Bi zirkulazio-sistema ditu: Biriketakoa (zirkulazio txikia) eta gainerako gorputzekoa (zirkulazio handia).
- Odol-zirkulazio osoa: Oxigenoan aberatsa den odola ez da karbono dioxidoan aberatsa den odolarekin nahasten.
Zirkuitu motak
- Biriketako zirkuitua (Zirkuitu txikia): Odol oxigeno gutxikoa bihotzetik biriketara doa, oxigenatzeko.
- Zirkuitu orokorra (Zirkuitu handia): Bihotzean oxigenoa hartu duen odola gorputzeko organo eta ehunetara banatzen da.
Eritrozito baten ibilbidea
Zer ibilbide egiten du eritrozito batek birika-arteriatik irten eta eskuin-bentrikulura itzultzeko?
- Birika-arteriatik biriketara doa, karbono dioxidoa askatu eta oxigenoa hartzeko.
- Kapilar birikarioetan oxigenazioa gertatu ondoren, zain birikarioetatik ezker-aurikulura doa.
- Ezker-bentrikulura pasatzen da, eta handik Aortara ponpatzen da.
- Aortatik gorputz osora banatzen da, oxigenoa askatu eta karbono dioxidoa hartuz.
- Zainetatik eskuin-aurikulura itzultzen da, eta azkenik eskuin-bentrikulura pasatzen da.
5. Linfaren Zirkulazioa
Linfa-sistema osatzen dute linfa-hodiek, haietan barrena doan linfak, eta gongoil linfatikoek.
Linfa ornodunen zirkulazioan bakarrik dago, eta odol-kapilarretatik irteten den plasma-soberakinetik sortzen da. Bere konposizioa odolaren oso antzekoa da, baina dauzkan zelula bakarrak gongoil linfatikoetatik datozen globulu zuriak dira.
Kapilar linfatikoek kalibre handiagoko linfa-hodietara eramaten dute linfa. Handik linfa-hodi nagusietara heltzen dira (hodi torazikora eta eskuineko linfa-hodira). Linfa atzerantz joan ez dadin, linfa-hodiek balbula batzuk dauzkate. Era horretan, linfak noranzko bakarrean zirkulatzen du.
Linfa-sistemaren funtzioak
Linfa-sistemak bi funtzio nagusi ditu:
- Ehunak bainatzen dituen zelulaz kanpoko likidoa odol-zirkulaziora itzultzea.
- Odol-plasma mikroorganismotatik libre mantentzea.