Zerga-Likidazioen Jakinarazpena: Prozedura eta Gakoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Derecho

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,28 KB

Likidazio Egintzen Jakinarazpena: Oinarrizko Printzipioak

Tributuen Lege Orokorraren 102. artikuluak arautzen du likidazio-egintzen jakinarazpena. Orokorrean, zuzenbide publikoan gertatzen den bezala, likidazio-egintzak eragingarriak izateko jakinarazi egin behar dira. Auzitegi Konstituzionalaren (AK) jurisprudentziaren arabera, jakinarazpena administrazio-prozeduraren oinarrizko printzipioa da, defentsa-ezintasuna saihesteko eta defentsa-eskubidea bermatzeko.

Tributuen Lege Orokorraren 102.2 artikuluak agintzen du likidazio-egintzaren oinarrizko osagaiak jakinarazi behar direla, adieraziz, gainera, ordainketaren a) lekua, b) epea eta c) modua. Horretaz gain, adierazi behar da zein errekurtso jar daitezkeen, zein epetan, eta zein den ebazteko organo eskuduna.

Jakinarazpenaren Erregimena eta Berezitasunak

109. artikuluak dio, orokorrean, zuzenbide administratiboko araudia aplikatuko dela. Printzipioz, Administrazio Prozedura Erkidearen araudia aplikatzen da, baina badira berezitasunak, 110. eta 111. artikuluetan jasotakoak.

Jakinarazpen Lekua: Administrazioaren Aukerak

110. artikuluak dio jakinarazpena interesdunak emandako egoitzan egingo dela, berak hasitako prozedura bada. Prozedura ofizioz hasten bada, jakinarazpena egiteko Administrazioak aukera gehiago ditu:

  1. Bere egoitza fiskalean.
  2. Lantokian.
  3. Jarduera ekonomikoa burutzen den tokian.
  4. Helburu horretarako beste leku egoki batean.

Beraz, ofizioz hasten bada, Administrazioak aukera dezake non egin jakinarazpena.

Jakinarazpenaren Hartzailea eta Ondorioak

111. artikuluak dio jakinarazpena interesdunak emandako egoitzan edota egoitza fiskalean egiten bada, egoitzan dagoen edozein pertsonak jaso dezakeela. Postariak bere libretan jaso behar du nork jaso duen. Gainera, jakinarazpena komunitateko atezainari ere egin dakioke. Interesdunak edo bere ordezkariak jakinarazpena zapuzten badu, ulertzen da jakinarazpena gauzatu dela.

Agerpenaren Bidezko Jakinarazpena

112. artikuluak agerpen bidezko jakinarazpena arautzen du. Jakinarazpen mota hau egoitzan bi saiakera egin ondoren edo interesduna egoitza horretan ezezagun gisa agertzen bada egiten da. Kasu hauetan, interesdunari deitzen zaio iragarkia aldizkari ofizialean argitaratuz, organo eskudunaren egoitzara agertzeko.

Iragarkiaren bidezko jakinarazpena egiteko, Administrazioak iragarkia aldizkari ofizialean argitaratzen du: estatukoan, autonomia erkidegoetakoetan (AAEE) edo probintziakoan. Hau hilabeteko 5. eta 20. egunetan argitaratzen da. Iragarkian adierazten da zein prozedurari dagokion, zein den jakinarazi nahi duen organoa, eta interesdunari 15 eguneko epea ematen zaio bertan aipatzen den lekuan jakinarazpena jasotzera agertzeko.

Epe horretan interesduna agertzen ez bada, ulertzen da jakinarazpena egin zaiola. Era berean, prozeduraren hurrengo egintzak jakinarazi zaizkiola ulertzen da, salbu eta likidazio-egintzak eta ondasunak besterentzea erabakitzen duen egintza. Bi kasu horietan, jakinarazpen-prozesua berriz errepikatu behar da.

Gaur egun, jakinarazpenak bide elektronikoen bidez ere argitaratu daitezke (uztailaren 22ko 11/2007 Legea).

Entradas relacionadas: