Zahartzea eta Adinekoen Osasuna: Gida Osoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 17,46 KB

Zergatik zahartzen gara?

Zahartze-prozesua denboraren poderioz gertatzen diren aldaketa biologiko eta psikologikoekin dago lotuta, baita giza harremanekin ere.

Zer adinetatik aurrera esaten diogu 'adineko'?

  • Kulturak baldintzatzen du.
  • Pertsona batetik bestera aldatu egiten dira.
  • Denborak ekarritako aldaketak ezberdinak dira abiaduran eta tipologian.

Hauek hartuko ditugu kontuan: adin kronologikoa, adin biologikoa, adin psikologikoa eta adin soziala.

Zahartzearen bi eredu

Degradazioa

Pertsona bukatua, kaikua, babesgabea, ajeatua.

Goratzea

Pertsona zuhurra, beneragarria, jakituna.

Baina, egia esateko, askotariko egoerak daude adineko pertsonen artean.

Gizabanakoaren eta ingurunearen araberako faktoreak

  • Bizitzaren gorabeherak (hauek eragina izango dute)
  • Bizitzaren eta zahartzearen aurrean dugun jarrera.
  • Egokitzeko gaitasuna (galeren kudeaketa).

Zahartzearen gaineko beste eragile batzuk

  • Herentzia genetikoa
  • Lotura familiarrak
  • Egoera ekonomikoa (diru-laguntzak eskuratzeko aukera, etxea egokituta izatea...)
  • Giza harremanak: aktibitatea eta besteei laguntzeko balio izatea
  • Osasun-egoera: autonomia eta mugikortasuna
  • Interesak eta motibazioak

Beraz, lehen, urteengatik hondamena zekarren aroa besterik ez zen zahartzaroa; gaur egun, ostera, bizitzako beste aro bat dela esaten da, zeinetan alde positiboak ere baitaude, gaitasun batzuk galtzen badira ere.

Zahartze patologikoa vs. Zahartze aktiboa

  • Zahartze patologikoa: Zahartze-prozesuaren gaitzek eragina dute gizabanakoen eguneroko jardueretan.
  • Zahartze aktiboa: Gizabanakoak osasunari, gaitasunei eta autonomiari eusten die.

Galerak izanda ere, ilusioak, motibazioa eta bizi-kalitatea izaten ditu.

Zahartze-prozesuak aldaketa fisikoak eta psikologikoak dakarzkigu, baita gizarte-mailakoak ere.

Aldaketak hiru esparrutan gertatzen zaizkigu:

  • Gorputzaren zahartze-prozesua
  • Adimenari dagozkion aldaketak
  • Aldaketak giza harremanetan, bizi-kalitatean eta autonomian.

Dakigunez, zahartzea ez da gaixotasuna edo desgaitasuna.

Aldaketa fisikoak, psikologikoak eta sozialak

Aldaketa biologikoak dira. Maila psikologikoan eta giza harremanetan ere eragina dute.

Zer aldaketa ikusten dugu?

  • Azala zimurtu, masailak eta begiak sartu, sudurra eta belarriak handitzen dira, kokotsa nabarmentzen da eta ezpainak leuntzen dira.
  • Ilea zurtzen da eta bizitasuna galtzen da.
  • Begi-lausoak garatzen dira: ikusmen-arazoa da, zeinetan kristalinoa iluntzen den eta ikusmena lausotzen den.

Aldaketa sentsorialak

  • Presbizia eta miopia: aldaketei egokitzeko zailtasunak izatea.
  • Presbiakusia edo entzumenaren gaitasuna txikitzea.
  • Usaimena eta dastamena neurri batean galtzen dira.

Giharretako eta hezurretako aldaketak

  • Indarra galdu, gorputza aldatu eta pisua ere galtzen da; hezurretan kaltzioa eta beste mineral batzuk murrizten dira.
  • Ibilera: motela eta kili-kolo.
  • Artikulazioak: higatu egiten dira, eta mugikortasuna galtzen da.

Aldaketa fisiologikoak

  • Bihotza ez da lehen bezain eraginkorra: odol gutxiago punpatzen du eta horren ondorioz, handituz doa.
  • Zainak estutu eta malgutasuna galdu.
  • Giltzurrun eta gernu-maskuriaren ahalmena galdu.
  • Heste-igarotzea moteltzen da.
  • Murtxikatzeko zailtasunak.
  • Nahasmendu endokrinoak daude: nerbio-sistema eta prozesu immunologikoak moteltzen dira.

Aldaketa psikologikoak

Pertsonaren araberakoak izaten dira.

Ez dugu galerez hitz egiten, galeren aurrean egokitzeko gaitasunaz baizik.

Hori horrela:

  • Hizkuntzan, ulermenean eta arrazonamenduan nabarmendutako galerak txikiagoak dira zentzumen- eta mugimendu-gaitasunetan eta memorian izaten direnak baino.

Galerak hirugarren adinean izaten dira.

Bat-bateko oroimenean edota hurbileko memorian zailtasunak izaten dituzte.

  • Egoera berriei erantzun egokia emateko zailtasunak dituzte.

Arrazoibideak, ulermena eta adimena hobeto irauten dute.

  • Buruaren aktibitatea moteltzen da eta erantzuteko denbora luzatzen da. Ikasteko gaitasunari eusten diogu, baina beste ezaugarri batzuekin.

Gizakiak interes eta behar sexualak ditu jaiotzen denetik hiltzen den arte.

Gazte-denboretako kontuak direlakoan, erreprimitu egiten dira.

Desira sexualari eutsi egiten zaio.

Sexu-harremanetarako interesa mantentzen da, baina patologiak agertzen dira.

  • Bikotea galdu dezakete.
  • Beren buruaz irudi negatiboa izaten dute.
  • Informazio-gabezia dute.
  • Gizarteak ezarritako estereotipoak onartzen dituzte.

Nortasuna ere ez da aldatzen bizitzan zehar, eta eragina du zahartze-prozesuan.

Nortasunak, onerako edo txarrerako, pertsonaren aldartea baldintzatuko du, ongizate subjektiboa; azken batean, osasun psikologikoa babestuko du, eta urteen joan-etorriak eragindako aldaketak onartzeko eta haietara egokitzeko gaitasuna.

Nortasunarekin batera, beste zenbait faktore ere kontuan izan behar ditugu:

  • Osasun-egoera eta psikopatologiarik eza
  • Kultura maila
  • Jarduera fisikoa eta mentala
  • Kanpoko estimuluak: interesak eta motibazioak
  • Giza harremanak

Aldaketak gizarte-harremanetan

Aldaketa batzuk denboraren ondorioz suertatzen dira:

  • Alarguntza
  • Lagunen heriotza

Beste batzuk gizarte-mailako aldaketen ondorioz:

  • Erretiroa
  • Seme-alabak emantzipatzea

Giza harremanetan, funtsezkoak dira lehenagoko harreman sozialak. Harremanetarako ahulezia egon bada helduaroan (bakarrik egoteko joera, alkoholismoa, familiako arazoak...), hirugarren adinera heldu orduko jendearekiko loturak hautsita egongo dira.

Erretiroa

Zer dakar erretiroak?

  • Klase sozialez jaistea
  • Aisialdi gehiago izatea
  • Laneko harremanak galtzea
  • Diru-sarrera gutxiago izatea

Heriotza sozialaz ari gara, gizartean eta sare sozialetan parte hartzeko aukerak murrizten direlako.

Zer da heriotza soziala?

Heriotza sozialean zenbait sentimendu eta egoera batzen dira: isolamendua, bakardadea, mendekotasuna...

Sare sozialak

Zertaz ari gara sare sozialez hitz egiten dugunean?

Familia-harremanak. Bikotea, seme-alabak...

  • Aitona-amonen eginkizuna. Aldatuz doa. Laguntza izatetik zama izatera pasatzen da (eta zahar-egoitza batean ingresatzeko asmoa sortzen da).
  • Gizarte-loturak. Galera izaten da, lankideena, esate baterako. Hil ere egiten dira beste batzuk: bizi osoko lagunak, auzokideak, senideak..., baina egia da berriak ere egin daitezkeela, egoera berriaren aurrean hartzen dugun jarreraren arabera.

Zahartzeak ez dakar, berez, gaixotasuna edo desgaitasuna; hala ere, ahulago bihurtzen gara.

Zahartze patologikoa

Zenbat eta zaharrago, gaixotzeko arriskua handiagoa da. Gainera, gaixotasunak kronifikatu egin daitezke, bizi-kalitatea murriztuz.

Batzuetan, patologiek adineko pertsonengan dituzten ondorioak kaltegarriagoak izaten dira gaixotasuna bera baino, beren autonomia funtzionala edo soziala galtzen baitute. Koadro horiei sindrome geriatrikoak deritze.

Sindrome geriatrikoak ez dira zahartzearen ezinbesteko ondorioak, eta, gainera, artatu egiten dira.

Hiru maila bereizten ditugu:

  1. Adineko pertsona osasuntsua. Autonomiari eusten dio, EBOJak (Eguneroko Bizitzako Oinarrizko Jarduerak) nahiz EBJlak (Eguneroko Bizitzako Jarduera Instrumentalak) zailtasunik gabe egiten ditu.
  2. Adineko pertsona ahula. Gaixotasun batek adineko pertsona bat ahultzen duenean, ez du oraindik mendekotasun handirik; neurri batean, bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak egiten ditu.
  3. Adineko pertsona geriatrikoa. Gaixotasunen ondorioz, desgaitasuna eta mendekotasuna ditu.

Adineko pertsona gaixoen sindrome geriatriko nagusiak

  • Mugitzeko ezintasuna
  • Gernu-ihesa
  • Insomnioa
  • Depresioa
  • Buru-nahasmenduak
  • Uzki-esfinterreko ihesa
  • Idorreria larria
  • Ibiltzeko arazoak (sarritan, erortzeko aukera)
  • Infekzioak
  • Malnutrizioa
  • Ikusmen eta entzumen-nahasmenduak

Adineko pertsonen patologiak

Adinak ez du zertan gaixotasuna ekarri ezinbestean; hala ere, adinean aurrera joan ahala, gaixorik izateko arriskua handituz doa.

Hori horrela, hauxe izan behar dugu kontuan:

  • Aurretiko osasun-arazoak: hipertentsioa, osteoporosia, diabetesa...
  • Ohitura ez-osasungarriak: jateko ohitura desegokiak, sedentarismoa, tabakismoa...
  • Arazo psikosozialak: bakardadea, alarguntza, diru-falta, etxebizitza kaskarra izatea...

Zenbait patologia

Larrienak edo mendekotasuna eragin dezaketenak —eta, beraz, teknikariek ezagutu beharrekoak— honako hauek dira:

  • Istripu zerebrobaskularra - GHI (Garuneko Hodietako Istripua)
  • Bihotzeko gaixotasunak
  • Pneumonia
  • Biriketako gaixotasunak (Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa - BGBK)
  • Diabetesa
  • Artrosia
  • Aldakako haustura
  • Minbizia
  • Deliriuma edo nahasmendu-sindrome akutua
  • Parkinson-en gaixotasuna
  • Alzheimer-en gaixotasuna

1. Istripu zerebrobaskularra

GHI (Garuneko Hodietako Istripua) edo iktusa.

Hainbat ondorio izan ditzake: heriotza, ondorio konponezinak edo konpon daitezkeenak.

2. Bihotzeko gaixotasunak

Disfuntzioak eta desgaitasunak eragiten dituzte.

Arruntenak hauek dira:

  • Gutxiegitasun kardiakoa. Bihotzak ez du gorputzak behar beste odol punpatzen.
  • Bularreko angina. Bularreko estutasuna ahalegin fisikoa egitean, bihotzak huts egitearen ondorioz.
  • Bihotzekoa. Odol-isuriaren faltagatik, bihotzeko paretetan kalteak eragiten dira.
    Seinaleak: min bizia eta luzea, arnasestua, zorabioa, botagura, izerdi hotza...
  • Arritmia. Bihotzaren erritmo-aldaketak. Batzuetan, arnasestua, mina eta palpitazioak.
Zaindu beharrekoak
  • Tabakismoa
  • Obesitatea
  • Jarduera fisikorik eza (sedentarismoa)
  • Ahalegin handi-handiak edo luzeak
  • Kolesterola
  • Hipertentsioa
  • Diabetesa

3. Pneumonia

Biriketako inflamazioa.

4. Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK)

Arnasa hartzeko zailtasuna. Ez dago sendatzerik, eta zenbait gaixotasun biltzen ditu:

  • Bronkitis kronikoa. Bronkioen inflamazioa. Sintomak: eztula eta espektorazioa.
  • Enfisema. Biriken albeoloak hondatzea. Sintoma: arnasa hartzeko zailtasunak.
  • Asma. Bronkioek dituzten espasmoak txikitzen dira, eta arnasa hartzeko zailtasunak eragiten.

Biriketako gaixotasunetan, ezinbestekoa da tabakoaren kea saihestea.

Gripearen txertoa urtero jarri behar dute. Gripearekin batera, pneumoniak heriotza asko eragiten ditu adineko pertsonen artean.

5. Diabetesa

Gorputzak behar baino intsulina gutxiago ekoizten du. Adinarekin eta obesitatearekin lotuta dago.

Sendatzeko edo prebenitzeko, ezinbestekoak dira:

  1. Ariketa fisikoa
  2. Dieta orekatua
  3. Sendagaiak

Konplikazioak:

  • Giltzurrunetako gaixotasuna
  • Erretinopatia
  • Oinetan arazoak
  • Nahasmendu baskularrak
  • Hipogluzemia (glukosaren beherakada)
  • Disfuntzio sexualak

6. Artrosia

Artikulazioetako kartilagoen degenerazioa da.

7. Aldakako haustura

Izterrezurren buruak hautsi egiten dira hezurren desmineralizazioagatik (osteoporosia).

Ebakuntza behar du, baita errehabilitazioa ere.

Istripuak ekiditeko, ingurunea (etxebizitza) egokitu behar da (ohearen altuera, oztopoak, argiak, oinetakoak, alfonbrak...).

8. Minbizia

Hainbat gaixotasuni buruz ari gara. Haien ezaugarria da zelula multzo bat neurririk gabe handitzea, tumore gaizto bilakatuz.

9. Deliriuma edo nahasmendu-sindrome akutua

Kontzientzia-maila nahasten da, pseudo-kontzientzia bat da: nahasmendu larria pentsamenduan, hizkuntzan, oroimenean, emozioetan...

Bat-batean azaltzen da eta, dementzia ez bezala, ez da iraunkorra. Eragile zehatzak ditu:

  • Sendagaiak
  • Sendagaiak hartzeari uztea
  • Gaixotasunak (batez ere, infekzio-prozesuak)
  • Deshidratazioa
  • Ospitalizazioa
  • Ebakuntza ostekoa
  • Istripuak
  • Inguruko pertsonak galtzea (edota estres handiko egoerak)

Nahasmendu-koadroan, buruaren kontzientzia aldatu egiten da egunean zehar; iluntzean urduriago eta nahasiago egoten da gaixoa. Delirioak eta aluzinazioak eduki ditzake.

Teknikariak segurtasuna eta lasaitasuna emango dizkio, orientatzen lagunduko dio eta ez du bakarrik utziko. Gaixoa bere onera itzulitakoan, ez da ezertaz gogoratuko (amnesia).

10. Parkinson-en gaixotasuna

Gaixotasun neurodegeneratibo kronikoa da. Ez dakigu haren jatorria zein den. Behin azalduz gero, prozesua azkarragoa edo motelagoa izan daiteke, gorabeheratsua (baita egunean zehar), baina ez da geldituko.

Sintomak:

a) Motorrak

Dardarak, zurruntasuna (apraxia) eta espasmoak izaten dituzte. Mugimenduak motelduz doaz. Espresio gabeko aurpegia eta besoak kulunka izaten dituzte. Horretaz gain, oinak arrastaka daramatzate, izerditzea gehiegizkoa izaten dute, bai eta irensteko arazoak ere.

b) Kognitiboak eta emozionalak

Arretari eusteko eta orientatzeko arazoak izaten dituzte, pentsamendua moteltzen zaie, irrikak kontrolatzeko arazoak dituzte, apatia, depresioa, delirioak eta aluzinazioak...

Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarako teknikarien (MEPATen) lana da:

  • Jarrera baikorra bultzatzea
  • Aktibitatea eta autonomia bultzatzea
  • Estres-egoerak saihestea
  • Gaixoak gehiegizko ahaleginik ez egitea
  • Blokeoetan eta kontrolik gabeko egoeretan laguntzea

11. Alzheimer-en gaixotasuna

Buruaren galera da.

Zergatik?

Buruaren hainbat gunek gainbehera egiten dute. Progresiboa eta itzulezina da.

Ondorioak

Ondorioak kognitiboak, emozionalak, jarrerakoak eta fisikoak izaten dira. Gaixoaren eta ingurukoen bizi-kalitatean eragin zuzena du. Ondorio sozial eta ekonomiko nabarmenak izaten ditu. Ez da erraza diagnostikatzen. Hasiera mantsoa eta engainagarria du gaixotasunak, eta ez gaixoa, ez ingurukoak ez dira jabetzen (oroimen falta, nortasun-arazoak, ez zaio hitz egokia bururatzen...). Geroago, bere burua baztertzen du, arazoa ukatzen du, eta erraz haserretzen da. Gero eta arazo gehiago ditu gauzak gogoratzeko. Arrazoitzeko eta arreta jartzeko arazoak ditu.

Alzheimer-en gaixotasunaren eboluzioa

Ez du bere burua zaintzen, eta orientatzeko arazoak ditu. Lo egiteko arazoak izaten ditu.

Eguneroko jarduerak aurrera eramateko zailtasunak ditu. Kognizioa moteldu egiten zaio, eta adierazpen afektiboak gutxitu egiten ditu.

Denborarekin, arazoak izaten ditu eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, oinarrizkoak zein instrumentalak. Ez da oroitzen garrantzi handiko gauzez (seme-alaben izenak, esate baterako). Delirioak ditu; ezin dio txizari eutsi.

Gaitasun psikomotorra okertuz doakio. Hitz egiteko gaitasuna txikitu egiten zaio, eta autokontzientzia ere txikiagoa du.

Alzheimerrak honako nahasmendu hauek eragin ditzake:

a) Kognitiboak

Oroimena galtzea, leku-denborazko orientazio falta, gauzak eta pertsonak ez ezagutzea (agnosia), hitz egiteko eta idazteko arazoak, arrazoitzeko arazoak...

b) Funtzionalak

Eguneroko bizitzarako jarduerak, oinarrizkoak zein instrumentalak, aurrera eramateko arazoak.

c) Psikologikoak eta jarrerazkoak

Antsietatea, depresioa, aluzinazioak, agresibitatea, umore-aldaketak, apatia, lo egiteko eta jateko nahasmenduak, noraezean ibiltzea...

d) Organikoak

Deshidratazioa, malnutrizioa, idorreria, erorikoak, ultzerak...

Adineko pertsonen gaixotasunaren ezaugarriak

Gaixotasunen aurrean, berdin jokatzen dugu denok?

Ez, organismo bakoitzak modu bat du gaixotasunari aurre egiteko; hala ere, adineko pertsonengan, gaixotasunek kroniko bihurtzeko joera dute.

Gaixotasunek, ondorio biologikoez gain, ondorio psikologikoak, sozialak eta funtzionalak izaten dituzte zahartzaroan.

Zein dira adinekoen gaixotasunen ezaugarriak?

  • Era atipikoan azaltzen dira (ez dira garbiak).
  • Batzuetan, patologia bat baino gehiago ageri dira.
  • Sendagaiek ez dute beti eraginkortasun bera.
  • Polimedikazioak sendagaien arteko interakzioak areagotzen ditu eta huts egiteak erraztu.
  • Garaiko gaixotasunen ondorioak larriagoak dira (gripea).
  • Batzuetan gaixotasunaren prozesua moteltzen da (minbizia).
  • Gaixotasunek kroniko egiteko joera dute (denboran luze irautekoa).
  • Arazo gehiago sortzen dira, eta larriagoak.
  • Patologia batzuek beste batzuk azaleratzea errazten dute.

MEPATaren lana

  1. Sendagaiak ondo hartzen laguntzea (zer-noiz-zenbat).
  2. Errehabilitazio-ariketak egiten laguntzea.
  3. Laguntza-teknika berriak erabiltzea.
  4. Gaixoa ingurura egokitzen laguntzea.
  5. Laguntza afektiboa ematea.
  6. Eguneroko jardueretan laguntzea.

Entradas relacionadas: