XX. Mendeko Lehen Abangoardiak: Ezaugarriak eta Mugimenduak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,67 KB

XX. Mendeko Lehen Abangoardiak

1. Ezaugarri Orokorrak

Arte Garaikideak aurretik ezinbestekoak ziren edertasunaren kontzeptuarekin eta narrazioarekin hausten du; orain, honako hauek aldarrikatuz:

  • Edertasunaren eredu desberdinak sortzeaz gain, edertasunik gabeko artea aldarrikatzen dute (ederra izan daiteke, baina ez da beharrezkoa).
  • Nahikoa izango da artistak nahi duena adieraztearekin, beste ezer kontatu gabe (narrazioa izan dezake, baina ez da beharrezkoa).

Aurrekoekin hausteaz gain, hainbat kontzeptu berri aurkeztu zituen artea aberasteko, ulertzeko eta sortzeko modu berriak proposatuz:

  • Askatasuna: Artistak sortzeko askatasun osoa izango du, inolako araurik jarraitu behar izan gabe.
  • Aniztasuna: Une berean hainbat mugimendu artistiko garatu ziren (ez bata bestearen ondoren); artista batek mugimendu bat baino gehiago garatu eta konbinatuz, indibidualtasunari garrantzia emanez.
  • Modernitatea: Zerbait berria eta ezezaguna sortu nahi zuten, horregatik "abangoardia" hitzaren erabilera eta "moda" kontzeptuaren jatorria.
  • Artistaren eredu berria: Artistak protagonistak izango dira, beren buruarentzat "pertsonaia" bat asmatuz, merkatuaren kapitainak bihurtuz eta beren lana saltzeko.
  • Ikuslearen parte hartzea: Ikusleak jarrera aktiboa hartzen du, izan ere, lan asko bukatu gabe egongo direlako eta beraiek gauzak irudikatu behar dituzte, lanari "zentzua" emanez.
  • Publikotasuna: Artea gizarte osoari zuzenduko zaio (ez soilik eliteari), baina kontsumitzaile eta burgesiaren artean hedatuz. Horretarako, museoak eta galeriak sortu ziren, eta artea kontsumo-ondasun gisa saltzen hasi zen.
  • Zentro berriak: Europan eta Amerikan zehar artearen zentro berriak sortu ziren, mundu osoa Arte Garaikidearen gune orokor bihurtu arte.
  • Kultura berriak: Lehen aldiz, beste kulturekiko miresmena egon zen, gauza berriak deskubrituz; horrela, arte etnikoa baloratu zen, adibidez.

2. Abangoardia Historikoak

1) Fauvismoa

Lehen abangoardia. Obra nagusia: Lerro Berdea.

Non sortu zen? Frantzian, Van Gogh eta Gauguinen eta Afrikako arte primitiboaren eraginez. Honek artelanak modu soil, sinple eta basatian egiteko bidea ireki zuen.

Fauvismoa errealitatetik abiatzen da, baina formak eta koloreak aldatuz (asmatuak), baita perspektiba baztertuz ere, irudimena aldarrikatuz.

Beraientzat, pintura barneko sentimenduak azalerazteko balio zuen, baina instintiboki, planifikaziorik gabe. Ez ziren espresionistak, ez baitzituzten sentimenduak adierazi nahi, soilik margotzeko modu berri bat asmatu eta, bide batez, edertasun berri bat aurkitu.

Henri Matisse

Postinpresionistak miretsi eta sintetizatu zituen, hasieran oso basatia (Van Goghen eraginez) eta amaieran soila eta sinplea (Gauguinen eraginez).

Guztia kolorean oinarritu zuen, marrazkia baztertuz, baina forma nagusiak galdu gabe. Nahiz eta abstrakziora hurbildu, ez zuen abstrakzioan sinesten.

2) Espresionismoa

Non sortu zen? Ez da zehatza, baina Alemanian garatu zen batez ere. Abangoardia bat baino gehiago jarrera bat izan zen; espresionistak egon ziren Espresionismoa sortu aurretik (adibidez, Goya).

Espresionismoaren barruan aniztasun handia zegoen: estilo espresionista asko zeuden, askeagoak, mugatuagoak, errealistak, ia abstraktuak…

Emozioak adierazi nahi zituzten; ordena, oreka eta errealitatea baztertzen zituzten. Artista askok bizitzaren mina adierazi nahi zuten.

Espresionismoa belaunaldi desberdinetan garatu zen; garaiko artea gogor kritikatu zuen eta arte berritzaile bat proposatu zuen edukien aldetik.

A) Lehen Belaunaldia

Artista nagusia: Edvard Munch. Obra: Oihua.

Pintore hauek Postinpresionismoaren eta Fauvismoaren eragina jasan zuten margotzeko moduarekiko, eta gaietan jarrera ezkorra izan zuten bizitzarekiko. Ez zuten taldean lan egin, nahiz eta pintoreek elkar ezagutu.

Edvard Munch

Pintore espresionistaren eredua betetzen du. Van Gogh eta Goyaren eraginpean, lerro kurbatu eta kolore basati eta bizien bidez adierazi zuen.

Gai nagusia bere bizipenak izan ziren; bere pintura tristea eta ezkorra zen, bere bizitza pertsonalaren isla.

B) Bigarren Belaunaldia

Fauvismoaren eraginpean margotzeko modu berri bat asmatu nahi izan zuten. Taldean aritzen ziren (guztiak alemaniarrak ziren).

Bi talde zeuden:

  • Zubia: Joera ezkorra izan zuen, Lehen Mundu Gerra (LMG) ondorengo urteetako Alemaniaren egoera gogorra salatuz. Artista nagusia: Kirchner. Obra: Kalea.
  • Zaldun Urdina: Joera baikorra izan zuen, pinturan alaitasuna eta bizipoza irudikatu zituzten. Artista nagusia: Kandinsky. Obra: Lirika.
Ernst Ludwig Kirchner

Bere pintura koloretsua bazen ere, bere lerroak okerrak eta angeluz beteak egon ziren. LMGren ondorengo ikuspegi ezkorra nabaritzen da.

Wassily Kandinsky

Postinpresionismo eta Fauvismotik abiatu zen, baina filosofia, erlijio (Teosofia) eta musikaren eraginez gero eta askeagoa izan zen.

Artea ulertzeko eta margotzeko modu berri bat asmatu zuen, errealitatearekin guztiz harremanik izan gabe (letra gabeko musika bezala).

3) Futurismoa

Obra nagusia: Botila baten garapena espazioan.

Non sortu zen? Parisen, baina italiarrek osatua (italiar mugimendutzat hartzen da), eta eragina izan zuen Italian, baita ondorengo Dadaismoan eta Surrealismoan ere.

Formaren aldetik Kubismo analitikoan oinarritzen zen, baina jarreraren aldetik, oso iraultzailea zen: artearen bidez mugimendua harrapatzen saiatu zen.

Artearen Historiako aurreko garai guztiak gorrotatzen zituzten (klasikoa, adibidez), eta haiekin hautsi nahi zuten, beraien ustez garai berriek arte berri bat eskatzen zutelako eta zaharrak ez zirelako onargarriak. Ondo ikusten zuten indarkeria erabiltzea. Horrela, futurismoa eta Mussoliniren faxismoa batera sortu ziren Italian.

Umberto Boccioni

Pintore/eskultore bakarra izan zen, eta lortu zuena kubismo analitikoaren bitartez mugimendu sentsazioa transmititzea izan zen. Tamalez, oso gazte hil zen.

4) Kubismoa

Non sortu zen? Parisen, Picasso eta Braquek pinturaren historia aldatu eta hankaz gora jartzeko asmoarekin, Cézanne eta Afrikako artearen eraginpean.

Helburu nagusia espazioa hiru dimentsiotan irudikatzeko sistema tradizionala aldatzea izan zen, margotzeko modu berri bat asmatuz, "Erlatibitatearen garaia" deitua.

  • Horren ordez, objektu guztiak oinarrizko forma geometrikoetan zatituz irudikatzen zituzten, horiek guztiak lehen planora eramanez.
  • Begiekin ikusi beharrean, buruarekin margotzen zuten: ez zuten irudikatzen ikusten zutena, baizik eta zekitena edota pentsatzen zutena.

Gaiak ez zitzaizkien interesatzen, soilik margotzeko aitzakia ziren. Beren pinturetan ez zegoen mezurik, "pintura, pintura da" printzipioari jarraituz.

Pablo Picasso (berritzailea) izan zen mugimendu honen funtsezko figura.

Kubismoaren barruan bi estilo bereizi ziren:

  • Analitikoa: Objektuak analizatu eta forma geometrikoetan zatitzen zituzten. Koloreak ez zuen garrantzirik, eta nahiz eta askotan abstraktuak iruditu, EZ ziren. Horregatik, elementu "errealak" koadroan sartzen hasi ziren (adibidez, egunkari zatiak), collage teknika sortuz. Horrela, artistak erabakitzen badu, edozein gauza artea izan litekeela aldarrikatuz.
  • Sintetikoa: Analitikoa sintetizatu, aberastu eta edertzeko asmoz sortu zen. Koadroan plano bakar batean objektuek elkarren artean zuten erlazioa adierazten saiatu ziren, kolore argiagoak erabiliz (planoak eta koloreak konbinatuz). Hemen ere abstrakziora heldu gabe.

Kubismoak arrakasta handia izan zuen eta eragin handia ondorengo abangoardietan, adibidez: Futurismoa eta Dadaismoa.

Pablo Picasso

XX. mendeko lehenengo lau hamarkadetako artista garrantzitsuena izan zen.

Formakuntza klasikoa izan bazuen ere, abangoardietako artista garrantzitsuena izan zen Lehen Mundu Gerra (LMG) aurretik (gero Duchamp izan zen garrantzitsuena).

Kubismoa asmatzeaz gain, beste abangoardietan eragin handia izan zuen eta zenbaitetan parte hartu zuen, adibidez, Surrealismoan.

Bere lana eta ibilbide pertsonalaren faseak:

  • 1. Garai Urdina: Kolore hotzak erabili zituen, errealitate soziala islatu zuen margoetan. Espresionismoaren eraginpean, baina ez oso adierazkorra.
  • 2. Garai Arrosa: Kolore gozoak erabili zituen, gaiak alaiak ziren (adibidez, zirkuko pertsonaiak). Espresionismoaren eraginari jarraitu zion, baina ukitu klasikoagoa eman zion, marrazkia berreskuratuz.
  • 3. Garai Beltza: Kolore ilunak erabili zituen, gizakiak baztertu eta formak sinplifikatzen hasi zen Cézanneren eraginez.
  • 4. Garai Kubista: Avignongo andereñoak koadroarekin hasi zen fase hau. Kubismoa asmatu zuen Braquerekin batera. Lehenengo kubismo analitikoa sortu eta landu zuen (adibidez, Poeta), eta ondoren kubismo sintetikoa garatu zuen (adibidez, Gitarra).
  • 5. Gerrarteko Garaia: Kubismoari Espresionismoa eta Surrealismoa gehitu zizkion. Gai kubistak utzi eta errealitate sozialeko gaietara itzuli zen (adibidez, Gernika).
  • 6. Azken Garaia: Aurreko ezaugarriak nahastu zituen, eta pinturaz gain, eskulturak, grabatuak eta zeramika landu zituen. Artearen Historiako oinarriak erabili zituen lan askotan.

Entradas relacionadas: