XX. Mendeko Filosofiaren Gakoak: Krisia, Existentzia eta Askatasuna

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,33 KB

Ilustrazioaren krisia eta XX. mendeko totalitarismoak

Filosofiaren testuingurua: arrazoi ilustratuaren krisia eta XX. mendeko totalitarismoak. XVIII. mendean Ilustrazioa izeneko mugimendu bat sortu zen. Ideia nagusia zen pertsonek arrazoia libreki erabili behar zutela, erlijioaren sinesmenei edo antzinako ohiturei itsu-itsuan jarraitu gabe. Ilustratuek uste zuten, denek beren kabuz pentsatzen bazuten, mundua hobetuko zela zientzian, politikan eta bizitzeko moduan. Haren leloa “Sapere Aude” zen (ausartu pentsatzen).

Baina XX. mendean, amets hori hautsi egin zen. Bi mundu gerrek, bonba atomikoek eta kontzentrazio esparruek erakutsi zuten gizateria oso urrun zegoela mundu perfektu batean bizitzetik. Pentsalari hauen arabera, Ilustrazioak arrisku bat ezkutatzen zuen: sistema totalitarioetara eraman zezakeen, non askatasuna eta giza balioa aurrerapenaren izenean desagertzen diren, gauza izugarriak justifikatuz, hala nola kontzentrazio esparruak edo bonba atomikoak.

Existentzialismoa: Ilustrazioaren porrotaren ostean

Askok pentsatzen dute existentzialismoa sortu zela Ilustrazioaren porrotaren ondoren, hau da, arrazoian oinarritutako ideiek huts egin zutela ikusita. Korronte honen lehen pentsalari garrantzitsuak izan ziren Kierkegaard, Nietzsche eta Husserl.

  • Kierkegaardek dio gizakia askea dela, baina bere bizitza mugatua eta bakarrik bizi duela, eta horrek *larritasuna (angustia)* sortzen duela.
  • Nietzschek, berriz, balio zaharrak alde batera utzi eta bakoitzak bere burua modu askean sortzea defendatzen du.
  • Husserlek, bere fenomenologiaren bidez, subjektuaren kontzientzia dela ezagutzaren oinarria azaldu zuen.

Heideggerrek existentzialismoaren ideiak sakondu zituen, nahiz eta berak ez zuen bere burua existentzialistatzat hartu. Korronte honek dio gizakia askea dela eta bere bizitza bere erabakiekin eraiki behar duela. Gizakia proiektu bat da, bere burua sortzera kondenatua.

Larritasunari aurre egiteko, batzuek Jainkoarengan aurkitu dute zentzua; beste batzuek, aldiz, ez dute fedean sinesten. Azkenik, existentzialismoak eragin handia izan du literaturan, arteetan eta zineman, beti ere gizakiaren bizitzaren zentzuaren inguruko galderak aztertuz.

Totalitarismoa Hannah Arendten ikuspegitik

Hannah Arendt filosofoak totalitarismoa aztertu zuen, batez ere nazismoa eta Stalinen garaiko Sobietar Batasuna. Bere ustez, horrelako basakeria antolatua ez zen inoiz lehenago gertatu, eta horregatik pentsamendu mota berriak behar dira hura ulertzeko.

Arendtek bi aurrekari aipatzen ditu:

  1. Antisemitismoa (juduen kontrako gorrotoa), batez ere Frantzian, non juduak “atzerritar” bezala ikusten zituzten, nahiz eta frantsesak izan.
  2. Inperialismoa, non Europaren botere handiek beste herrialdeak okupatu eta bertako pertsonak "azpiko" bezala tratatu zituzten, haien kontra indarkeria justifikatuz.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, egoera ekonomiko txarrak aukera eman zien mugimendu totalitarioei masak manipulatzen hasteko, propaganda eta promesa hutsalen bidez. Boterea eskuratu zutenean, legeak eta estatua aldatu zituzten lider bakar baten menpeko sistema sortzeko.

Totalitarismoaren helburua beti da boterea mantentzea, nahiz eta horretarako pertsonen eskubideak ezabatu edo gizakiak “soberakin” bihurtu. Arendten arabera, sistema hauetan pertsonak desagerrarazi egiten dira: eskubiderik gabe uzten dira, gizartea zatitzen da, eta azkenik, pertsona hil egiten da, ahaztuta eta modu anonimoan. Totalitarismoaren barruan, “dena da posible”, eta bizitza burokraziaren esku gelditzen da. Gizakien duintasuna ezabatzea da gaitz erradikala.

Giza bizitzaren baldintzak: Lana, fabrikazioa eta ekintza

Hannah Arendtek bere Giza Kondizioa liburuan gizakion bizitza osatzen duten hiru jarduera nagusiak azaldu zituen: lana, fabrikazioa eta ekintza.

  • Lana biziraupenerako beharrezkoa da, gure behar biologikoak asetzeko egiten duguna da (adibidez: janaria lortzea, babesa izatea...). Lana eta kontsumoa etengabeko zirkuluan daude: jaten dugu bizitzeko, baina berriro jan beharko dugu, eta berriro lan egin beharko dugu.
  • Fabrikatzea, berriz, gizakiaren sormen gaitasunarekin lotuta dago. Lanarekin ez bezala, hemen ez dira behar biologikoak asetzen, baizik eta gure ingurua eraikitzen dugu gauza artifizialak sortuz (adibidez: etxeak, tresnak, liburuak...). Hori da gizakiak natura gainditzeko duen modua.
  • Ekintza da beste pertsonekin batera munduan bizitzeko modua, politika eta elkarrizketa barne. Ekintzak benetan garrantzitsu izateko, hiru baldintza behar dira: guztiak berdinak direla onartzea, adierazpen askatasuna izatea eta mundu komunaren zaintza.

Heideggerrek gizakia heriotzarantz doan izakia zela zioen, baina Arendtek kontrakoa pentsatzen zuen: jaiotzea da garrantzitsuena. Pertsona bakoitza berritasun bat da, eta bere ekintzekin mundua alda dezake. Hala ere, modernitateak arriskuan jarri du ekintzaren eta askatasunaren espazioa.

Zer da emakume izatea? Simone de Beauvoir

1949an, Simone de Beauvoirrek feminismoaren oinarrietako bat bihurtu zen liburua idatzi zuen: Bigarren Sexua. Liburu horretan, emakumeek beren burua definitzeko askatasuna berreskuratu behar dutela defendatzen du. Bere ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, baina emakumeek askotan gizonek inposatutako roletan bizi behar izaten dute.

Beauvoirrek azaltzen du nola biologia, historia eta kultura erabili diren emakumea “bestea”, hau da, objektu, bihurtzeko. Emakumeek txikitatik ikasten dute gizonak nagusi direla, eta beren eredua gizonek diseinatutako “emakume perfektua” izatea dela.

Liburuko esaldi famatuena hauxe da: “Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da”. Horrek esan nahi du emakume izatea ez dela biologikoa, baizik eta heziketaren eta kulturaren ondorioa.

Beauvoirrek familia eta ezkontza ere aztertzen ditu, non emakumea menpekotasunean bizi den. Amatasuna ere kritikatu zuen, askotan emakumea etxean eta gizonaren menpe mantentzeko tresna gisa ulertzen baitzuen.

Azkenik, Beauvoirrek emakumeen askatasun ekonomikoa eta borroka kolektiboa beharrezkotzat jotzen ditu, emakumeek benetan erabakitzeko ahalmena izan dezaten eta sexuen arteko berdintasuna lortzeko.

Entradas relacionadas: