XVIII. Mendeko Gizartea eta Ekonomia: Antzinako Erregimena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,86 KB

Gizartearen Antolaketa eta Eraldaketak

Estamentu bakoitzean, hainbat motatako egoerak zeuden.

Noblezia

Noblezia goi-noblezian eta behe-noblezian banatzen zen. Goi-nobleziakoek jabetza asko zituzten landan, eta diru asko jasotzen zuten jaun-eskubideengatik; beraz, luxuzko bizimodua zuten. Probintzietako nobleziaren eta behe-noblezian ekonomia-egoera, ordea, kaskarragoa zen. Horrenbestez, apurka-apurka, behe-nobleziako kideak burgesiako dirudunekin ezkontzen saiatzen hasi ziren, azken horiek ere noblezian sartu nahi baitzuten.

Kleroa

Kleroa ere goi-kleroan eta behe-kleroan banatzen zen. Goi-kleroa familia nobleetako seme gazteenek osatzen zuten, eta eliza-jaurerri gehienen jabe zen. Behe-kleroa herri xeheko pertsonek osatuta zegoen; sarritan, miseria egoeran bizi ziren, ia nekazarien pareko.

Herri Xehea edo Hirugarren Estatua

Herri xehea edo Hirugarren Estatua gainerako biztanleek osatzen zuten; hau da, nekazariek eta burgesiak.

Nekazariak

Nekazarien taldea zen ugariena; esate baterako, Frantziako eta Espainiako biztanleen %85 inguru nekazariak ziren. Hala ere, oso ahalmen txikia zuten gizartean eragiteko; oso nekazari gutxi ziren beren lurren jabe: %10 baino ez. Gainerakoak, berriz, jaun-erregimenaren mende zeuden.

Burgesia

Burgesia gero eta garrantzitsuagoa zen. Landan bizi ez zirenez, burgesak ez zeuden jaun-erregimenaren mendean, eta hirien eta merkataritzaren garapenari esker, aberastu egin ziren. Baina ezin zuten botere politikoa bereganatu, goi-nobleziaren eta goi-kleroaren monopolioa baitzen.

Ekonomian garrantzi handiagoa izan ahala, burgesia estamentuzko gizartearen aurka egiten hasi zen, eta botere politiko handiagoa eskatzen. Baina pribilegiatuek gizarte tradizionalari eusten saiatu ziren. Burgesiaren eta pribilegiatuen artean sortutako gatazka horren ondorioz, iraultza burgesak gertatu ziren.

Lehen Sektorearen Nagusitasuna

XVIII. mendean, biztanle gehienek nekazaritzan jarduten zuten. Oro har, iraupeneko ekoizpena zen, emankortasun txikiko lehorreko lurretan egina. Lur gehienak zerealak landatzeko erabiltzen ziren, haiek baitziren dietaren oinarria, baina merkataritzako produktuak ere lantzen ziren; esaterako, mahatsondoak eta olibondoak eskualde mediterraneoetan.

Nekazaritza oraindik ere klimaren oso mende zegoen. Hori dela eta, subsistentzia krisiak gertatzen ziren aldi-aldian; hau da, gosealdiak. Horrelakoetan, gizarte-tentsioak areagotu egiten ziren.

Lurren Jabetza eta Jaun-Erregimena

Lur gehienak pribilegiatuen jabetzakoak ziren, batez ere. XVIII. mendearen amaieran, haien jaurerriek lur laboragarrien %40 inguru hartzen zuten.

  • Nobleziaren lurrak ez ziren inoiz banatzen, maiorazkoengatik. Lege horren arabera, ondare osoa jaunaren seme zaharrenari utzi behar zitzaion oinordetzan. Horrenbestez, jabetzak gero eta handiagoak ziren, bai eta kudeatzeko zailagoak ere.
  • Halaber, kleroaren lurren zati bat, esku mortuak, ezin ziren saldu, monarkaren babespean zeudelako. Gainera, sarritan, ez zituzten ustiatzen ere.

Gainerako jabetzak burgesiaren esku zeuden edo udalerrietako herri-lurrak ziren; beraz, oso lur gutxi saltzen zen, eta lur-jabe txikiak gutxiengoa ziren.

Lurrik gabeko nekazariak jaun-erregimenaren mende zeuden; hau da, jaberen baten mirabeak (zerbitzariak) ziren. Jaunak bere lurraren zati bat ustiatzen uzten zien, nekazariek bizibidea atera ahal izateko. Ordainetan, nekazariek jaunaren lurretan doan lan egin behar zuten, asteko zenbait egunetan, bai eta jaunari errenta jakin bat ordaindu ere.

Gainera, nekazariek beste zerga asko ordaindu behar zituzten, bai Elizari, bai monarkiari. Hori dela eta, nekazariak gero eta haserreago zeuden, burgesak bezain haserre.

Entradas relacionadas: