XVIII. Mendeko Euskal Literatura: Iparraldea eta Hegoaldea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,93 KB
XVIII. Mendeko Euskal Literatura: Testuingurua eta Gainbehera Iparraldean
XVII. mendean euskal literaturan Iparraldeak izan bazuen indar guztia, aztertzera goazen mende honetan (XVIII. mendea) Hegoaldeak hartuko du txanda. Izan ere, Iparraldean gainbehera handia gertatzen da aurrerago aipatuko diren arrazoiengatik.
Iparraldeko literaturaren beherakadaren arrazoi nagusia Utrechteko Ituna izan daiteke, bertan Frantziak lurralde batzuk galdu baitzituen. Honetaz gain, aipa dezagun 1789. urtean Frantses Iraultza izan zela eta, ondorioz, euskaldunek foruak galdu zituztela, estatu frantsesaren berregituraketa bati hasiera emanez.
Ilustrazioaren Garaia
Korronte literarioei dagokienez, XVIII. mendeari Argien Mendea edo Ilustrazioaren garaia deitu zaio. Jakin-min orokorraren eta entziklopediaren sasoia dugu. Montesquieu, Voltaire eta Rosseau dira ezagunenak. Arrazoiaren nagusitasuna aldarrikatzea da helburu nagusia.
Zailtasun guzti hauekin, ezin da hala ere esan Iparraldean idazlerik izango ez dugunik. Izan ere, Ioannes Etxeberri Sarakoa dugu garai honetan aipagarri.
Ioannes Etxeberri Sarakoa (1668-1749)
Lapurdiko Saran jaio zen. Medikuntza karrera burutu zuen Frantziako unibertsitateren batean. Jaioterrian, Saran, ekin zion sendagile lanari, baina gerora Hego Euskal Herrira etorri zen. Nafarroako Beran, eta Gipuzkoako Hondarribian eta Azkoitian aritu zitzaigun.
Hau izango dugu Iparraldean lapurtera klasikoan idazten duen azken idazlea. Bera dugu euskara irakaskuntzan sartzeko lehen ahalegin serioa egin zuena.
Ioannes Etxeberri Sarakoaren Lanak
- Lau-urdiri gomendiozco carta edo gutuna (1718an idatzitakoa).
- Escuaren hatsapenak (1712koa). Euskarak duen gardentasuna eta batuaren beharra ikusten da, eta dei egiten die euskal gazteei euskara erabil dezaten.
- Euscal Herriari Escuarazco Hatsapena Latin Ikasteko (1712koa). Latina euskaraz ikasteko gramatika.
- Diccionario Cuatrilingue (1712koa). Lau hizkuntza ageri dira: euskara, gaztelera, frantsesa eta latina.
Hegoaldeko Literatura XVIII. Mendean: Berpizkundea
Hegoaldean, berriz, Iparraldean gertatzen denari kontrajarriz, ekonomikoki eta kulturalki berpizte garrantzitsu bat gertatuko da. Testuinguru honetan kokatzen dugu Manuel Larramendi (1690-1766) jesuita gipuzkoarra.
Andoainen jaio, eta toki desberdinetan bizi eta gero, Loiolan kokatu zen. Baina ez komentuan sartuta egoteko, makina bat ibilaldi egin zuen Gipuzkoan zehar sermoigintzan, aholkulari bezala, edo arazoak eta auziak konpondu nahian. Euskal Herria eta Gipuzkoa dira bere arlorik jorratuenetakoak. Dena dela, euskara du idazgairik kutunena.
Manuel Larramendiren Hizkuntz Lanak
Hauexek dira, besteak beste, hizkuntzari dagozkion bere lanak:
- De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España (1728). Gure hizkuntzaren aurka ari ziren iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua.
- El Imposible Vencido Arte de la Lengua Bascongada (1745). Hiztegi honetan euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak (hitz berriak) asmatzen ditu.
Larramendiren Jarraitzaileak eta Euskalki Literarioak
Larramendik, bi jesuita gipuzkoar izango ditu jarraitzailerik finenak: Agustin Kardaberaz hernaniarra eta Sebastian Mendiburu oiartzuarra.
Gipuzkera, beraz, euskalki literario bihurtu zen mende honetan. Bestalde, XIX. mendean hiru idazlek jarraitu zioten Larramendik irekitako bideari: Bizkaieraz idatziko dute, eta beraz, XIX. mendean bizkaiera dugu euskalki literario. Izan ere, Jose Antonio Mogelek eta Frai Bartolome de Santa Teresak “Markinako Eskola” delakoa sortuko dute, non bizkaiera literarioaren ezaugarriak edo oinarriak zehaztuko dituzten.
Euskarazko Lehen Antzezlanak
Antzerkigintzan, Xabier Munibe eta Pedro Inazio de Barrutia ditugu aipagai.
Xabier Munibe (1723-1785)
Munibek, hizkuntza asko zekizkien eta noizean behin euskaraz ere idazten zuen. Bere El borracho burlado (1764) opera irrigarri elebiduna idatzi zuen. Obra honetan, euskara eta gaztelania nahasian darabiltza. Kantatutako pasarteak dira, batez ere, euskaraz datozenak. Muniberen obra Bergaran eman zuten 1764an.
Pedro Inazio de Barrutia (1706-1759)
Pedro Inazio de Barrutia-k bere Acto para la noche buena edo Gabonetako Ikuskizuna idatzi zuen. Barrutiaren lana, oharrak kenduta, euskara hutsean dago. Aramaion jaio zen, nahiz eta Arrasaten bizi izan zen bere bizitza osoan. Garai hartan, antzerkia jendaurrean aurkezteko ohitura zegoen. Barrutiaren obra Arrasaten eman zuten.