XVI. Mendeko Euskal Literatura: Idazle Aitzindariak eta Lehen Liburuak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,21 KB

XVI. Mendeko Euskal Literatura

Sarrera

Mende honetan hasi ziren argitaratzen euskarazko lehenengo liburuak. Ehun urte lehenago (1440-1450), inprenta (moldiztegia) asmatu zuten Alemanian. Aurrerapen horrek izugarrizko bultzada eman zien kulturari eta liburugintzari.

Oraindik latina zen Mendebaldeko kultura-hizkuntza, eta latinez kaleratuko ziren liburu gehienak. Baina Europako zenbait erreinu eta herrialdetako hizkuntzek ere urrats garrantzitsuak emango zituzten.

Erlijioaren inguruan XVI. mendean sortu ziren borroka eta gatazkek ere sustatuko zuten hizkuntza arrunten erabilera. Protestanteak izan ziren lehenak testuak herri xeheari ulertzeko moduan argitaratzen saiatu zirenak. Trentoko Kontzilioaren ondoren, katolikoek ere bide horri ekin zioten. Testuinguru horretan jaio ziren euskarazko lehen liburu inprimatuak.

Bernat Etxepare

Euskarazko lehen liburuaren sortzailea Nafarroa Beherekoa zen, Garaziko eskualdekoa hain zuzen. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken laurdenean, eta urterik gehienak Garazi aldean igaro zituen.

Nafarroako Erresuman 1512tik aurrera izandako gerrak gertutik bizi izan zituen. Espetxea ezagutu zuen, poema batean aitortzen digunez, nahiz eta arrazoiak argi ez egon. Ozenki aldarrikatu zuen errugabea zela. Poema liburua idatzi eta argitaratu egin zioten 1545ean, Bordelen. Hamabost poemak osatzen dute lehen euskal liburua, Linguae Vasconum Primitiae:

  • Hasieran, prosaz idatzitako hitzaurreaz gain, kristau ikuspegiaren azalpen luze bat dakar.
  • Hamaika poematan gizon-emakumeen arteko amodioa jorratzen du.
  • Poema bat bere kartzelaldiari buruzkoa da.
  • Azken bi bertso-sailak euskararen omenez moldatutakoak dira.

Joanes Leizarraga

Lehen euskal idazlea poeta izan bazen, bigarrena prosalaria dugu: Joanes Leizarraga (1506-1601), Beskoitzeko (Lapurdi) semea. Katoliko eta protestanteen arteko tirabirek bete-betean harrapatu zuten.

Erreforma kalbindarraren eraginez sortu ziren Leizarragaren euskarazko lan guztiak. Joana Albretekoa erregina bere mendean zituen lurraldeetan kalbinismoa ezartzen saiatu zen. Horretarako, herriari egokitutako irakurgaiak behar ziren. Kalbindarren aldera pasatako apaiz euskaldunen artean, Leizarraga zen egokiena. Horregatik agindu zion beskoiztarrari eliza berriaren kristau ikasbidea eta Testamentu Berria euskarara itzultzea.

Joan Perez Lazarragakoa

Joan Perez Lazarragakoa (1548-1605) idazle arabarra zen, eta Madrilen bizi izan zen hainbat urtetan. Familia aberats batean jaio zen. Bere eskuizkribuan, prosaz eta bertsoz, lau neska-mutilen arteko maitasun gorabeherak kontatzen ditu. Lanak 46 poema ditu: 37 euskaraz eta 9 gaztelaniaz. Arabako euskara zaharra nolakoa zen eta nola aldatu den jakiteko iturri paregabea dugu.

Esaera Zaharren Bildumak

Garai hartakoak dira, halaber, euskarazko esaera zaharren lehen bildumak. Hona hemen adibide batzuk:

  • Balizko aleak, burdiarik ez.
  • Alferkeria da gaitz guztien habia.
  • Inudea laztantzen duenak, sehiari musu ematen dio.
  • Etengabeko itoginak harria zulatzen du, eta denbora luzeak guztia ahaztarazten.

Entradas relacionadas: