XIX-XX. mendeak: Ekonomia, Gizartea, Nazionalismoa, Errepublika
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 24,85 KB
Testua: Federico Echevarriaren Hitzaldia Liberalismoari eta Protekzionismoari Buruz
Testuaren Kokapena
Federico Echevarriak, Ekoizleen Bizkaiko Ligako presidente garai hartan, mitin-protesta bat antolatu zuen Bilbon, Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetzan (1885-1902, Alfonso XII.a hil zenetik). Mitin hau ekonomia politikoaren ingurukoa izan zen. Jatorriaren aldetik testu historikoa da, eta formaren aldetik informatiboa.
Hartzailea Federico Echevarria zen, pisu handia zuena sektore siderurgikoan eta metalurgikoan. Hitzaldian, sistema protekzionistaren desagerpenak ekarriko zuen hondamendia argitzea zuen helburu, jendea informazioz hornitu nahian.
Mitinak ekintza publikoa dira, eta hartzailea kolektiboa denez, helburu publikoa dute. Horren bidez, 1893an egindako mitin-protesta honek auzi bat zabaltzen du, jendeak politika ekonomikoaren inguruan jakin dezan eta parte hartu ahal izan dezan.
Analisi
Testuak "Librekanbioa eta Protekzionismoa" izeneko mitin baten kontaketa egiten du, Federico Echevarriak Bilbon 1893ko abenduan egin zuena.
Lehenengo paragrafoan, Espainia eta Alemaniaren arteko ituna sinatzeko proiektua atzera botatzearen ondorio negatiboak azaltzen dira, adibidez, muga-zergen babesean altxatu diren lantegiei izugarrizko kaltea ekarriko liekeela.
Bigarren paragrafoan, itunak kaltegarriak izango liratekeela esaten da, Labe Garaiak, Deustuko tailerrak, Aurrera eta beste enpresa batzuek kolpeak jasango lituzketela. Gainera, babes sistemen beharra duten fabrika-proiektuak ez liratekeela gauzatuko defendatzen du, eta ituna atzera botatzeko eskatu beharra dagoela nazio osoari baieztatu ondoren, lege arantzelarioa errespetatuz.
Inguru Historikoa
XIX. mendean, Euskal Herrian industrializazio prozesua ez zen homogeneoa izan, lurralde bakoitzaren arabera aldatuz. Bizkaian, Bilbo eta Nerbioi itsasadarraren inguruan, siderurgian oinarritutako industria hazkunde izugarria izan zuen, baina Gipuzkoan, industria garapena motelagoa eta dibertsifikatuagoa zen, eta ez zen XX. mendearen lehenengo hamarkadetara arte finkatu. Araba eta Nafarroa, aldiz, nekazal lurraldeak izan ziren XX. mendearen bigarren erdira arte.
Espainiako industria bi sektoretan oinarritu zen: Kataluniako oihalgintzan eta Bizkaiko siderurgian. Bizkaiko siderurgia ez zen kasualitatea izan; tradizioak eta faktore geografikoak, batez ere kokapen estrategikoa, faktore garrantzitsuak izan ziren.
Lehen Karlistaldiaren amaieraren eta Hirugarrenaren hasieraren artean (1839-1872), Industria Iraultzaren lehen urratsak eman ziren, eta Bizkaiko lehen industria siderurgikoak sortu ziren teknologia eta politika aldaketekin.
Hirugarren Karlistaldia amaitu eta foruak ezabatuta (Kontzertu Ekonomikoa) hazkundea azkartu zen. Kontzertu ekonomikoak (1878) autonomia handia eman zion Euskal Herriari, zergak bertan biltzea eta kudeatzea lagungarri izanik.
Europako industriaren lehiak, batez ere Bizkaiko siderurgiaren garapenari zailtasunak jarriz, politika protekzionista indartsua ezarri zen Berrezarkuntza garaian (bigarren zatitik aurrera).
1891ko Cánovasen arantzel-legeak atzerriko produktuei zergak handituz, euskal siderurgiak kanpoko lehiari aurre egin zion eta merkatu nazionala ziurtatu zuen.
Sagastaren gobernu liberalak Alemaniarekin merkataritza-ituna sinatzean, euskal enpresariek itunaren aurka protestatu zuten, eta Kataluniako eta Euskal Herriko burgesiak librekanbismoa kondenatu zuen.
Bilbon egin zen bilerak arrakasta handia izan zuen, eta "Bizkaiko Ekoizleen Liga" sortu zen gobernuari presio egiteko. Sagastaren gobernuak 1891ko arantzel-legea mantendu zuen, baina 1896ko legearekin protekzionismoa finkatu zen.
Garrantzia
- Nahiz eta XIX. mende amaieran garapen industrial dezentea izan, Espainia (Euskal Herriko industria) ez zen atzerriko produktuei aurre egiteko gai.
- Bizkaiko fabrikak arantzel-legeen menpe zeuden garapena lortzeko. Arantzelak desagertuz gero, ordura arte lortutako aurrerapenak eta etorkizunerako proiektuak desagertuko zirela.
- Azkenik, neurri horien garrantzia ikusirik, euskal oligarkiak eta burgesak, siderurgiaren jabe zirenak, neurri babesleen desagerpenaren aurka agertu ziren.
Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" Eleberriaren Pasartea (1904)
Kokapena
Aztertzeko dugun testua Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" eleberriaren pasarte bat da, 1904. urtean argitaratua. Jatorriaren aldetik testu historikoa da, formaren aldetik narratiboa, eta gai soziala aztertzen du: meatzetan lan egiten zuten langileen egoera, hain zuzen ere, pertsonen eskubideak ez zirela betetzen. Egilea indibiduala da, Vicente Blasco Ibáñez, eta hartzailea kolektiboa, eleberria baita.
Testu hau 1904. urtean kokatzen da, Berrezarkuntzan, Alfontso XIII.a errege zela eta Cánovas eta Sagastaren txandaketa sistema amaitu eta gutxira. Bizkaian industrializazioaren garapen momentu batean.
Analisia
Testuak aztertzen duen gaia meatzetan lan egiten zuten langileen egoera da.
Hiru paragrafotan banatuta dago:
- Lehenengoan zeri buruz hitz egingo duen adierazten du: Peoien etxea, kasu honetan.
- Bigarren paragrafoan peoien egoera azaltzen du. Adierazten du nola nekatuta heltzen ziren eta gutxi afalduta, gela kaskar batean egiten zuten lo. Gela horretan ez zen airerik mugitzen, zikinkeria usaina zegoen, eta gau ekaitsuetan etxea lurrera jausteko zorian zegoen.
- Hirugarren paragrafoan, langileen ordezkoak bilatzea ez zela erraza aipatzen da, haien lana betetzeko eta lan horrek zekartzan arriskuei aurre egiteko trebezia behar zelako. Gosea zela eta, jende asko joaten zela lan bila ere esaten da, eta hori gelditzen ez bazen, zaila izango zela langile horiek beren eskubideak lortzea.
Testuingurua
XIX. mendearen bigarren erdian hasi zen industrializazioa garatzen Euskal Herrian. Bertan burdina zegoenez eta portua hurbil zegoenez, esportazioak funtsezkoak izan ziren.
Aduanak kanpoaldera aldatu zirenean, eta horrek sortu zituen kanpo-merkataritzaren zailtasunak kontuan hartuta, merkatariak siderurgian inbertitzen hasi ziren, eta horrela lehenengo labe garaiak sortu ziren. Hauek landare-ikatza erabiltzen zuten eta haien ekoizpena barne-eskariari zegoen zuzenduta.
Lehen eta Hirugarren Karlistaldien artean, industria asko garatu zen, teknikoki eta politikoki. Horri esker, trenbide sarea eraiki zen, meatzeak portuekin lotzeko eta handik minerala esportatzeko. 1855. urtean altzairua lortzeko prozesua azkartu zen, Bessemer bihurgailuaren aurkikuntzaren ondorioz. Horretarako burdin ez-fosforikoa erabili behar zen, eta hau Somorrostro aldean zegoen. Bizkaiko meatzetan kalitate handiko mineralak zeuden eta portutik hurbil zeuden; abantaila horiek britainiarren inbertsioak bultzatu zituzten. Atzerriko kapital horren ondorioz, burdina esportatzeko zenbait konpainia sortu ziren. 1870. urtean esportazioen etekinak siderurgian inbertitzen hasi ziren, baina Hirugarren Karlistaldiak prozesua eten zuen.
1887tik aurrera, Espainiako merkatuan zentratu ziren industria siderurgikoak eta atzerriko produktuen gainetik egoteko, industriariak batu ziren ("Liga Vizcaína de Productores") eta lege protekzionistak eskatu zituzten.
1900. urtetik aurrera, Europan lege protekzionistak ezarri zituzten; horrek beherapenak ekarri zizkion industriari. Aurre egiteko, 1902. urtean Bizkaiko Labe Garaiak sortu zituzten, bertan industria siderurgikoa batuta geratu zen eta Espainiako handiena izan zen.
Garrantzia
Testuak oso ondo adierazten du industrializazio garaian meatzetako langileak nola bizi ziren, eta langile mugimenduen arrazoia ulertzeko erabili daiteke.
Testua: Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894)
Kokapena
Testua "Bizkaitarra" egunkari abertzalean agertutako dokumentua da. Dokumentu politiko honetan, Euskeldun Batzokijak (JEL partaideentzako aisialdirako elkartea, 1894an sortutakoa) izango dituen arauak azaltzen dira.
Testu historikoa da, beraz, lehen mailako iturria. Forma eta edukiaren aldetik juridiko-politikoa da. Aldi berean, arautegia eta printzipio politikoen adierazpena da.
Bestalde, testu publikoa dugu, gizarte osoari zuzenduta dagoelako.
Nahiz eta testuan egilerik ez agertu, esaten da Sabino Aranak (1865-1903) idatzi zituela Bizkaiko Elkarte Nagusiko estatutuak; horrenbestez, pentsa dezakegu berak eta agian bere anaia Luisek idatziko zituztela estatutu horiek. Sabino, nazionalismoaren sortzailea, ikuspegi fuerista tradizionalista batetik abiatuta, independentzia defendatu zuen, nahiz eta azken urteetan moderatuagoa bihurtu.
Dokumentua Bilbon, 1894ko maiatzaren 24an sinatuta dago.
Analisi
Testua zortzi artikulotan banatuta dago:
- Lehenengo artikuluak batzokia eratzearen helburua azaltzen du, nazionalismoaren partaideen artean loturak estutzea leloa erabiliz.
- Bigarren artikuluan, batzokia Bizkai-Batzarraren estatutuen menpe egongo dela esaten du.
- Hirugarren artikuluan, Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango dela aintzat hartzen da.
- Laugarren artikuluan, foruak eta arbasoen ohiturak berrezartzearen eta euskara inposatzearen nahia adierazten da.
- Bosgarren artikuluan, politika eta erlijioaren artean harmonia egongo dela esaten da.
- Seigarren artikuluan, nazionalismoaren oinarriak bereizten ditu, ordena politiko eta erlijiosoaren arteko desberdintasunak markatuz.
- Zazpigarren artikuluan, erlijioa sistema politikoaren gainetik jartzen da, Jainkoa euskal gizarte tradizionalaren osagai nagusitzat hartuz.
- Azken artikuluan, Bizkaia beste euskal lurraldeekin lotu eta unitate bakar bat osatuko duela dio, baina autonomia berezia murriztu gabe.
Inguru Historikoa
XIX. mendean, euskal nazionalismoak bi faktore izan zituen eragile:
- Foruen abolizioa (1876).
- Industrializazioak ekarri zuen inmigrazio masiboa, tradizio sozialaren oreka kolokan jarriko zuelako beldurra zabaldu baitzuen.
Horrek "bizkaitarrismoa" sortu zuen, hasieran Bizkaian bakarrik izan zen nazionalismoa, geroago Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaltzeko asmoz.
Sabino Aranak, nazionalismoaren sortzaileak, Bizkaia nazio bat zela eta independentea izateko eskubidea zuela aldarrikatu zuen. Bere proiektu politikoa laburtzeko, JEL (Jaungoikoa eta Lege Zaharra) leloa proposatu zuen. 1894an "Euskeldun Batzokija" sortu zuen, eta bertan osatu zen Bizkai-Batzarra elkarteak bere ideologia jaso zuen. Estatutuetan, Sabinok foruen berrezarpena, integrismo erlijiosoa, arrazismoa eta zazpi probintzien konfederazioa defendatu zituen.
1895ean elkartea itxi zen, baina bertan Bizkaiko EAJren (Euzko Alderdi Jeltzalea) lehen exekutiba sortu zen. EAJk Espainiaren kontrako deklarazioa egin zuen, Euskadiko Lurraldetasuna berreskuratzeko asmoz. Alderdiaren ideologian Sabinoren ideiak nagusitu ziren, baina De La Sota enpresaburuaren sarrerak (1898) alderdian burgesiaren sarrera ekarri zuen, eta autonomia aldarrikatu zuten.
Sabino Aranaren heriotzaren ondoren, bi aukera nazionalisten arteko tentsioak sortu ziren alderdiaren kontrola eskuratzeko. Bi joera hauek gaur egun arte mantenduko dira: erradikalagoa eta independentista bat, eta pragmatikoa eta autonomista bestea.
Garrantzia
Dokumentu honek agerian jartzen du euskal nazionalismoa hasieran arrazoi kulturalekin lotuta sortu zela. Aisialdirako kultura elkarte horien eginkizuna Sabinoren ideia nazionalistak eta euskal kultura zabaltzea zen, aipatutako printzipioetan hezitako militanteak sortzeko.
Euskeldun Batzokijaren eraketak Sabino Aranaren oinarri politikoak onartzen zituzten pertsonak biltzea eta haien arteko batasuna eta adiskidetasun loturak indartzea izan zuen helburu. Hitz batean, alderdi indartsu bat lortzea.
"La Lucha de Clases" Astekariko Artikulua (1896-05-26)
Kokapena
"La Lucha de Clases" izeneko astekaritik hartutako dokumentua. Bizkaiko sozialisten astekaria zen; bertan langileen bizi-baldintzak salatzeaz gain, beren eskaerak ere agertzen dira. Jatorriaren aldetik historikoa da, beraz, lehen mailako iturria, formaren aldetik periodistikoa (artikulu bat delako), eta gaiari dagokionez, gizarteari buruzko testu bat da, langileen jarreraren berri ematen baitu. Kolektibitateari zuzenduta dagoenez, testu publikoa da.
Ez da egilerik agertzen; astekariaren izena ageri da sinaduran, eta horrek iradokitzen du editorial bat dela. Dokumentua Bilbon, 1896ko maiatzaren 23an sinatuta dago.
Analisi
Testuak Bizkaiko meatzetako langileen bizi-baldintzen salaketa eta aldatzeko eskakizuna jasotzen du.
- Lehenengo paragrafoan, Gallartan egindako asanbladaren berri ematen da, non langileek irtenbidea eskatzeko batzorde bat sortu zuten.
- Bigarren paragrafoan, 1890eko greban egindako eskaerak deskribatzen dira, hala nola lanaldiaren murrizketa eta barrakoiak eta dendak kentzea.
- Hirugarren paragrafoan, lan orduen murrizketa mantentzen dela dio, baina barrakoiei eta dendei dagokienez ez dela ezer aldatu.
- Laugarren paragrafoan, liberalismoaren kontra lantegien egoera salatzen da.
- Bosgarren paragrafoan, liberalismoak adierazten duen askatasunari uko egiten diola eta gobernuak zapalkuntza argi ezagutzen duela esaten da.
- Azken paragrafoan, Bizkaiko meatzetako langileek esklabotasun berria deitzen diote egoera honi, eta agintariek sistema horren gehiegikeriak mugatzen prest ez badaude grebarekin jarraituko dutela azaltzen da.
Inguru Historikoa
XVIII. mendearen amaieran hasi zen Industrializazio prozesua Ingalaterran eta gerora Europan zehar zabaldu zen, batez ere Alemaniara, Frantziara, Belgikara eta beste herrialde batzuetara. Espainian, prozesu hau XIX. mendearen erdialdean hasi zen, baina geldoa eta zaila izan zen, beste Europako lurraldeen konkurrentziagatik.
Katalunian (ehungintza) eta Bizkaian (siderurgia) hasi zen Industria Iraultza. Bizkaian, faktore batzuei esker (tradizioa, kokapen geografikoa, burgesia indartsua eta burdin mineralaren ugaritasuna eta kalitatea), industria haztea lortu zen. Burdina erauzteko eskulana asko behar zen, eta inmigrazio masiboa ekarri zuen; nekazal ingurua utzi eta langileak egoera okerragoan aurkitu ziren.
Langileen aldarrikapenak bi joeratan zabaldu ziren: anarkismoa eta sozialismoa. Euskal Herrian sozialismoak indar handiagoa izan zuen. Langileak enpresa handietan egoteak sindikatuak eta alderdiak sortzea erraztu zuen. 1879an PSOE (Espainiako Langile Alderdi Sozialista) Pablo Iglesiasek sortu zuen. Euskal Herrian Facundo Perezagua sozialista nabarmendu zen, eta Bizkaian lehen sindikatu sozialistak sortu ziren.
Langile mugimenduen eragina handia izan zen, baina prozesu geldoa izan zen. Lehen Mundu Gerraren osteko atzeraldi ekonomikoak krisi soziala eragin zuen, eta sindikatuak eta langileen jarrerak erradikalizatu egin ziren. 1918an Bilboko eta itsasadarreko langileak PSOE eta UGT sindikatuetan sartu ziren. 1919an III. Internazionala eratu zen, eta Bizkaian PCEk federazio bat izan zuen. Komunistek meatzarien sindikatua gidatzen zuten.
Langile mugimenduak, batez ere sozialistak eta komunistak, haien egoera hobetzea lortu zuten, baina prozesu geldoa izan zen.
Garrantzia
Testuan agerian jartzen dira euskal langile-mugimenduan pisu handia zuen langile-sektore baten eskaerak; hots, meatzarien eskaerak. Meatzarien borrokarako gaitasuna indartu zen 1890eko grebaren arrakastaren ondoren, eta dokumentu honetan meatzarien bizi-kalitatea nola hobetu daitekeen esaten da; auzi horrek ondo erakusten du inplikatuek zer ahalmen eta heldutasun zuten.
Oso ondo ikusten da, halaber, Bizkaiko langileen egoera eta haien borroka lan-baldintzak hobetzeko. Lehendabizi negoziazioaren bidea aukeratzen badute ere, argi uzten dute agintari politikoek konponbiderik ematen ez badute grebekin jarraituko dutela.
Meatzetako langileen manifestazioak industrializazioak sortutako klase borrokaren adibide bat dira.
Gaia: Bigarren Errepublika
Errepublikaren Aldarrikapena eta Aldi Konstituziogilea
Apirilaren 12ko udal hauteskundeetan monarkikoek lortu zuten zinegotzi gehien landa-eremuetan. Hiri handietan errepublikanoen eta sozialisten koalizioak irabazi zuen. Euskal probintzietan EAJk eta karlistek irabazi zuten, baina sozialistak eta errepublikanoak nagusi ziren. Maiatzaren 31n hauteskundeak errepikatu ostean, ezkerrak hartu zuen kontrola Gasteizen eta Iruñean.
1931ko apirilaren 14an Eibarrek Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen. Madrilen Niceto Alcalá Zamorak aldarrikatu zuen, gobernu berriaren izenean; erregea erbestera joan zen. Batzorde Iraultzailea, Donostiako Itunean sortua eta errepublikaren aldeko alderdi politiko guztiek osatua, Errepublikako behin-behineko gobernu bihurtu zen. Espainiako Bigarren Errepublika modu baketsuan iritsi zen. Sektore askorentzat erreforma politiko eta sozial sakonak egiteko asmoen sinboloa zen (Emakumeen lehen boto eskubidea Espainian, 1931).
Gobernuaren helburua Gorte Konstituziogileak osatzea zen. Zenbait erreformari heldu zitzaien:
- Lurralde gaiei buruzko eztabaida. Nazionalismoek jarri zuten autonomien auzia Errepublikaren mahai gainean. Gobernu errepublikanoak konpromiso bat lortu zuen, eta haren bidez Generalitatea berrezarri zen Katalunian. Estatuaren arazoa izan zen euskaldunen kezka politiko nagusia. Estatu osoan, euskal probintzietan baino ez zuten lortu garaipena eskuineko alderdiek.
- Nekazarien miseria. Nekazarien egoera kaskarra arintzeko zenbait dekretu atera zituen gobernuak. Nahitaezko lur lantzeari buruzko dekretuek lurrak landuta izatera behartzen zituzten lur-jabeak. Udalerrien dekretuek nekazaritzako langabezia murriztea zuten helburu. Laneko istripuen asegurua eta zortzi orduko lanaldia ere onartu ziren.
- Hezkuntza. Analfabetismoa desagerraraztea eta irakaskuntza laikoa sustatzea ziren gobernuaren helburu nagusiak. Erlijioa derrigorrez irakasteko agindua kendu zuen.
- Armadaren erreforma. Azañak, Gerra ministroak, abiarazi zuen. Armada modernizatua nahi zuen.
- Ordena publikoaren auzia. Polizia armatuen talde berri bat sortu zuen gobernuak: Asaltoko Guardia.
Erregimen berriak Eliza Katolikoarekin izan zuen lehenengo gatazka larria. Joera anarkistako talde txikiek elizak eta komentuak erre zituzten.
Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak egin ziren, Errepublikaren konstituzioa idazteko. Gizonen sufragio unibertsala ezarri zen, eta bozkatzeko adina 23 urtera jaitsi zen. Lehen aldiz, hauteskundeak benetan libreak eta garbiak izan ziren. Errepublikanoen eta sozialisten koalizioak gehiengoa eskuratu zuen. Euskal probintzietan, ordea, ezker errepublikano-sozialistak porrot handia izan zuen. EAJk, karlistekin koalizioan, erlijioa eta Lizarrako proiektua defendatu zituen, eta ordura arteko hauteskunde emaitzarik onenak eskuratu zituen.
Gorte Konstituziogileek Espainiaren historiako lehen konstituzio demokratikoa onartu zuten. Sozialistek eta ezkerreko errepublikanoek errepublika demokratiko eta akonfesional bat ezartzeko konpromisoa hartu zuten. Eskubide eta askatasun asko jasotzen zituen: boto eskubidea aitortzen zitzaien emakumeei, ezkontza zibila eta dibortzioa ezartzen zituen. Ekonomiaren zenbait sektore nazionalizatzeko aukera sortu zuen.
1931ko konstituzioak botereen erabateko banaketa ezarri zuen:
- Gorteak ganbera bakarrekoak ziren. Gaitasun handia zuten legeak egiteko eta gobernua kontrolatzeko.
- Errepublikako presidentea (estatuburua) eta gobernuko presidentea izendatzea, eta legeak promulgatzea ziren haren funtzioak.
- Auzitegien autonomia eta independentzia ziren justiziaren oinarria. Epaimahaiak ezarri ziren, eta Berme Konstituzionalen Auzitegia sortu zen, legeak konstituzioarekin bat zetozela ziurtatzeko.
Konstituzioaren arabera, Errepublika estatu integral bat da, eta hori bateragarria da udalerrien eta eskualdeen autonomiarekin. Probintziak eskualde autonomotan antola zitezkeen. Estatuaren akonfesionaltasuna, gurtza askatasuna eta estatuaren eta elizaren arteko banaketa ezarri ziren, elizari estatutik jasotzen zuen finantzaketa kenduz. Erlijio kongregazioei hezkuntzan eta merkataritzan aritzea debekatu zitzaien. Eztabaida latzak eragin zituzten, eta oso ondorio larriak izan zituzten: Alcalá Zamorak eta Maurak dimititu egin zuten. 1931ko abenduaren 9an onartu zen konstituzioa, indar politiko guztiak ados jarri gabe jaio zena.
Konstituzioa onartu baino lehen, Gorteek Alfontso XIII.a epaitu zuten, Primo de Riveraren estatu-kolpean izandako erantzukizunagatik, eta ondasunak kendu zizkioten.
Biurteko Erreformista (1931-1933)
Konstituzioa onartu ostean, Niceto Alcalá Zamora Errepublikako presidente hautatu zuten. Gorteak ez desegitea adostu zuten, zenbait lege onartu arte. Alcalá Zamorak Azañari eskatu zion gobernua eratzeko. Lerrouxek (Alderdi Erradikaleko buruak) uko egin zion gobernuan sozialistekin batera egoteari. Azkenean, ezkerreko errepublikanoen eta sozialisten arteko aliantza aukeratu zuen Azañak, egonkorragoa iruditu baitzitzaion.
Errepublika ezartzearekin batera, 1929ko munduko krisia gertatu zen. Kanpo-merkataritza izan zen sektorerik kaltetuena. Espainiako ekonomiaren betiko arazoek ekarri zizkieten Espainiako herritarrei zailtasun ekonomiko larrienak. Politika ekonomikoak kapitalismo liberal klasikoaren errezetei jarraitu zien: aurrekontu orekatua eta moneta indartsua izatea. Baina erreformekin, gastuek gora egin zuten. Ekonomiaren bilakaera negatiboak erreformak oztopatu eta gizarte-gatazkak areagotu zituen. Herrialdea modernizatu eta demokratizatzea zuen helburu.
Erlijio Politika
- Gobernuak Eliza eta Estatua bereizi nahi zituen, eta Elizak gizartean zuen eragina murriztu (dibortzioaren legea).
- Jesusen Lagundia desegin zuen.
- Erlijio Konfesioen eta Kongregazioen Legearekin Estatuak Elizari ekarpenak egiteari utzi zion.
Hezkuntza-erreforma eta Politika Kulturala
- Hezkuntza laikoa zen hezkuntza-erreformaren oinarria.
- Hezkuntza eta kultura politika horrek kultura herrikoia zabaltzeko ahalegina ere egin zuen.
- Lehen hezkuntzako eskoletako liburutegi sarea ugaritu egin zuen.
- Misio pedagogikoak ere sortu zituen: landa-eremuetan kultura hedatzea zuten helburu, eta intelektual nabarmenek hartu zuten parte.
Lan-arloko Erreformak
Largo Caballero sozialista nabarmendu zen arlo honetan.
- Lan Kontratuen Legeak lankidetza-hitzarmenetako hainbat gai arautzen zituen: lanaldia, eta emakumeen eta haurren lana. Kontratuak idatziz egin behar ziren eta bi urteko iraupena izan behar zuten.
- Epaimahai Mistoen Legeak langilez eta ugazabez osatutako epaimahaiak sortzeko agindu zuen.
- Langile Elkarteen Legeak sindikatuak arautzen zituen.
Autonomia-estatutuak
- Katalunia izan zen prozesua hasten lehena, Ezker Errepublikanoaren ekimenez. Gorteetan estatutu horri buruzko eztabaidak 1932ra arte iraun zuen. Bi faktorek lagunduta onartu zuten: Azañaren esku-hartzea eta Sanjurjok emandako estatu-kolpearen porrotak sektore errepublikano guztietan eragindako adostasuna. Murrizketa handiak egin zizkioten estatutu-proiektuari. Erakunde autonomikoek eskumen esklusiboak eskuratu zituzten.
- Euskal estatutua egiteko prozesua zaila eta konplexua izan zen. Estatutuaren behin betiko proiektuak hiru euskal probintziak eta Nafarroa hartzen zituen barnean. Porrot egin zuen. Proiektua bertan behera geratu zen, hauteskundeetan eskuinak garaipena lortu zuenean. 1936ko urrian onartu zen euskal estatutua, Espainiako Gerra Zibila betean.
- Galizian atzeratu egin zen estatutua egiteko prozesua. Alderdi Galegistaren eta Alfons Rodríguez Castelao-ren lanari esker, udalerrien batzar batek estatutu-proiektu bat aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu, Gerra Zibila piztu baitzen.
- Andaluzian, eskualdeko batzar batek estatutuaren aurreproiektua onartu zuen.
Nekazaritza Erreforma
Nekazaritza erreforma izan zen lan garrantzitsuena.
- Espainiako nekazaritza zaharkituta zegoen: atzerapen teknikoa, produktibitate txikia...
- Jabetzaren egitura desegokia zen.
Arazoak larriagotu ziren nazioarteko krisi ekonomiko handiarekin. Langabezia zela eta, suspertu egin zen jornalariek lortu nahi izan zuten asmoa: lurrak banatzea. 1923ko iraileko nekazaritza erreforma moderatua izan zen, modernizazio teknikoa eta jabetzak banatzea helburu zituena.
Euskal lurraldeetan, ez zen zalantzan jarri nekazaritza erreforma. EAJrentzat euskal estatutua zen irtenbidea, arazoei aurre egiteko beharrezko baliabideak emango baitzizkion herrialdeari.
Gaizki landutako lurrak desjabetu zitezkeela xedatu zuen. Nekazari komunitateen esku utzi zuten ustiapen erregimen kolektiboa edo indibiduala aukeratzea, sozialistak eta errepublikanoak ados egon zitezen.
1932ko Sanjurjo jeneralaren estatu-kolpeak porrot egin zuen, goi-aristokraziaren lurrak desjabetu ziren, eta legea onartzeko prozesua azkartu egin zen.
Legearen aplikazio motelak eta langabeziaren gorakadak matxinada anarkistak eragin zituen, baita borroka tragikoak ere ordena publikoko indarrekin.