XIX. Mendeko Ipar Euskal Herriko Literatura eta Euskalariak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,74 KB
XIX. mendea. Iparraldeko idazleak.
Sarrera
Gatazka, gudu, borroka eta altxamendu garaia dugu. Era askotako egituraketa politikoak egon ziren ehun urte hauetan: monarkia-aldiak, inperioak, errepublikak... Dena dela, lurralde-antolamenduari dagokionez, ez ziren gauzak lehenera itzuli, izan ere Euskal Probintziek ez zituzten aurretik zituzten eskubideak berreskuratu.
Garraiobideetan eta industrian urrats ikaragarriak eman zituen Frantziak. Iparraldean, ordea, industrializazioak eragin txikia izan zuen; nekazal giroko gizarte tradizionala izaten jarraitu zuen Ipar Euskal Herriak.
Estatu frantseseko eztabaida erlijioso eta borroka ideologikoen oihartzunak iristen ziren Iparraldera, baina Elizak indartsu zirauen oraindik. Euskarazko produkzioaren zati handi bat elizgizonengandik datorkigu oraindik, Hirugarren Errepublikak ezarri nahi zuen jarrera laikoari aurre egiteko, seguraski. Baina sekularrek ere gero eta pisu handiagoa izango dute mende honetatik aurrera.
Prosagintza
Lehen esan bezala, lan erlijiosoak izan ziren nagusi. Mende bukaeran lan ez-erlijioso literarioak agertu ziren, hala nola, J.B. Daskonagerreren "Atheka Gaitzeko Oihartzunak". Kontrabandista lapur baten pasadizoak kontatzen zaizkigu, baina frantsesezko originalaren itzulpena da; J.P. Duvoisinen ipuin-bilduma bat eta nekazaritzari buruzko lan didaktikoa, edo J.B. Elizabururen "Piarres Adame": izen bereko pertsonaiaren ibilaldi bat kontatzen digu. Hau aldizkarian puxkaka azaltzeko taxutu zen hasieran, eta horregatik-edo, batasun falta sumatzen da sarritan.
Bertsogintza
Nahiz eta kalitate aldetik oso maila altukoa ez izan, bertsogintzari dagokionean produkzio ugari zuen Ipar Euskal Herrian:
- Pierre Topet "Etxaun" koplakaria da ezagunena. Bizimodu zaila eta aldrebesa egokitu zitzaion zuberoar honi. Horregatik, gehienetan tristura, erresumina eta gorrotoa darie bere bertsoei.
- Aipatzekoak dira A. Abbadiek antolaturiko Lore Jokoak. Urtero ospatzen ziren euskal jai hauetan, beste askoren artean, euskarazko bertso onenari saria ematen zitzaion. Bertsogile asko aurkezten ziren, eta batzuen izen eta bertsoak ezagun bilakatu ziren Iparraldetik kanpora ere. Horien artean, Elizabururen "Solferinoko Itsasua" eta Zaldubiren "Zazpi Eskual Herriek".
Euskalari Atzerritarrak
XX. mendean zehar atzerritik etorritako zenbait euskalari ere aipatu beharra dago: L.L. Bonaparte, W.Y. Van Eys, H. Schuchardt... Euren lanei esker, euskal gramatikak, filologiak, dialektologiak, literaturak eta beste hainbat arlok aurrerapauso oso garrantzitsuak eman zituzten.