Wittgenstein: Hizkuntzaren eta Proposizioen Analisia
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB
Hizkuntzaren Analisia
Hizkuntza zen bere ardura nagusia. Hizkuntza esaldiz osatuta dago. Baina, desberdinak izan arren, bi edo hiru esaldik gauza bera adieraz dezakete. Esaldiaren esanahia proposizioa da. Hizkuntza aztertzeko, proposizioei begiratu behar diegu. Esaldia proposizioa adierazteko tresna zehatza da.
Bi motatako proposizioak daude: bakunak eta elkartuak. Proposizio elkartuak proposizio bakun batzuez osatuta daude. Proposizio bakunei atomiko deitzen zaie, eta proposizio elkartuei molekular. Proposizioak munduan gertatzen diren egitate edo gertakizunak ordezkatzen edo irudikatzen saiatzen dira. Proposizioek zerbait adierazi nahi dute, eta egiazkoak edo faltsuak izan daitezke. Edozein proposiziok bi balio hauek eduki ditzake: E edo F (egiazkotasun balioa edo faltsutasun balioa).
Proposizio atomikoa egiazkoa dela esaten dugu munduan gertatzen dena benetan ordezkatzen edo irudikatzen badu; bestela, faltsua izango da. Proposizio molekularren egi-balioa osatzen duten proposizio atomikoen egi-balioen arabera izango da. Badago teknika bat proposizio molekularren egi-balioa ezagutzeko: Egi-taula.
Proposizioen Esanahia eta Egi-Funtzioaren Teoria
Wittgensteinek proposatzen duen arazoa proposizioen zentzua da. Zentzua izatea eta egiazkoa izatea gauza desberdinak dira; proposizio faltsuek ere zentzua daukate. Proposizio bat ondo eratuta badago, zentzua du, proposizio hori baieztatu edo ezeztatu baino lehen. Proposizio bat zentzuduna da egi-balioa zehatz ezagutu aurretik. Egiazkotasuna edo faltsutasuna zentzuaren ondoren dator. Proposizioak eta munduan gertatzen diren gertakizunak konparatzen ditugunean lortzen da egiaztapena.
Ondorioa: Proposizio batek bakarrik egiazkoa ala faltsua den erabakitzeko gai bagara, zentzua izango du. Bestela, zentzugabeko proposizioa izango litzateke.
Izenaren Erreferentzia (Isomorfismoa)
Zein da proposizio atomiko baten egi-balio zehatza? “Euria ari du” proposizio atomikoa da. Leihotik begiratu eta euria ari badu, proposizioa egiazkoa izango da; bestela, faltsua. Erantzun egokia bilatzea ez da hain erraza: nola jakin dezake ikasle horrek “euri” izenaren erreferentzia zein den?
Proposizio atomikoek izenak dituzte oinarrizko osagai. Egi-balio zehatza zein den jakiteko, aurretik bere izenen erreferentzia ezagutu beharko dugu, baina ezin da izen baten erreferentzia hizkuntzaren bitartez adierazi. Erreferentziak aldakorrak dira. Nola jakin izenaren erreferentzia zein den? Hizkuntzak berak azaltzen du izenen erreferentzia zein den. Hizkuntzak ezin du adierazi izenaren erreferentzia zein den, baina azaldu bai azal dezake.
Wittgensteinek bereizten du proposizio baten bidez adieraz daitekeena (esanez) eta adieraz ezin daitekeena (azalduz). Hizkuntzak munduaren forma berdina du. Forma hori ikusita ulertzen dugu hizkuntzako izen bakoitzari munduko zein zati dagokion.