Wittgenstein: Hizkuntzaren Filosofiaren Bilakaera
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,95 KB
Wittgensteinen Lehen Garaia: Tractatus Logico-Philosophicus
Wittgensteinen teoria isomorfikoak dioen bezala, munduaren, pentsamenduaren eta hizkuntzaren artean harreman zuzena dago, hirurek egitura logiko bera baitute. Mundua gertakari atomikoez osatuta dago, eta hizkuntza proposizio atomikoez. Hizkuntzaren proposizioak aztertuz mundua ezagutuko dugu.
Proposizioak eta Egiaztapen Printzipioa
Filosofia ez da teoria bat, jarduera bat baizik, hizkuntzaren egitura logikoa argitzea helburu duena. Hizkuntzaren funtzio bakarra mundua deskribatzea da (funtzio irudikatzailea), beraz, hizkuntzak esanahia duten proposizioak aztertzen ditu, zientzia-mailakoak diren ala ez. Horretarako irizpide bat dago: Egiaztapen printzipioa.
Honen arabera, proposizio batek esanahia du mundu enpirikoan kontrastatu badaiteke. Esanahia duten bakarrak proposizio enpirikoak dira, hauek soilik kontrastatu daitezkeelako. Adibidez, “Euria ari du” proposizioak esanahia du, enpirikoki kontrastatu daitekeelako. Proposizio tautologikoek ere esanahia dute, baina definizioz soilik; ez dute inolako eduki enpirikorik. Esanahia duten proposizioak enpirikoki kontrastatzean errealitatea islatzen badute, egitazko proposizioak izango dira (adibidez, aurreko proposizioa kontrastatzean, benetan euria ari badu). Azkenik, badira proposizio batzuk Egiaztapen printzipioa betetzen ez dutenak, ez digute munduari buruz ezer esaten. Hauek sasiproposizioak dira, proposizio metafisikoak, esanahirik gabekoak. Hizkuntzaren esparrutik at daudenez, ezin da metafisikari buruz ezer esan.
Wittgensteinen Bigarren Garaia: Ikerketa Filosofikoak
Filosofia jarduera bat da, eta bere eginkizuna hizkuntza aztertzea da. Wittgensteinen bigarren garaian, Ikerketa Filosofikoak obran, hizkuntza arrunta, naturala, ez-zientifikoa aztertzen du, anbiguotasunez betea eta gramatika zabalagoa duena. Helburua anbiguotasunak desegitea da, bere komunikazio-asmoa argitzeko.
Hizkuntzaren Erabilera eta Hizkuntza-Jokoak
Hizkuntzaren funtzioa komunikatzea, elkar ulertzea da, baina mota guztietako gauzak komunikatzen ditu. Beraz, proposizio mota ezberdinak daude, eta ez dira zehatzak; proposizio batek funtzio bat baino gehiago izan dezake. Hizkuntzak ez du mugarik; hizkuntzaren erabilera ezberdinak daude. Hitzen esanahia aztertzeko orduan, hizkuntzaren erabilera aztertu behar da: hitz hori eguneroko bizitzan non, nola eta zertarako erabiltzen den aztertu behar da. Beraz, proposizio baten esanahiak ez du zerikusirik bere egitura logikoarekin, eta galdera “Zer erabilera du hitz horrek?” da.
Hizkuntzaren erabilera ezberdin horiek hizkuntza-jokoak dira. Hizkuntza-joko desberdinak daude, eta horiek argitzen baditugu, proposizioaren erabilera argituko dugu, hau da, jakingo dugu zer komunikatu nahi duten. Guzti honekin frogatzen du ez dagoela arazo filosofikorik; arazoak hizkuntza-mailakoak dira.