Utopiaren Kritika eta Defentsa: Gizarte Idealaren Bideak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,49 KB
Pentsamolde Utopikoari Egindako Kritika
Utopia positiboen kritikak ugariak dira.
Alderdi Teorikoa: Errealismo Politikoaren Kritikak
- Ezinezkoa da utopia positiboak egia bihurtzea. Gizakia den modukoa da, eta ez dago izate hori aldatzerik.
- Totalitarismoaren gaitzespena. Utopiak egia bihurtzeko, indarkeria erabili behar da, erabateko plangintza eskatzen baitute. Ondorioz, askatasunik gabeko gizarte itxiak sorrarazten dituzte.
Gertakariei Dagokionez
- Zientziaren eta teknologiaren utopiak arazo guztiak konpontzeko itxaropena du, eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenei esker, hainbat eta hainbat arazo konpondu izan dira. Hala ere, gertakari latzak gertatu dira.
- Estatuaren plangintzaren bidez berdintasunean oinarritutako gizarteak sortzeko ahaleginek erregimen totalitarioei eman diete bide, edo erabat burokratizatutako gizarteei, bestela.
- Munduko biztanle gehienak pobreziak jota, miseria gorrian bizi dira.
- Komunikabideek eta informazio sareek garatutako informazio-utopiak kontrolatu eta bateratu egiten ditu jokabideak, tradizioak, kulturak eta sinesmenak.
Arrazoi Utopikoaren Defentsa
Utopiari buruzko kritika egiteko, pentsamolde utopikoko zein elementu diren beharrezkoak eta zein elementu diren kontingenteak bereiztu behar dira.
Errealismo Politikoaren Kritikei Erantzuna
Egia bihurtzeko aukeren inguruko kritika. Errealismo politikoak nahastu egiten ditu errealitatea eta gertakariak.
Errealitatea aldatzeko edo dagoenaren ordezko aukera-bideak bilatzeko aukerarik ez dagoela pentsatzen dutenak jarrera dogmatikoa dute erabat. Errealitatea eta ideala ez daude aurrez aurre; izan ere, errealitateak berak hobetzeko aukerak ditu bere baitan.
Totalitarismoaren aurkako salaketa. Errealismo politikoak ez du aintzat hartu gizakiak berekoikeriaz jokatu arren, aldi berean, eskuzabala eta altruista ere badela. Hori dela eta, aski izango da gizakiaren berezko eskuzabaltasuna eta errespetua indartzea.
Utopia ideala da, epe luzera lortu beharreko helburua, dagoena kritikatu eta gure ekintzak bideratzen dituena.
Utopismoak, aldiz, idealak zehatz moduan diseinatutako programa politiko bihurtzeko joera du.
Bidezko Gizarte Ideala
Marcusek zioen bezala, pentsamolde utopikoa ez dugu bihurtu behar nahitaez ezarri beharreko teoria zientifiko, gizarteko ekimen edo berrikuntza orori ateak itxiko baitizkiogu, bestela. Utopiatik abiatuz, bideak urratu behar ditugu, errealitaterantz beste aukera batzuk bilatu.
Gure jardunaren eredu izan behar duen bidezko gizarte horrek bi baldintza bete behar ditu:
- Oinarri Etiko Unibertsala: Bidezko gizarteak erabat bermatu behar ditu gizabidezko etikaren balioak, hau da: askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, giza eskubideak, ingurumenarekiko errespetua eta, azkenik, elkarrizketan oinarritutako jarrera.
- Eduki Utopikoa: Utopiek, beren benetako zeregina beteko badute, gizartea eta bizikidetza antolatzeko proposamenak ere egin behar dituzte.
Bi baldintza horiek uztartu egin behar dira, beraz, utopiak bere oinarrizko eginkizuna bete dezan. Utopikoa izatea ez da irrealista izatea. Utopia ez da errealismoaren kontrakoa, konformismoaren kontrakoa baizik.