Uraren Garrantzia eta Propietateak

Enviado por 98noelia98 y clasificado en Química

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,72 KB

Uraren Garrantzia Bikoitza

Urak garrantzi bikoitza du: zelulen eta biziaren funtsezko osagaia da, eta zenbait bizidunen habitata.

Uraren Egitura

Ura oxigeno atomo bat eta bi hidrogeno atomoren arteko lotura kobalente bidez eratzen da. Lotura ez da lineala, 104,5º-ko angelua eratzen du. Angelu horrek izaera polarra ematen dio urari, hidrogenoen inguruan karga partzial positiboa eta oxigenoaren inguruan karga partzial negatiboa sortuz.

Hidrogeno-Zubiak

Karga partzialen arteko lotura elektrostatikoak era daitezke, hidrogeno-zubiak delakoak. Ur molekula bakoitzak 4 H-zubi era ditzake ondoko molekulekin. Lotura hauek etengabe sortu eta deuseztatzen dira eta oso ahulak dira, baina kopuru handian agertzen direnez, kohesio handia ematen diote ur likidoari.

Uraren Propietate eta Funtzio Biologikoak

Uraren izaera dipolarrak propietate fisiko-kimiko bereziak ematen dizkio:

1) Ahalmen Disolbagarri Handia

Ura disolbagarri unibertsala da. Urak hainbat molekula disolba ditzake beste ezein substantziak baino hobeto: konposatu ionikoak, molekula polarrak eta molekula anfipatikoak.

Funtzio biologikoak:

  • Substantzien garraiobidea da izaki bizidunen barnean.
  • Metabolismoko erreakzio asko uretan gertatzen dira eta gertatu beharra dute.
  • Mintzen eraketan laguntzen du, molekula hidrofoboak (lipidoak, fosfolipidoak, kolesterola, e.a.) agregatuaraziz.

2) Lurruntze-Bero Handia

Lurruntze-beroa likido baten gramo bat irakitepuntuan gas bihurtzeko behar duen kaloria kopuruari deritzo. Uraren lurruntze-beroa handia da.

Funtzio biologikoak:

  • Gorputzaren tenperatura erregulatzeko lagungarria da.

3) Kohesioa eta Atxikidura

Urak barne-kohesio handia du, H-zubiak ezartzeko gaitasunari esker. Atxikidura-gaitasun handia du, karga positibo zein negatiboak dituen edozein molekula edo gainazaletara lotzeko gauza delako.

Funtzio biologikoak:

  • Kohesio eta atxikidurak kapilaritate-fenomenoak sortzen dituzte. Hau, adibidez, ezinbestekoa da landareetan izerdia xilematik igotzeko.
  • Ura ia konprimagaitza den likidoa da. Hau, adibidez, lagungarri da eskeleto hidrostatikoa duten bizidunetarako (landareak kasu).
  • Xurgapenerako ezinbestekoak dira fenomeno hauek.

4) Bero Espezifiko Handia

Urak bero espezifiko handia du, hots, bero-kantitate handi xurga dezake tenperatura nabarmen igo gabe. Eta alderantziz ere, urari asko kostatzen zaio hartutako beroa askatzea. Ura berotzean, molekulen arteko H-zubiek molekulen energia zinetikoa handitzea eragozten dute. Energiaren zati bat lotura horiek apurtzen erabiltzen da.

Funtzio biologikoak:

  • Ura indargetzaile termikoa da izaki bizidunetan, organismoaren tenperatura iraunkor mantentzen laguntzen du.

5) Erreaktibotasun Kimikoa

Ura erreaktibo kimiko indartsua da, H3O+ (hidronioa) eta OH- ioietan disoziatzeko gaitasunari esker.

Funtzio biologikoak:

  • Hidrolisirako gaitasuna, hots, loturak apurtzeko gaitasuna.

6) Dentsitate Handiagoa Egoera Likidoan

Ura izozterakoan, ur-molekula bakoitzak 4 H-zubi ezartzen ditu ondoko molekulekin, sare-egitura irekia eratuz; ondorioz, molekulak egoera likidoan baino bananduago dute, hots, bolumen handia betetzen dute. Horregatik, izotzak ur-likidoak baino dentsitate txikiagoa dauka.

Funtzio biologikoak:

  • Izotza ur-likidoaren gainean flotatzen du. Ur-masa handietan, izotzak azalean geruza bat eratzen du, beheko ur-likidoa isolatuz. Horrela, izozpean urak 0ºC-tik gora egongo da, bizitza baimenduaz.

Entradas relacionadas: