Txinako Herri Errepublikaren Ekonomia eta Merkatu-sozialismoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,77 KB

Txinako Herri Errepublikaren Ekonomia

Baldintza geografiko eta demografikoak

Txinaren aniztasuna betidanik izan da nabaria. Aniztasun horren arrazoiak honako hauek dira:

  • Geografiaren handitasuna: Asiako herrialde ia guztiekin egiten du muga; orografia bera ere konplexua da (Himalaia mendikatea, Gobi basamortua, Ozeano Barearen kostaldea, eta abar); ibai nabigagarri batzuk oso luzeak dira (*Ibai Horia*, *Ibai Urdina*), batez ere ekialdeko lurraldeetan; lurraren % 10 inguru soilik erein daiteke; lur azpiko aberastasuna nabaria da (harrikatza, petrolioa, burdina, kobaltoa, nikela, eta abar).
  • Klimaren aniztasuna: Horren arrazoiak dira herrialdearen tamaina itzela eta bere orografia eta kokapena (Siberiaren eta Ozeano Barearen artean). Kostaldeko lurraldeetan, bistakoa da montzoiaren garrantzia.
  • Demografiaren kopurua: Oso handia da (1.300 milioi biztanle baino gehiago). Banaketari dagokionez, hego-ekialdean dago biztanle-dentsitate handiena; iparraldea eta mendebaldea, ordea, biztanle gutxiko lurraldeak dira. Zenbaitetan, oso arazo larria izan da demografiaren presioa, eta muturreko politika arbitrarioak eragin dira jaiotza murrizteko.

Merkatu-sozialismoa Txinan

Mao Zedongen heriotzaren eta Deng Xiaopingen etorreraren ondoren, 1970eko hamarkadaren amaieran, beste urrats bat egin zen Txinako Herri Errepublikarentzat. Antolamendu zabalagoak bultzatu ziren, teknologia- eta merkataritza-esparruetan atzerriko elkarkidetzarako gertu zeudenak, batez ere Japonia eta AEBekin. Maoren antzeko muturreko planteamendu ideologikoak gainbehera hasi ziren, eta agintari berrien tankera pragmatikoagoa nagusitu zen.

Ekonomiaren ikuspegitik, beste estrategia bati ekin zioten, berriro Lau Modernizazioen programan oinarritu zena; hots, nekazaritzaren, industriaren, defentsaren eta zientzia-teknologiaren esparruak suspertu ziren berriro.

Irekitasunaren aldeko neurri horien ezaugarriak izan ziren, besteak beste:

  • Kanpoarekiko irekiera, batez ere teknologiaren eta merkataritzaren esparruetan; aurreko autarkiaren amaiera izan zen (jarduera horri Kanpoalderanzko Salto Handia deitu zioten). Aldi berean, politika aproposa gauzatu zen kanpoko kapitalak erakartzeko eta atzerriko bankuak Txinan bertan kokatzeko.
  • Barneko kontsumoa gehitzea.
  • Lehentasuna industria arinari eman zitzaion, industria astunaren bizkar.
  • Enpresa mistoaren eredua garatzen hasi zen, zeinaren jabetza estatuaren eta inbertitzaile pribatuen —askotan atzerritarrak— artean banatzen baitzen.
  • Ekimen pribatua piztu zen.
  • Baliabideen banaketan eraginkortasun handiagoa bilatu zen; hain zuzen, garrantzi handiagoa eman zitzaion merkatuari, eta elkarkidetza areagotu zen estatuaren eta ekimen pribatuaren artean.

Dena den, harturiko liberalizazio-neurri horiek ez ziren zabaldu herrialde osoan zehar. Momentuz, soilik EEESn (*Ekonomia Eremu Esklusiboak*) ezarri ziren irekitasunaren aldeko politika horiek. Besteak beste, lurralde horiek izan ziren: Shenzhen, Shantou, Zhuai eta Xiamen; kapitalismoaren eredu esperimentalak ziren, Txinan bertan. Dena dela, horrekin guztiarekin, biziki areagotu ziren kostaldeko lurraldeen —EEES kokatzen zen lekua, hain zuzen ere— eta herrialdearen barnealdearen artean izandako ezberdintasunak.

Ikuspegi politikotik, gainera, askoz motelagoak izan ziren liberalizaziorako neurriak. XXI. mendea hasia zen eta, artean, nabaria zen demokrazia eza, Txinako Alderdi Komunista izan baitzen aukera politiko bakarra. Hain zuzen ere, dualtasun horrek (alde batetik, ekonomiaren liberalizazioa eta, beste alde batetik, aniztasun politikoaren eza) sortu du Txinako merkatu-sozialismoa delako kontzeptua.

Entradas relacionadas: