Turismofobia: Gure Tokiarekin Berriz Konektatzeko Beharra
Enviado por Chuletator online y clasificado en Ciencias sociales
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,55 KB
Aurreneko aldiz katalanez ikusi nuen: “no és turismofòbia, és lluita de classes”. Gaurko hau da adierazteko nirea eta beste askorena turismofobia garbi-garbia dela.
Turismoa debekatzearen ametsa
Nire esku balego, eta fatxa mailan jarrita, turismoa debekatuta geldituko litzateke mundu guztian eta mundu guztiarentzat. Zer debekatuko genuke? Ba beste inolako beharrik edo justifikaziorik gabe (ez da erraza izango erabakitzea zer den zer, badakit), urrutiko tokiak ikustera edo ezagutzera joatea (eta urruti egongo litzateke, nire balizko diktaduran, hegazkinik hartu gabe herrira lotara ezin itzul gintezkeen edozein toki).
Erabaki gogorra da, baina gauzak oso gaiztotuta daude eta gelditu beharra dago 40 bat urtez luzatu den moda tonto hau.
Gizaki garatuaren aspermena eta ihesa
Gaiaren funtsa hauxe da: gizaki garatuari ematen diote jai, ematen dizkiote jaiak, eta harekin jai dago; ez dago gauza onik eta ez du alde egin arteko onik. Kentzen dizkiote lanak eta eginkizunak, eta ez daki zer egin bere buruarekin, biziarekin eta tokiarekin. Eta nola bere buruaz beste egitea gogortxoa den, bere munduaz eta bere tokiaz beste egiten du.
Izan ere, zer egiten du gizaki heldu-garatuak bizian, eginkizunak kenduz gero? Eta ez dago erantzunik. Aspermena eta eromena egon daitezke, baina horiek ez dira parte onekoak. Edo jan-edana dago, edo kirola dago, edo pantailak daude (“munduko toki guztiak” ikus daitezkeen etxe barruko pantailak!), baina ezer ez da nahikoa, eta… atera beharra dago, nonbait “galduta bezala” sentitu beharra daukagu geure lekuan “aurkituegiak” gaudenok.
Geure lekuari eta biziari buruzko “ideia” bat eginda bizi gara: ideia puta bat eginda; eta ideia putarik gabe bizitzeko, desagertu beste biderik ez dugu ikusten. Alde egiteari “lekuak hustu” esaten diote beste euskara batzuetan, eta horixe egiten du turismoak: leku batzuk gehitxo hustu eta beste leku batzuk gehitxo bete.
Turista: tonto azkarraren papera
Gizaki heldu-garatuak jolaserako abildadea eta gustua galduak ditu (eta solaserako ere hortxe nonbait), eta turismo tontoan erori da. Eta turismo tontoa diot, zeren turistak, dabilen tokian, tontoarena egiten baitu, tontoarena egiten baitugu; eta, zehazkiago esanda, tonto azkarrarena, uste baitugu bazter-ikusle edo ikusmirante izateak lekuarekin “konektatzea” dakarrela.
Eta ez: geure tokiarekin deskonektatzeak (eta zorioneko deskonektatze hori da gaur turismoaren habeetako bat) ez du esan nahi beste toki batekin konektatzen ari garenik, eta beharbada adierazten duena da gure erabateko konektatu ezina eta, bereziki eta superbereziki, geure biziarekin eta tokiarekin konektatu ezina.
Konponbidea: jolasa eta primitibismoa
Baikor jarrita, honek badu konponbidea: geure tokiarekin atzera konektatzeko, heldu-garatuok bihurtu beharra daukagu heldugabeen eta garatu gabekoen pareko; umeen eta primitibo izenekoen pareko, alegia. Primitiboek erraz egiten dute jolas:
- Erraz ukitzen dute elkar (zorriak kentzeko aitzakian, adibidez).
- Erraz egiten dute dantzan, kantuan, txortan eta abarretan.
- Badakite beren gorputzak goi eta behe koloreztatzen.
Umeak ere jolaserako daude, eta gu ezin jarriko gara haien pare egun batetik bestera, baina aurreneko pausoa izan liteke uztaileko udaleku irekietako ume-jardun erdiprogramatuen tankerako gauzekin saiatzea helduok ere: altxor-bilatze, ur-festa, horma-margotze, eta hola.
Eta umetzeak eta primitibotzeak esan nahi dute, besteak beste, diruak bere balio guztia galtzea. Niregatik balitz, oporretan diruak ere jai hartu beharko luke, eta dirurik erabili ezinik emango genuke opor-denbora… ea zer gertatzen den, ezta? Ez al da tentagarria?
Etorkizuneko iragarpena: toki bizigarriak
Ez dakit: zeozer asmatu beharra dago gure biziarekin eta tokiarekin berriro konektatu eta munduan zehar gure nazkamena eta ezina erakusteari uzteko. Ni sinistuta nago azken hamarkada hauetako moda tonto hau pasako dela; bukatuko dela “nonbaitera joan beharra”.
Eta gehiago ere esango dut: orain urtero Santaporkuloraino joanez dabiltzanak damutu egingo dira beren “bidaia zoragarriekin” eta lotsaz eta gezurrez ezkutatu egingo dituzte gerora. Horixe da nire iragarpena.
Eta berriro baikor jarrita: bukatuko da egunen batean toki “ikusgarrien” gaineko industria jasangaitz hau, eta etorriko da toki “bizigarrien” aldeko indar iraunkor bat. Klase-borroka eta ostia! Turismofobia da.