Thomas Sydenham: Gaixotasun Espeziaren Kontzeptuaren Aitzindaria
Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,89 KB
Thomas Sydenham (1624-1689) mediku ingelesaren lan pertsonalak bete zuen Barrokoaren patologiaren (XVII. mendea) kapitulu nagusia, hori izan baitzen mende horretako medikuntzaren figurarik ospetsuena. Sydenhamek hainbat lan egin zituen. Horien artean, hurrengoak gogoratu behar dira: Observationes medicae circa morborum acutorum historiam et curationem (gaixotasun akutuen gaineko bere funtsezko ikerketa) eta sifilia, histeria, hezueria eta hidropesia bezalako eritasun zehatzetara zuzendu zituen monografiak.
Sydenhamen Helburua eta Jarrera Enpirikoa
Berez, Sydenhamen helburua ez zen medikuntza sistema bat egitea, nahiz eta bere lan klinikotik hori deduzi daitekeen. Sydenhamek mendean indarrean zeuden medikuntza sistemen aurrean hartutako jarrera kritiko jakin batetik abiarazi zuen dena. Ez zetorren bat ez Galenoren tradiziozko sistemarekin, ez bere mendean sorturiko sistemekin ere; iatromekanikoarekin eta iatrokimikoarekin, alegia. Patologia sistema horien aurrean, Sydenhamek medikuak jarrera enpiriko bat izatearen alde egin zuen. Apustu horretan, kultura anglosaxoniarrak izandako tradizio enpirikoa islatzen da. Horrela bada, momenturen batean Sydenhami "Hipokrates ingelesaren" izenarekin ezagutu zitzaion, eta hori egokia zen. Hala ere, bere lan enpirikoaren emaitzak, hau da, "gaixotasun espezieen" doktrinaren elaborazioak, ez zetozen bat bete-betean Hipokratesek bere medikuntzan aterako ondorioekin.
Gaixotasunen Aurrean Jarrera Enpirikoa
Gaixotasunen aurrean, Sydenhamek jarrera enpiriko bat aldarrikatu zuen, aurretiazko hipotesien edo ikuskeren eraginik ez zuena.
Gaixotasunaren Arrazoiak Sydenhamen Arabera
Sydenhamen arabera, gaixotasunaren arrazoiak hurrengoak izan daitezke:
- Partikula miasmatikoek humoreetan sartzerakoan sortzen dituzten alterazioak.
- Atmosferaren (tenperatura, hezetasuna, eta abarren) ohiko nolakotasunen nahastetik sorturiko alterazioak.
- Azkenik, humoreen hartzidura eta usteldura.
Errealitate Klinikoaren Aurrean Jarraitu Beharreko Irizpideak
Errealitate klinikoaren edo gaixoen aurrean, Sydenhamek medikuak pairamenaren historia edo deskripzioa egiteko beharra aldarrikatu zuen, eta horrek hurrengo irizpideak jarraitu beharko lituzke:
- Medikuak bere esperientzia klinikoko kasuak ordenatu beharko lituzke, botanikoek landareak sailkatzeko erabiltzen zituzten irizpideei jarraituz; hau da, koadro klinikoaren itxurazko dibertsitatea ondo zehaztutako "espezie" jakinetara murriztu beharko luke.
- Lan horretan, aurretiazko edozein fisiologia edo patologia hipotesi alde batera utzi behar zuen. Gogoratu sistema iatromekanikoak, iatrokimikoak eta Galenorenak kritikatzen zituela.
- Gaixotasuna adierazten den sintomen diskriminazio bat egin beharko luke: "etengabeko fenomenoak" eta "behin-behinekoak" bereiztu beharko lituzke. Lehenengoak gaixoak pairatzen duen gaixotasunaren espeziaren araberakoak izango lirateke, eta bigarrenak gaixoaren banakotasunaren araberakoak; izaera, adina, sexua, eta abar.
- Azkenik, gaixotasunaren (bere motaren) eta urteko garaiaren artean egon daitekeen harreman posiblea zehazten saiatu beharko litzateke; gaixotasun esporadikoak eta urtaroko gaixotasunak bereizi behar zituelako.
"Gaixotasun Espeziea" Kontzeptua
Sydenham hipotesi horietatik azkenean "gaixotasun espeziea" kontzeptua mugatzera iritsi zen. Hori gaixotasunaren ikuskera "moderno" handia da; XVII. mendeko medikuntza europarraren konkista handia, alegia. "Gaixotasun espeziea" norbanakoengan errepikatuko litzatekeen gaixotzeko modu bat izango zen, horien ezaugarri indibidualak edozein izanik (adina, sexua, izaera, eta abar). "Gaixotasun espezieak" izadiak duen erregulartasun ordenatuaren adierazpenak izango lirateke, baita beren erreakzio anomaloetan ere. "Gaixotasun espeziaren" eta "espezie botanikoaren" arteko parekatze bat zegoen, baina gaixotasun espeziea pairatzen duen banakoak soilik adieraziko litzateke. Gaixotasuna pairatzen duen pertsonarengandik banatzen duen gaixotasunaren interpretazio baten aurrean gaude jada. Horrela bada, Hipokrates-Galenoren gaixotasunen humore-ikuskera gainditu zen.
Gaixotasun Akutuak eta Kronikoak
Patologia berezian, Sydenhamek gaixotasun akutuen eta gaixotasun kronikoen arteko banaketa argi bat egin zuen. Gaixotasun akutuen ibilbidea azkarragoa da, eta, horrenbestez, errazagoa da horiek forma espezifikoetara mugatzea. Gaixotasun kronikoen ibilbidea, aldiz, motelagoa da, eta horrek espezieak bereiztea zailtzen du; horrelakoetan, gaixotasuna pairatzen duen pertsonaren araberako izango litzatekeen faktore indibidualak eragin handiagoa izango luke. Adibiderik esanguratsuena, Sydenhamek egindako histeriari buruzko monografia da.
"Gaixotasun Espeziaren" Aurrekariak
Sydenhamen "gaixotasun espeziaren" aurrekarien artean, hurrengoak daude: Bacon, Locke eta Ray (azken honek landareen espezien lana formen arabera egin zuen).