Teknologia Gakoak: Adimen Artifiziala, IoT, Domotika eta Gehiago
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Medicina y Salud
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,11 KB
Turingen Testa
Turingen testa makina batek giza portaeraren antzeko eta pareko portaera adimenduna duen froga da. Alan Turingek 1950eko "Computing Machinery and Intelligence" saiakeran desafio bat proposatu zuen: gela batean epaile batek galderak egiten dituen bitartean, eta ondoko gelan gizaki batek eta makina batek galderak erantzuten dituzten bitartean, epaileak zein den zein ebatzi beharko du. Testa gainditzeko, galdetzaile estandar batek, bost minutuko elkarrizketa batean, denboraren %70ean makinak "engainatuta" egon behar zuen.
CAPTCHA Testak
Gaur egun webean hain erabiliak diren CAPTCHA testak (komentarioetan edo erregistroetan spama ekiditeko gaizki idatzitako letra horiek) Turingen testaren alderantzizko aldaeratzat hartzen dira, non ebaluatzailea makina bat baita eta ez gizaki bat. Eta, hain zuzen ere, CAPTCHA siglek Completely Automated Public Turing test to tell Computers and Humans Apart esan nahi dute ("harrapatu zaitut!" itzuliko genukeen zerbait adierazteaz gain). Spam softwarea gero eta hobea denez, CAPTCHA testak ere gero eta konplikatuagoak izaten dira.
Errealitate Areagotua
Errealitate areagotua teknologia bat da, errealitatea elementu birtualekin konbinatzeko aukera ematen duena, erabiltzaileari informazio aberatsagoa emateko. Horrela, ingurune bat sortzen du, non informazio birtuala lehendik existitzen diren elementu fisikoei gehitzen zaien. Erabiltzailea ingurune horretara sar daiteke hainbat gailuren bidez, hala nola ordenagailuen, mugikorren edo tableten bidez. Teknologia hori ez da nahastu behar errealitate birtualarekin; azken horretan, erabiltzailea guztiz birtuala den ingurune batean murgiltzen da, errealitatetik isolatuta.
Domotika
Domotika etxebizitzetako tresnak automatizatzean eta sistema bakar batean biltzean datza, energiaren kudeaketa, segurtasuna, ongizatea eta komunikazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Hortaz, esan daiteke etxebizitza domotikoa etxebizitza adimendun bat dela.
Geolokalizazioa
Geolokalizazioa objektu baten (telefonoa, tableta, ordenagailua, autoa, etab.) posizio geografikoa (koordenatuak) jakiteko ahalmena da. Gaur egun ia gehienok daukagu informazio hori eskaini dezakeen gailuren bat: telefono mugikorra. Edozein motatako telefono mugikorra, dela smartphonea edo ez, kokatu daiteke, geolokalizazioa egiteko hainbat modu ezberdin baitaude.
Adimen Artifiziala
Adimen artifiziala izaki bizidunen prozesu arrazional eta deduktiboak burutzeko makina batek duen gaitasuna da. Sarritan, adimen artifizial izena gizakiaren pentsaera edo giza psikearen prozesuen imitazioa gailu informatikoen bidez lortzea helburu duen zientziari egozten zaio. Adimen artifizialaren helburu nagusia makinek gaurdaino gizakiek soilik burutu ahal izan dituzten betebeharrak betetzean datza, baita izaki bizidunen eta bereziki gizakien garunaren eta haren funtzionamenduaren ulermena areagotzea ere.
Robotika
Robotika roboten zientzia eta teknologia da. Roboten diseinuaz, aplikazioez eta manufakturazioaz arduratzen da. Robotikak hainbat gai konbinatzen ditu, hala nola mekanika, elektronika, informatika, adimen artifiziala eta kontrol ingeniaritza. Robotikaren beste zenbait arlo garrantzitsu aljebra, automata programagarriak eta egoera-makinak dira.
Hiri Adimenduna
Hiri adimenduna edo Smart Citya, beraz, hiri bat da, zeinean bertan eskaintzen diren zerbitzuak –ura, energia, komunikazioak, garraiobideak, zabor-bilketa, hezkuntza, etab.– era jasangarri eta eraginkor batean eskaintzen diren, bertako eragile eta erakunde guztien artean azpiegiturak eta plataformak partekatuz.
Gauzen Interneta
Gauzen Interneta: Labur-labur azaltzeko, eguneroko gailu eta produktuen elkarren arteko interkonexioari buruz ari gara Gauzen Interneta aipatzen dugunean. Beraz, gailu batek besteari informazioa edo datuak pasatzea eta elkarreragitea ez da etorkizuneko amets bat, jada gaur egun gertatzen ari dena baizik.
Merkataritza Elektronikoa
Merkataritza Elektronikoa ondasunak eta zerbitzuak sistema telematikoak baliatuz egiten den salerosketan datza. Merkataritza elektronikoan, transakzio komertzialak kontsumitzailea eta saltzailea kontaktu fisikorik gabe gertatzen dira, eskaerak eta ordainketak Internet bidez eginez. Horrela, truke horiek errazagoak, azkarragoak, eraginkorragoak eta merkeagoak ere izaten dira. Abantaila horiengatik, merkataritza elektronikoak izan duen hedakuntza dela eta, negozio eredu tradizionalek (dendak, etab.) aldaketak jasan dituzte.
Kriminalistika
Kriminalistika diziplinarteko zientzia bat da, metodologia zientifikoaren bitartez frogaren materializazioa auzitegien testuinguruan helburu duena; beraz, edozein zientzia auzitegi bihur daiteke prozedura judizialerako balio duen heinean. Nahiz eta hasiera batean kriminalistika kriminologiaren ardatzetako bat izan, gaur egun kriminalistika hedatzen joan da eta, ondorioz, hainbat espezialitate barnebiltzen ditu.