Taldea, sozializazioa eta lidergoa: kontzeptuak eta egiturak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 12,4 KB
1. Zer da taldea?
Taldea hitza ezaugarri komunak dituen elementu-multzoaren definiziotzat erabiltzen da. Gizarte-zientzietan, talde kontzeptua bere tamainagatik, egitura zehatzengatik eta zenbait ezaugarri komun izateagatik bereizten diren talde sozialei buruz hitz egiteko erabiltzen da.
Talde baten ezaugarriak honako hauek dira:
- Helburu bera edo berdintsua duten pertsonen multzoa.
- Elkarrekin komunikatzen diren pertsonen multzoa.
- Talde barruan beren beharrak asetzen dituzten eta taldea batasun gisara ikusten duten pertsonen multzoa.
- S. Frouferren arabera, taldea bizipen-egitura kolektibo berean parte hartzen duten, elkarrekin komunikatzen diren eta helburu berak dituzten pertsonen multzoa da.
2. Sozializazio prozesua
Sozializazioa gizakien arteko elkarreragin-prozesu bat da, hots, belaunaldiz belaunaldi gizarte bateko kideei kultura transmititzeko prozesua. Kultura honek gizarte edo talde sozial batek dituen ezaugarri espiritual, material, intelektual eta afektibo berezi batzuk adierazten ditu, besteak beste, bizitzeko moduak, balioak, ohiturak eta sinesmenak.
Sozializazio edo gizarteratzeko prozesu hori ez da kasualitatez edo esfortzu kontzienterik gabe gertatzen; aitzitik, hezkuntza eta kulturizazioa deitzen den ikaskuntza sozialeko prozesu konplexu batetik pasatu behar du gizakiak. Prozesu horretan, haurrak ez dira objektu pasiboak; aitzitik, aktiboak dira, eta beren inguruko presioei eta eskakizunei aurre egiten diete arrazoitzeko, ikasteko eta sortzeko gai direlako.
Lehen mailako sozializazioa
Haurtzaroan gertatzen da, jaiotzen den unetik. Etapa honetan, haurrak oinarrizko gaitasun intelektual eta sozialak bereganatzen ditu, gizarteko kide bihurtuz. Eragile nagusiak familia eta haur-eskolak dira. Garai honek eragin erabakigarria du nortasunaren eraketan.
Bigarren mailako sozializazioa
Lehenengoan oinarrituta, familiatik kanpoko taldeetan gertatzen da, batez ere eskolan, lagun-taldeetan eta komunikabideen bidez.
Hirugarren mailako sozializazioa
"Hirugarren mailako sozializazioa" edo birsozializazioa jarrera marjinalak edo antisozialak dituzten pertsonekin izandako harremanetan ager daiteke.
Etapak
- Haurtzaroa: Zaintzaileekin lehen harremanak; eskolan talde-jolasen bidez arauak eta harreman motak ikasten dira.
- Nerabezaroa: Familiaren eragina gutxitu egiten da; lagun-taldeek funtsezko papera dute nortasuna eta autoestimua garatzeko.
- Helduaroa: Rol sozial eta familiarrak hartzen dira; harreman afektiboak sendotzen dira.
- Zahartzaroa: Galerei aurre egin behar zaie; talde sozial berriek bizi-kalitatea hobetzen lagun dezakete.
Lehen eta bigarren mailako taldeak
Lehen mailako taldeak: Lotura afektibo estua, intimitate handia eta kohesio sendoa dituzte. Talde txiki eta informalak izaten dira, arauak modu ez-formalean ezartzen direnak, eta eragin handia dute pertsonen jarreretan. Adibide nagusiak familia eta lagun-taldea dira.
Bigarren mailako taldeak: Talde handiagoak dira, kideen arteko harremanak inpertsonalak eta instituzionalizatuak izaten dira. Izaera formala dute, arautegi esplizitu batekin (ordutegiak, betebeharrak). Adibideak enpresak, sindikatuak edo ikastetxe handiak dira.
4. Pertenentzia-taldea eta erreferentzia-taldea
Bereizketa hau gizakiak taldearekin duen loturaren araberako sailkapena adierazten du.
- Pertenentzia-taldea: Norberak aukeratu gabe kide duen taldea da, hau da, borondatezkoa ez dena. Garrantzitsuenak familia, auzokoa edo gelako taldea dira.
- Erreferentzia-taldea: Partaidearekin bat datorren eta haren balioak, arauak edo sinesmenak hartzen dituen taldea da. Talde horiek baldintzatu egiten dute gizakiaren jarrera; horrelakoetan, helburua talde horretako kide izatea izan daiteke.
3. Sortzeko arrazoiaren arabera: talde formalak eta informalak
Taldearen sorreraren planifikazio-mailaren arabera, bi mota:
- Talde formalak: Nahita sortzen dira, helburu zehatz batzuk lortzeko. Arau finkoak dituzte eta erakundearen helburuak gizabanakoenen gainetik izan daitezke. Adibidez: lantaldeak, ikertzaile-taldeak edo ekintza sozialeko taldeak (GKEak).
- Talde informalak: Bat-batean sortzen dira, sinpatiaren edo erakargarritasunaren arabera. Adibideak: lagun-taldeak edo lankide-taldeak.
Talde txikiaren kontzeptua
Ikuspegi psikosozialetik, talde txikia 3 eta 25 kide arteko pertsonek osatzen dute, eta kideen arteko harremanak zuzenak izaten dira. Kideek beren beharrak taldean asetzen dituzte, elkarrekintza afektiboa sortzen da (konfiantza, segurtasuna, poza), komunikazioa arina da, eta barne-egitura (arauak eta komunikazioa) zein kanpo-egitura (inguruan duen eragina) ditu. Koadrila adibide egokia da: talde txikia, lehen mailakoa, erreferentziazkoa eta informala.
Taldearen bizi-zikloa eta eraginkortasuna
Taldeek garapen-prozesu bat jarraitzen dute, eta etapa bakoitzak erronka propioak ditu. Etapak ulertzea funtsezkoa da taldearen osasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, batez ere animatzaile edo liderrarentzat.
Garapenaren etapak
- Orientazioa: Ziurgabetasuna eta onarpen-beharrak nagusi dira. Erronka nagusia elkar ezagutzea da. Animatzaileak konfiantza sortu eta komunikazioa erraztu behar du.
- Arauak ezartzea: Komunikazioa hobetzen da eta botere-lehiek ager daitezke. Animatzaileak errespetuan eta lankidetzan oinarritutako giroa sustatu behar du.
- Eraginkortasuna eta integrazioa: Kideek atxikimendu handia sentitzen dute, sormena eta errendimendua handituz. Animatzaileak autonomia bultzatu behar du.
- Amaiera: Helburuak lortuta, taldea desegiten da. Erronka banaketa egoki prestatzea da.
Talde-kohesioa
Kohesioak taldearen batasuna adierazten du, eta produktibitatea eta autoestimua handitzen ditu, nahiz eta kasu batzuetan ondorio negatiboak izan ditzakeen.
Kohesioan eragiten duten faktoreak
- Barnekoak: kideen arteko erakarpena, esperientzia partekatuak, helburu komunak, arauak eta beharren asetzea.
- Kanpokoak: lidergo demokratikoa, ingurune-presioa eta beste erakundeekiko harremanak.
Kohesioa sustatzeko estrategiak: Giro afektibo positiboa sortzea, helburuak argi edukitzea eta egoeretara egokitzeko gaitasuna izatea.
5. Komunikazioa eta motibazioa taldean
Komunikazioa
Komunikazioak taldearen nortasuna eraikitzen du, eta talde askok hizkuntza propioa garatzen dute barne-kohesioa sendotzeko. Teknologia berriek (mugikorrak, Internet, sare sozialak) komunikazioa azkartu eta erraztu dute.
Hizkuntza motak:
- Argota: Talde batek bere burua bereizteko edo kanpokoek uler ez dezaten erabiltzen duen hizkuntza berezia.
- Jerga edo hizkera teknikoa: Lanbide edo esparru jakin bateko hizkuntza espezializatua.
Motibazioa
Motibazioa giza portaeraren motorra da, eta taldearen garapenerako ezinbestekoa.
- Kanpoko motibazioa: Sarietan, zigorrak, diruan edo ospe sozialean oinarritzen da; eraginkorra izan daiteke, baina iragankorra.
- Barruko motibazioa: Norberaren asebetetzean eta lorpen pertsonalean oinarritzen da; iraunkorragoa eta konpromiso handiagoa sortzen du.
Skinner-en errefortzuaren teoria:
- Ondorio positiboak dituzten portaerak errepikatzeko joera.
- Ondorio negatiboak dituzten portaerak saihesteko joera.
- Helburuak orekatuta egon behar dira (ez errazegiak, ez zailegiak).
4.1. Talde-egiturak
Egitura soziometrikoak: Kideen arteko harreman afektiboak eta zaletasun/errefus-harremanak erakusten dituzte. Intimitatea, estimua, adiskidetasuna edo etsaitasuna dira oinarriak. Aztertzeko, soziograma erabiltzen da, galdeketa bidez.
- Liderak edo “izarrak”: kide askok aukeratzen dituztenak.
- Kide isolatuak: gutxik edo inork aukeratzen ez dituenak.
- Azpitaldeak: elkar aukeratzen duten baina besteengandik bereizita daudenak.
Botere-egiturak: Kide bakoitzak taldean duen estatusa eta eragin-maila zehazten dute.
- Talde formaletan: boterea hierarkikoa da, eta autoritatea argi definituta dago.
- Talde informaletan: boterea aldakorra da, eta trebetasunek, ospeak edo begikotasunak baldintzatzen dute.
Komunikazio-egiturak: Informazioa taldean nola zabaltzen den azaltzen dute:
- Gurpil-egitura: Oso zentralizatua; lan sinpleetarako eraginkorra.
- Biribil-egitura: Deszentralizatua; arazo konplexuak konpontzeko egokia.
- "Y" formakoa: Zentralizatua, bitartekarien bidez.
- Kate-egitura: Pixka bat zentralizatua; kide batek erdiko posizioa du.
4.2. Rolak eta lidergoa
Rolak: Rola pertsona batek talde barruan betetzen duen funtzioa da, eta egoeraren arabera alda daiteke. R. F. Bales-ek lau rol-maila bereizi zituen:
- Maila sozioemozional positiboa: Adore-emailea edo animatzailea, tentsio-gutxitzailea, bateratzailea.
- Laguntzeko lanen maila: Antolatzailea, laguntzailea, argitzailea.
- Lan-maila (orientazio-bilaketa): Galdetzailea, entzulea, eragozpen-adierazle positiboa.
- Maila sozioemozional negatiboa: Pasiboa edo desertorea, manipulatzailea edo menderatzailea, aurkari-erasotzailea.
Lidergoa: Liderra taldea helburuetara bideratzen eta kohesionatuta mantentzen duen pertsona da. Hiru lidergo-estilo nagusi bereizten dira:
- Autoritarioa: Erabakiak bakarrik hartzen ditu.
- Permisiboa (laissez-faire): Parte-hartze txikia du.
- Demokratikoa: Parte-hartzea sustatzen du; komunikazioa, sormena eta autonomia indartzen ditu.
Lantaldea eta talde-lana
Lantaldearen definizioa: Lantaldea helburu komun bat lortzeko antolatutako pertsona-multzoa da, non kideek beren ezagutzak, trebetasunak eta esperientzia partekatzen duten. Talde-lanaren balioa sinergian dago: taldearen ahalegin koordinatuak bakarkako lanen batura baino handiagoa izan daiteke.
Talde-lanaren abantailak
Talde-lanak abantaila anitz eskaintzen ditu: kideen ezagutzak eta baliabideak batzeak sinergia sortzen du, proposamen eta ikuspegi anitz agertzen dira, parte-hartzea eta konpromisoa handitzen dira, emaitzen ardura partekatua da, elkarreraginak aberasten dira, eta kideen autoestimua indartzen da.
Talde-lanaren zailtasunak
Erabakiak hartzeko prozesua motelagoa izan daiteke; batzuek besteen aurrean lots egin dezakete; ardurak argi ez badaude, galduta geratu daitezke; eta batzuek taldeak beren ekimena mugatzen duela sentitzeko arriskua dute. Halaber, gatazkek indar gehiago xahutu ditzakete helburuak lortzen baino, eta eginkizun-maila desberdinek tentsioak eragin ditzakete.
Lantalde eraginkorra izateko lau eskakizun nagusi
- Planifikazioa: Zer, nola eta noiz egin behar den zehaztea, bat-batekotasuna saihestuz. Helburuak, prozedurak eta arduradunak argi egon behar dira.
- Koordinazioa: Bitarteko eta ahalegin guztiak modu antolatuan uztartzea; eskumenak zehaztea, lan-plangintza edukitzea eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.
- Komunikazioa: Kideen parte-hartzea eta iritzien errespetua sustatzea; kohesioa eta gatazken kudeaketa bultzatzen du.
- Erabakiak hartzea: Taldeak sistema argi bat izan behar du, parte-hartzea eta adostasuna bilatuz.
Talde informalak:
Eragin positiboa: Komunikazioa errazten dute, kohesioa bultzatzen dute eta talde-sentimendua indartzen dute.
Eragin negatiboa: Zurrumurruak sortu ditzakete, aztoramena eta gatazkak eragin ditzakete, eta kideen motibazioari eta produktibitateari kalte egin diezaioke.