Susmoaren Filosofoak eta XX. Mendeko Pentsamendua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,31 KB
XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak: Darwin, Marx, Nietzsche, Freud
Errenazimentuan hasi eta Ilustrazioarekin amaitzen den prozesuarekin, arrazoimenak autonomia lortzen du, eta ezagutzaren eta gizartearen esparru guztiak arrazionalki ikertzen dira. Hegelek ere hori baieztatzen du: errealitatea espirituaren hedapena da, eta geroz eta arrazoimen maila altuagoa azaleratzen da historian. Historiaren ikuskera baikor bat nagusitzen da, gizakiak lege zientifikoen arabera gobernatuko baititu natura eta gizartea. Gizakia izaki arrazionala eta askea da, eta horrek animalien gainetik kokatzen du, kreazioaren zentroan.
Gauzak horrela daudenean, susmoaren pentsalariak agertzen dira. Horiek susmatzen dute gauzak ez direla erakutsi zaizkigun bezalakoak. Arrazionaltasun itxura horren atzetik trikimailu bat, tranpa bat, gezur bat dagoela susmatzen dute. Gauzak itxuraldatuta aurkezten zaizkigula.
Gizakia eta gizartea ez dira azaldu zaizkigun bezain askeak, arrazionalak eta bidezkoak. Gainazalaren azpian murgiltzen badira, ustelkeria eta interes konfesaezinak aurkituko dituztela susmatzen dute. Eta horretara jartzen dira: gainazalaren itxura garbiaren azpian dagoena azaleratzen dute.
Susmoaren filosofoek (Marx, Nietzsche eta Freud), Darwinekin batera, XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak jarriko dituzte.
Charles Darwin
Darwinen aurkikuntza zientifikoak iraultza bat suposatzen du arlo zientifikoan, baina, oro har, pentsamenduaren esparruan eragin handia izango du. Hautespen naturalaren teoriaren arabera, izaki bizidun guztiak eboluzio baten ondorio dira. Ingurune naturalean baliabide eskasia ematen da dauden bizidun kopuruarentzat. Horrek biziraupenerako borroka bat sortzen du espezieen eta espezie bakoitzeko banakoen artean.
Borroka hori hautespen natural batekin ebazten da: ingurunera hobekien egokitzen direnek bizirauten dute, besteak desagertzen joaten dira.
Gizakia ere hautespen naturalaren bidezko eboluzio horren emaitza da. Gizakiak izaki bizidunen artean suposatzen zitzaion erdigunea eta pribilegiozko egoera galtzen du. Beste animalia bat gehiago da, hominidoen eboluziotik sortua. Giza nartzisismoan bigarren zauria suposatzen du horrek.
Teoria zientifiko horrek hainbat aurreiritzi erlijioso eta filosofiko bertan behera botatzen ditu:
- Espezieen aldaezintasuna: espezie bakoitza banan-bana eta modu perfektu edo bukatuan sortu dela.
- Erlijio handien kreazionismoaren ideia.
- Historiaren zentzua edo nozio finalista: historiak plan bat jarraitzen duela.
Karl Marx
Marxek bizitza sozial eta ekonomikoaren ustezko arrazionaltasuna eta egokitasuna zalantzan jartzen ditu. Zalantzan jartzen ditu Hegelen historiaren eta bere garaiko erakundeen ikuskera baikorra eta britaniar ekonomialariek egiten duten sistema kapitalistaren eta liberalismo ekonomikoaren defentsa.
Hegeli bere idealismoa kritikatzen dio. Ikuskera materialista batetik, Marxentzat garrantzitsuena ez da espirituaren bilakaera, baizik eta gizaki zehatzek gizarte baten barruan dituzten baldintza materialak.
Idealismoak baldintza material horiek ezkutatu edo justifikatu nahi ditu. Izan ere, baldintza material errealei dagokienean, gizakien arteko zapalkuntza eta esplotazio ekonomikoa ematen da, baita gizarte kapitalistetan ere (ekonomialari britaniarren aurka).
Zentzu horretan, Marxek filosofiari kritika bat zuzentzen dio: errealitatea interpretatzera mugatu da, errealitatea aldatzea izan beharko lukeenean helburu. Marxek filosofia praxi gisa ulertzen du.
Friedrich Nietzsche
Nietzschek mendebaldeko kultura osoaren balio moralen inguruan zabaltzen du bere susmoa.
Greziarretatik hona, bizi-indarra eta botere-nahia bilatzen duen bizitzaren aurkako balioak nagusitu dira.
Ahulek eta gaixoek ezarritako balioak ditugu, boteretsuen aurkako erresuminetik eta erreboltatik sortuak.
Balioen iraulketa hori Sokrates eta Platonekin hasten da, kristautasunarekin jarraitzen du eta demokrazia eta sozialismo modernoetan islatzen da. Gezur handi bat saldu zaigu: ona denari gaiztoa deitu diogu, eta dekadentea denari ona. Bizitzaren aurkako jarrera dekadentea nagusitu da mendebaldean azken 25 mendeetan.
Sigmund Freud
Freudek zabaltzen duen susmoa gizakiaren esparru psikologikoari dagokio. Bere teoria psikoanalitikoaren bidez, zalantzan jartzen du gizakiak askeak eta arrazionalak direla. Bere teoriak eragin handia edukiko du pentsamenduaren historian eta, oro har, XX. mendetik gaur egun arteko kulturan.
Freudek inkontzientearen kontzeptua dakar mendebaldeko kulturara. Gure psikean, kontziente garen zatiaz gain, inkontzientea den kontinente zabal bat dago. Inkontzientea den neurrian kontrolatzen ez dugun zati handi horrek gure jokaera erabat baldintzatzen du. Eta zer dago inkontziente horretan?
Sozializazio prozesuan erreprimitu diren bulkada primitiboak (bortxakeriazkoak eta sexualak) batetik, eta gure irudi ideal erreprimitzailea bestetik. Zera eta supernia bezala izendatuko dituen errealitate psikikoak. Gure nia bi egitura horiengatik erabat baldintzatua eta mehatxatua aurkitzen da.
Gizakia, azken finean, bulkada eta elementu irrazionalez jositako izakia da. Ahultasun, konplexu eta minez beteriko gizakia ez da bere buruaren jabe. Ez da inolaz ere izaki arrazional eta askea.