Sozializazioa: Gizabanakoaren Garapena eta Gizarteratzea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,33 KB
Sozializazioa gizakiak gizabanakoaren eskumenean jartzen dituen hainbat abantaila dira, bere babes fisikoa ziurtatzeko eta beharrizan espiritualak betetzeko. Gizabanakoak trebatu beharra dauka lagun hurkoarekiko harremanen esparruan. Gizarte-sarean sartzeko eta bertan bere tokia aurkitzeko, gizabanakoak aurrerantzean egiten dituen gauza guztiak inguruan dituenak kontuan hartuta egiten ditu.
Gizarte-ingurunera moldatzeko, gizabanakoak kultura-ohiturak eta jarraibideak bereganatzen dituen prozesu horri sozializazioa deritzo. Gizabanakoa aldatuz doa, bere nortasuna osatzen du, eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako arauak barneratzen ditu. Sozializazioaren ondorioz, gizabanakoa bere taldearen kulturaren balioen arabera jokatzen ikasiko du, taldearekin identifikatzera eta bertako kide sentitzera ere helduko da.
Sozializazio-prozesua haurra jaio berria den unean hasten da. Baliogabetasun biologikoa, nolabait, orekatzeko, gizakumeek gaitasun itzela dute ingurukoetatik ikasteko. Beharrezko zenbait ezagutza praktikoz eta afektibitate-loturaz joango da jabetzen, sozializazioari esker, jokabidea eta nortasuna dagokion gizartean nagusi diren printzipioei jarraiki moldatu arte.
Sozializazio Faseak
Bi maila bereizten dira: lehen mailako eta bigarren mailako sozializazioak.
Lehen Mailako Sozializazioa
Haurtzaroan gertatzen da. Modu inkontzientean, alboko afektibitate-harremanak lantzen hasten dira. Harremanek oinarrizko gaitasunez hornituko dituzte. Gizarte-ohituretan moldatzen hasiko dira, eta indarreko balioen arabera jokatzea zer den ere ikasiko dute.
Haurrek, helduen jokaerak imitatzen dituzte, eta nagusiek, onetsi eta indartu egiten dizkiete imitazio-jokabide horiek sarien bidez, edo gaitzetsi, zigorrez baliatuz.
Lehen mailako sozializazioak gizabanakoa gizarte-munduan txertatzen du, elkarrekiko bizitzaren erreferentzian. Inguruko errealitate objektiboaren arlo berrietara iristen hasiko da.
Lehen mailako sozializazioa bukatu egiten da haurrak ulertzen duenean familiak erakutsitako balioak euren gizarteko balioak direla. Bizikidetza-arauak bereganatzen ditu.
Talde-jolasak berebiziko ariketak dira bizikidetzaren ikuspegitik. Identifikazio-mekanismoak lehentasuna hartzen hasiko dira.
Bigarren Mailako Sozializazioa
Gizabanakoak gizartera moldatzen jarraituko du bizitza osoan zehar. Lehen mailako sozializazio aldia gaindituta, neska-mutilek euren jokabideak inguruan nagusi diren ohituretara eta arauetara egokitzen jarraituko dute, baina modu kontzientean. Interesak eta nahiak sartzen dira moldatze-eginkizun horretan, eta printzipioen eta ohituren gaineko eztabaida kritikoa txertatzen ere hasiko dira.
Etengabeko ikaste-prozesu horretan, gizabanakoak lanaren banaketaren alorrean jardun ahal izateko gizarte-irizpideak bereganatuko ditu. Geroaldi hurbilean edo urrunean bete beharko duen rol edo eginkizun multzoaren jardunean aritzeko prest egongo da.
Sozializazio-eragileak
Eragileok askotarikoak dira: pertsonak, taldeak, erakundeak, komunikabideak... Haien zeregina jokaera-jarraibide antolatuak eskaintzea da.
Lehen Mailako Eragileak
- Familia: Hizkuntza eta kulturan oinarritutako balioak helarazten ditu afektibitate-loturen bitartez. Familia eragile garrantzitsuena da, aztarna sakon-sakona uzten baitu.
- Berdinkideak eta koadrilla: Adin bertsua duten besteenganako harremanetan sartzeak errealitatearen eta arazoen bestelako ikuspegiak eskaintzen ditu.
Bigarren Mailako Eragileak
- Eskola: Haurra harremanetan hasten den lehenbiziko erakundea da, gizarteratzeko helburua duena. Jakintza edo ezaguerak ez ezik, gizartean egoki moldatzeko trebetasunak eta bizikidetzarako arauak ere helarazten zaizkio.
- Hedabideak: Irratia, prentsa idatzia eta aldizkariak, zinema, Internet eta telebista dira gure egunotako informazio-ekarlerik gailenak. Jarrerak eta balioak ere proposatzen dizkigute, toki nabarmenak dituzten taldeek iradokita. Gizabanakoak homogeneizatu egiten ditu.
Lehen mailako eragileak gizabanakoaren afektibitate-alderdiari lotzen bazaizkio; bigarren mailako eragileak, berriz, hertsagarriagoak dira. Ematen zaizkion jarraibideak bereganatzera behartuta dago gizabanakoa, jarduten duen taldeetan nahi bezalakoak izan daitezen.