Somorrostroko meatzaritzaren historia: bilakaera eta gizarte eragina
Enviado por Chuletator online y clasificado en Francés
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,94 KB
Inguru Historikoa
Somorrostro eta Burdinaren Ustiapena
Somorrostroko meatzaritza erromatarren garaitik datatuta dago (Pliniok "burdinezko mendi bat" aipatu zuen). Erdi Arotik Bizkaiko eta Gipuzkoako burdinoletan erretzeko erabiltzen zen. 1855etik aurrera, Bessemer bihurgailuaren sorrerarekin, erauzketa kopuru handikoa izaten hasi zen. Bihurgailu horrek mineral ez fosforikoa behar zuen (Bizkaian ugaria zena). Horregatik, konpainia britainiarrak meatzaldean kokatu ziren. Hirugarren Karlistadaren garaian ustiatze masiboaren unea iritsi zen: trenbideak, aire-trenbideak, labe garaiak... eraiki ziren. Urte horietan erauzpen mailarik handienera iritsi zen (6,5 milioi tona).
Burdinaren gehiena Ingalaterrara esportatu zen, etekin handiak sortuz. Urte gutxitan, zenbait enpresaburuk aberastasun handiak lortu zituzten, eta batzuek lantegi berriak sustatu zituzten, hala nola, AHV 1902an.
Bizkaiko Industrializazioa
Bizkaiko industrializazioa, XIX. mendearen erdialdean hasia, burdin mineralean oinarritu zen. Bere ugaritasuna, kalitatea, ateratzeko erraztasuna eta itsasotik gertu egotea ustiatzeko mesedegarriak izan ziren. Horregatik, inguruko burdinolak ugariak izan ziren.
Bessemer bihurgailuaren sorrerarekin, 1855ean, meatzeen ustiapenak hazkunde ikaragarria izan zuen. Atzerriko kapitalek monopolizatu zuten prozesua, eta konpainia ingelesak, frantsesak, belgikarrak... inguruetan kokatu ziren. Meatzeak, mineralaren garraioa, ontziteria... ekoizpen sistema antolatuaren europar ikur bihurtu ziren.
Gizarte Eraldaketa
XIX. mendearen azken laurdenean, gizarte berri baten eraikuntza hasi zen. Jendetzaren handitzea ikusgarria izan zen, etorkinen etorrera bapatekoa eta antolatu gabea izanik. Meatzaldean azkar eraiki ziren barrakoiak, non ehunka meagizon pilatuta bizi ziren. Gehienak Espainiako iparraldetik (Gipuzkoa, Araba, Burgos, Kantabria, Errioxa...) etorritakoak ziren, denbora baterako, diru apur bat batu eta itzultzeko asmoz.
Langile auzoetako metatzeak meatzaldean izan zuen bere goren maila. Jabeek eraikin ahulak altxatu zituzten, lekualdatu zitezkeenak behar izanez gero. Barruti hauek ez zuten zerbitzu askorik izaten, eta ehunetik gora ohe izaten zituzten, bakoitza bi edo hiru langileentzat. Derrigortasun berbera zuten langileek enpresaren "cantina"-tan erosteko orduan. Prezioak garestiak ziren, eta elikagaiak kalitate txarrekoak. Ogia zen elikaduraren oinarria, eta urdaia, okel zikina, indabak, garbantzuak, patata eta ardoarekin osatzen zen. Gabezia nutrizionalak azaltzen dute gaixotasunen aurreko defentsa ezintasuna eta ohiko rakitismoa.
Lan orduak, hasieran, egun guztikoak ziren, eguraldiak ahalbidetzen bazuen, hamaika ordu edo gehiagoko lanaldiekin. Lan neketsua zen, eta ez zen beti izaten igandeetako deskantsua. Egoera horrek ekarri zuen 1890eko greba handia. Teorian, barrakoien eta kantinen derrigortasuna bukatu zen, baina praktikan jarraitu zuten. 10 orduko lanaldia izan zen lorpen bakarra.