Sokrates: Bizitza, Pentsamendua eta Eragina Filosofian
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,84 KB
Sokrates: Filosofiaren Giltzarria
Platonen maisua izan zen Sokratesek (K.a. 470-399) ez zuen ezer idatzi, baina bere pentsamendua eta bizitzeko era (erabat gogoangarria da bere epaiketa eta heriotzaren aurrean berak izandako jarrera ausarta) eragin handia izan zuten hainbat filosofoengan, bereziki Platon. Aristoteles berak dio hauek izan zirela Sokratesen ekarpen teoriko nagusiak:
- Elkarrizketa bidezko argudiaketa
- Definizio unibertsalen gaineko ikerketa
Sofisten Erlatibismoaren Aurkako Borroka
Atenaseko ordena sozial eta politikoa mehatxatzen ari ziren sofisten erlatibismoa burrukatzeko, Sokrates zuzentasuna, justizia, bertutea eta antzeko kontzeptuei definizio unibertsalak aurkitzen ahalegindu zen. Protagoras bezalako sofisten aurka, Sokratesek definizio unibertsalak egon badirela esaten du, kontzeptu batek biltzen dituen gauzen artean zerbait amankomun dagoen aldetik.
Metodo Sokratikoa: Ironia eta Maieutika
Kontzeptu unibertsalen bilaketa prozesu horretarako metodologia aski erraz hau erabili zuen Sokratesek: galdera bidezko prozedura. Elkarrizketaren bitartez gogoeta filosofikoari ekiteko metodo sokratikoak bi urrats zituen: ironia eta maieutika. Elkarrizketaren hasieran, Sokratesen solaskideak ziurtasun osoz mintzo dira, baina Sokratesen iritziz ustezko jakinduria nahasi horren azpian ezjakintasuna egon ohi da, eta hain zuzen ere, ezjakintasun hori agerian uztean datza ironia. “Ezer ez dakidala baino ez dakit” zioen Sokratesek ezjakinaren plantak egiten ditu, eta solaskideek aldarrikatutako ideien azpian ezkutatzen diren kontraesanak agerian uztera mugatzen da. Honela, Sokratesek sarritan aurreritzien produktuak baino ez diren erantzun desegokiak baztertu nahi ditu, ondoren erantzun egokien bila abiatzeko.
Eta hemen maieutikaren txanda dator: Sokratesek Egia (hau da, galdera filosofikoei buruzko erantzun zuzenak) gure barnean zegoela uste zuen, eta gizaki guztiok Egia horretara iristeko gai garela. Emagina zen Sokratesen amak emakumeekin egiten zuena egingo du Sokratesek gizonen arimekin: barruan dauden gauzen gaineko Egia kanporatzen lagundu (maieuo hitzak “erditu” esan nahi du grekeraz).
Intelektualismo Morala
Azkenik, labur-labur azal dezagun Sokratesek defendatutako intelektualismo moralaren doktrina. Sokrates sinetsita zegoen gizakiak bertutearen bitartez baino ez duela lortuko zoriontasuna: horrexegatik, honen jakitun ez diren gaizkile guztiak ezjakinak eta gixajoak besterik ez dira. Sokratesek, hortaz, bertutea jakintzaren menpe jartzen du: bertutea zertan datzan jakiteaz batera, eta bertutea praktikatzearen onura behin esperimentatuz gero, gizakia bertutera lotuko da, edonor zoriontsu izan nahi du eta. Horra hor Kalikles eta beste zenbait sofisten planteamenduak burrukatzeko Sokratesek zabaldutako “intelektualismo moral” izeneko teoria.