Soinua, Zarata eta Musika: Oinarrizko Kontzeptuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Música
Escrito el en vasco con un tamaño de 3 KB
Soinua eta Kutsadura Akustikoa
Soinu gehiegikeriari soinu kutsadura deritzo. Nahiz eta zarata ez den pilatzen, beste kutsadura motekin gertatzen den bezala kalte handiak eragin ditzake pertsonen bizi-kalitatean.
Kutsadura akustikoa giza jarduerak eragindako zaratari egiten dio erreferentzia eta eragin negatiboak izaten ditu pertsonen osasun fisiko, psikiko eta entzumenekoan.
Soinuak neurtzeko dB erabiltzen dira unitate gisa, eta hori soinuak duen bolumenaren araberakoa da.
Soinu-uhinaren bibrazioa handia denean bolumena handia dela esaten dugu, hau da, dezibel maila altukoa.
Soinu-uhinaren bibrazioa txikia denean berriz, bolumena txikia eta dezibel maila baxukoa dela esaten dugu.
Zuhaitzaren hostoen mugimenduak ateratzen duen soinua 10 dezibelekoa da, eta gure aldamenean plaka metaliko bat mailu batez gogor jotzen denean berriz, 115 dB-koa.
130 dB-ko soinua jasanezina bihurtzen da eta kalte handiak sortzen ditu entzumenean.
Gure inguruak maiz ematen dizkigu dezibel askoko hotsak; horrek guztiak kutsadura akustikoa osatzen du. Kutsadura akustikoa gaur egun ingurumen arazo handitzat hartzen da.
Hala ere, kutsadura akustikoa ez da asmakizun berria; esaterako, Kristo aurreko 600. urtean greziarrek zarata erregulatzeko legedia onartu zuten, eta bertan metalak herrigune barnean lantzeko debekua zegoen.
Musika Historiaurrean
Inguruarekin bat eginik hasi zen musika. Naturarekin bat egin eta inguruan zuenarekin hasi zen gizakia hotsak sortzen. Naturarekin bat eginik, bertatik jasotzen zituen baliabideekin hasi zen bere adierazpenak egiten, instrumentuak sortzen, musika asmatzen.
Soinuaren Parametroak
Lau dira soinuaren parametroak:
- Iraupena: Musika denborarekin loturik dago. Horrela, hots bakoitzak bere iraupena du. Laburra, luzea, arina, nagia egiten zaigu soinua. Horien konbinaketak erritmoa eratzen du.
- Intentsitatea: Soinuak sendoak edo ahulak, ozenak edo leunak, indartzen edo ahultzen entzuten ditugu. Hori normalean bolumen hitzarekin adierazten da eta dezibelekin neurtzen da. Musika dinamika ere deitzen zaio.
- Altuera: Hotsak altuagoak edo baxuagoak izan daitezke. Nota bakoitzak bere lekua dauka, eta horien sekuentzia edo konbinaketek doinuak sortzen dituzte.
- Tinbrea: Hots baten izaera da. Hots bat beste batetik bereizten uzten digun ezaugarria. Tinbrearen bidez soinu-tresnak bereiz ditzakegu, nahiz eta nota bera sortu altuerari, iraupenari eta intentsitateari dagokionez. Tinbrea kolorearekin parekatzen da.
Definizioak
Hona hemen oinarrizko definizio batzuk:
- Soinua: Bibrazio ordenatua da.
- Zarata: Bibrazio desordenatua da, sarritan dezibel maila altuekin lotua.
- Isiltasuna: Bibraziorik ez, ondorioz soinurik ez.
- Musika: Modu atsegin eta logikoan konbinatutako soinu segida.