Sofisten eta Sokratesen Pentsamendu Filosofikoa: Ezagutza, Morala eta Legeak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,71 KB
Sofistak: Eszeptizismo Epistemologikoa, Erlatibismo Morala eta Legeen Konbentzionaltasuna
Sofistak K.a. V. eta IV. mendeetako Atenasen agertu ziren, demokraziaren loraldian. Garai hartan, hiritarrek ekklesian parte hartzeko betebeharra eta eskubidea zuten, eta hitzaren artea funtsezkoa bihurtu zen bizitza politikoan eragiteko. Testuinguru honetan sortu ziren sofistak: metekoak izanik, ezin zuten zuzenean parte hartu politikan, baina soldatapeko irakasle gisa arrakasta handia izan zuten. Oratoria, dialektika eta erretorika irakasten zieten hiritarrei, jendaurrean hitz egiteko eta besteak konbentzitzeko helburuarekin. Haien papera estrategikoa izan zen Atenasko demokrazian, eta horregatik, eragin handia izan zuten.
Sofistek filosofiaren norabidea aldatu zuten: bira antropologikoa deiturikoa. Filosofia, lehen physis (naturaren legeak) aztertzetik, nomos-era (gizakien lege eta ohiturak) igaro zen. Horrela, hainbat ideia nagusi garatu zituzten:
- Eszeptizismo epistemologikoa: Errealitatea ezin da ezagutu; physisa ezin da ezagutu. Erlijiosoa (agnotizismoa): ezin da jakin ea jainkorik badagoen. Morala: ezin da jakin unibertsalki zein den jokabide egokia.
- Erlatibismo morala: Ez dago balio unibertsalik; iritzi guztiak baliodunak dira.
- Legeen konbentzionaltasuna: Sofistek azpimarratzen zuten, gizartean dauden lege, moral eta ohitura asko ez direla "naturalak", baizik eta gizakiok adostutako konbentzioak direla. Hau da: "Konbentzionala" = gizartean adostutako zerbait, ez derrigorrez naturala ezta unibertsala ere.
Autore garrantzitsuenak Protagoras (“Gizakia da gauza guztien neurria”) eta Gorgias izan ziren. Gorgiasek kontrako ikuspegien defentsaren lanketa egin zuen; bi ikasle jartzen zituen gai bati buruzko bi iritzi desberdin defendatzen. Gero aldatu egiten zuten rolez eta beste ideia defendatzen zuten. Sofistentzat bertutea besteak konbentzitzen jakitea zen. Hortaz, garrantzia esaten zutena nola esaten zuten moduari ematen zioten, ez esaten zuten horri.
Horrela, Platonen ustez jakituriaren erronkari uko egiten zioten sofistek eta interes pribatuak gailentzen zituzten, demagogo deitzen zieten, laudorio bidez arrakasta izateko praktika politikoa egiten baitzuten.
Sokrates: Antierlatibismo Morala, Definizio Unibertsalak, Maieutika eta Intelektualismo Morala
Sokrates Atenasen jaio zen K.a. 470ean, demokrazia garaian, eta K.a. 399an hil zen heriotza-zigorra jasota. Bere aita hargin eta ama emagina izan zen. Sofisten aurka agertu zen, eta demokraziaren aurrean kritiko. Ez zuen ezer idatzi; bere pentsamendua ondorengoen bidez ezagutzen dugu (Platon, Antistenes, Fedon…). Ez zuen irakasten, elkarrizketak abiatzen zituen. Kondenatua izan zen atzerriko jainkoak goratzeagatik eta gazteak bide txarretik eramateagatik. Ihes egiteko aukera izan arren, uko egin zion, legeekiko leialtasuna erakutsiz. Azkenean, perrexila hartuta bere buruaz beste egin zuen.
Sokratesen filosofiaren oinarrian hiru ideia nagusi daude:
- Definizio unibertsalak bilatu behar dira, hala nola ongia, justizia edo edertasuna zer diren zehazki ulertzeko. Horrek unibertsaltasun morala dakar: ideia orokor bat dago, ez da norberarena.
- Hortaz, ongia ezagutzen duenak ongia egingo duela zioen. Horri intelektualismo etikoa deritzo; gaizkia egiten duenak ezagutza faltagatik egiten du.
- Bertutea, Sokratesentzat, "ongia egitea" da, eta horretarako ezinbestekoa da ezagutza. Ezagutza hori ez datorkigu kanpotik; gure barnean dago, eta horra heltzeko hezkuntza eta arrazoimena behar dira. Metodo arrazionala da bidea.
Metodo sokratikoa bi urratsetan oinarritzen da:
- Ironia: Ezjakina balitz bezala galdetzea, solaskidea hausnarketan murgiltzeko.
- Maieutika: Elkarrizketaren bidez solaskidearen ezagutza barnekoa "erditzea", bere amaren lanbidea irudikatuz.
Platonen Ezagutzaren Teoria (Dualismo Epistemologikoa): Zientzia eta Iritzia. Dialektika
Platonen ezagutzaren teoriak dualismo epistemologikoa du oinarri, eta bere ontologiarekin lotura estua du. Platonek bi mundu bereizten ditu: zentzumenezko mundua eta ideien mundua. Horrekin batera, bi ezagutza maila daude: zentzumenezko munduak doxa edo iritzia ematen du; ideien munduak, berriz, episteme edo zientzia, hau da, benetako ezagutza. Zentzumenezko perzepzioa aldakorra eta iruzurgilea da, eta ez digu egia ematen; benetako jakintza, arrazoimenaren bidez, ideien munduan aurkitzen da.
Platonen ustez, gure ezagutzaren helburua kontzeptu unibertsalak aurkitzea da, eta horretarako ezinbestekoa da izaki egonkorrak ezagutzea. Horrela, jakintza egiazkoa lortu daiteke eta, Sokratesen intelektualismo moralarekin bat eginez, bertutea eta ezagutza uztartzen dira: ongia ezagutu, ongia egin. Horregatik, Platonentzat ezagutza ez da soilik intelektuala, baita etikoa ere.
Ezagutza-mailak hierarkikoki daude antolatuta: doxa bi mailatan banatzen da (eikasia eta pistis), eta episteme, beste bitan (dianoia eta noesis). Horiek gorantz doazen ibilbide dialektiko batean kokatzen dira. Ibilbide horretan aurrera egiteko, heziketa beharrezkoa da, eta Platonen ustez, publiko eta eskuragarria izan behar du. Elkarrizketan oinarritutako hezkuntza-metodoa erabiliz, arimak ezagutza berreskuratzen du, “gogoratzea” baita ikastearen funtsa.
Hala ere, ez arima guztiak daude prest ibilbide hori egiteko. Gutxi batzuek dute arima egokia, eta soilik haiek lor dezakete egia osoa. Horiexek dira gobernatzeko egokienak Platonen sisteman.