Sofistak eta Sokrates: Egia eta Morala Antzinako Grezian
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,71 KB
Sofistak: Erretorika eta Erlatibismoa
Testuinguru historikoa: Periklesen Mendea
Periklesen mendean, K.a. V. mendean, demokrazia zen sistema politiko nagusia Atenasen. Demokraziak nobleak eta noble ez zirenak berdindu zituen, eta kargu publiko guztiak edozein hiritarren esku zeuden. Gauzak horrela, hiritarren eginbeharra zen foruetan eztabaidatzea, entzutea eta erabakiak hartzea.
Testuinguru horretan, hitzaren erabilera egoki eta limurtzaileak (erretorikak) garrantzi handia hartu zuen, hitzezko argudio sendoak eraikitzen jakin behar baitzen. Aldi berean hartu zuten indarra sofistek.
Sofisten pentsamendua eta irakaspenak
Sofistak ez ziren atenastarrak; beraz, ezin zuten hiriko batzarretan parte hartu. Erretorika eskolak eta elkarrizketarako teknikak eskaintzen zizkieten tasak ordaintzen zituzten gazte aberatsei. Haien ustez, Natura edo Physis delakoa gizakiaren borondatetik kanpokoa da eta ez du ikerketa-gai izan behar. Horregatik, gai berriak plazaratu zituzten: antropologikoak, hizkuntzazkoak, zuzenbidezkoak, politikoak eta moralak. Errealitatea ikertu ordez, gizakia ikertu behar da, Protagorasek esan bezala: "gizakia da gauza guztien neurria".
- Eszeptizismo epistemologikoa: Sofistek zentzumenen baliozkotasuna azpimarratu zuten. Zentzumenetatik datorkigun informazioa pertsonatik pertsonara aldatzen da, norberarena baita. Ondorioz, ez dago gauza guztien gaineko egia absoluturik, edo, balego ere, ezin daiteke ezagutu.
- Erlatibismo morala eta konbentzionalismoa: Egia unibertsalik ez dagoenez, balio moralak (ona, txarra, justua) eta legeak (nomos) ere erlatiboak eta konbentzionalak dira, hau da, gizarte bakoitzak erabakitako hitzarmenak dira, ez naturak emandakoak.
Sokrates (K.a. 470-399, Atenas)
Ez zuen politikan zuzenean parte hartu, baina atenastar gisa zegozkion betebeharrak bete zituen. Hogeita Hamar Tiranoen gobernuaren aurka azaldu zen, eta horrek heriotza-zigorra ekarri zion. Ez zuen ezer idatzi; Platon eta Aristoteles dira haren pentsamenduan murgiltzeko iturri fidagarrienak. Aristotelesen arabera, bi izan ziren Sokratesen ekarpen nagusiak: elkarrizketa bidezko argudiaketa induktiboa eta definizio unibertsala.
Antierlatibismo morala: definizio unibertsala
Sofisten erlatibismo moralaren aurka, Sokratesek definizio unibertsalak existitzen direla defendatuko du, gauzen artean zerbait komuna dagoela argudiatuz. Definizio zehatzak emateak berebiziko garrantzia duela erakutsiko du, eta iritzi guztien gainetik, egia morala bilatzea dela gure egitekoa, ondoren besteei irakatsi ahal izateko. Hauxe da lehen moral arrazionala.
Intelektualismo etikoa
Sokratesek bertutea jakintzarekin lotzen du. Haren arabera, ez dago pertsona gaiztorik, ezjakinak baizik. Inork ez du gaizkia nahita egiten, jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako baizik. Horrela gainditzen du sofisten erlatibismoa, ezagutza eta etika batuz. Teoria honi intelektualismo etikoa deitzen zaio.
Maieutika: Sokratesen metodoa
Sokratesek filosofia jarduera gisa ulertzeko joera zabaldu zuen. Filosofia ez da pentsamendu sistema itxi bat, baizik eta bizitzan zehar arduratzen gaituzten gaiei buruzko gogoeta, elkarlanean eta solasaldien bidez garatzen dena. Metodo sokratikoak bi urrats zituen:
- Ironia: Ezjakinarena eginez, solaskideen ustezko jakinduria zalantzan jartzen du, haien ideien azpian ezkutatzen diren kontraesanak agerian utziz.
- Maieutika: Filosofoaren zeregina gure barnean ditugun ezagutzak "erditzen" laguntzea da. Izan ere, ezagutzea ez da ezer berririk asmatzea, barruan ditugun egiak kanporatzea baizik.