Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt: XX. Mendeko Pentsalari Feministak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,7 KB
Simone de Beauvoir: Existentzialismoa eta Feminismoa
Simone de Beauvoirrek filosofia feminista existentzialismoaren ikuspegitik ulertzen du. Bere lanik ezagunena, "Bigarren Sexua", feminismoaren ikuspegia aldatu zuen, eta oraindik ere eragin handia dauka teoria feministaren oinarrietako bat izaten. Simonek gizakia aske gisa ulertzen du, eta berarentzat askatasuna mugagabea da, baina egoeragatik baldintzatuta dagoela uste du. Emakume batek bizi duen errealitate estrukturala ez da gizon batek duenaren berdina, beraz, askatasun aukerak ez dira berdinak izango. Hori da, hain zuzen, Simone de Beauvoirrek existentzialismoari egingo dion ekarpen handienetakoa.
Feminismoaren Olatuak eta Beauvoirren Eragina
"Feminismoa" mugimendu sozial, politiko eta ideologiko bat da, emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta tratu berdintasuna bilatzen duena. Historian zehar, emakumeak gizonezkoekin alderatuz baztertuak eta diskriminatuak izan dira, eta feminismoa ideia horretan oinarritzen da.
Feminismoak hainbat olatu izan ditu, eta Simone de Beauvoirrek garrantzi handia izan du haien garapen eta ulermenean. Lehen olatuan (XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara) emakumezkoen eskubide zibil eta politikoak lortzean oinarritu zen. Bigarren olatuan (1960 eta 1970eko hamarkadak) lan-eskubideen berdintasuna, hezkuntzarako sarbidea, ugalketa-osasuna eta genero-indarkeriaren aurkako borroka jorratu ziren. Simone de Beauvoirrek bere lanekin feminismoaren bigarren olatua aldatu zuen eta feminismoari ikuspegi berri bat ekarri zion.
Beauvoirren Kontzeptu Gakoak
- Betetasuna edo alteritatea: Historian zehar, emakumeak "beste" gisa definitu eta tratatu izan dira, gizaki oso eta autonomo gisa hartu beharrean, gizonak ez bezala definitu izan dira, alteritate bat.
- Sexua eta generoa: Sexu biologikoa (gizon/emakumeen arteko desberdintasun fisikoa) eta generoa (ezaugarri sozial/kulturalak) bereizten ditu. Generoa ez da naturala, eraikia da eta, hortaz, deseraiki daiteke. Generoa emakumeen askatasuna eta autonomia mugatu dituen eraikuntza soziala eta kulturala dela argudiatzen du. "Emakumea ez da jaiotzen, emakume izatera iristen da".
Feminismoaren Hirugarren eta Laugarren Olatuak
Hirugarren olatuan (1980 eta 1990 urteetakoak), bigarren olatuko feminismoa aldatu eta hobetu nahi izan zen. Intersekzionalitate kontzeptua eta queer teoriak sartu ziren, tradizionalak ez diren genero- eta sexualitate-arauen kritika garrantzitsua egin zuten. Judith Butlerrek "Generoa Lehian" liburuan genero-performatiboaren kontzeptua garatu zuen, erakutsiz generoa ez dela egiturazko zerbait, baizik eta pertsonaren portaeraren eta identitatearen bidez eraikitzen dena.
Hirugarren Olatuaren Ekarpen Nagusiak
- Genero performatibitatea: Pertsonaren genero-identitatea osatzen duten ekintza errepikatuak direla azaltzen du, eta soilik bi genero ez daudela aldarrikatzen da.
- Intersekzionalitatea: Zapalkuntza eta pribilegio motak nola elkarlotzen diren azaltzen du, adibidez, beltza eta emakumea izatea ez direla berdinak.
- Performatibitatearen politika: Butlerrek ideiak politikan eta erresistentzian aplikatu ditu, ekintza performatiboek arauak iraultzeko eta botere-egiturei aurre egiteko ahalmena dutela defendatuz.
Laugarren olatua (XXI. mendearen hasieratik gaur egunera arte) aurreko olatuei jarraitzen die, sare sozialek eta online aktibismoek lagunduta. Gainera, emakume gazteen parte-hartzean arreta handiagoa jartzen du.
Ondorioz, feminismoaren bigarren olatutik gaur egunera arte, genero-berdintasunaren aldeko borroka jarraitzen da, baina hainbat arazo eta gai, adibidez, amatasuna eta sexu-genero bereizketa, oraindik lan handia daukate.
Hannah Arendt eta Totalitarismoa
Hannah Arendten "Totalitarismoaren jatorria" lanak nazismoa bezalako erregimen totalitarioen sorrerari buruzko ikerketa zehatz bat egiten du. Arendtek totalitarismoa fenomeno politiko erabat berria eta oso arriskutsua dela defendatzen du, herritarren ekintzak, pentsamendua eta identitatea kontrolatzeko asmoa duela. Kolonialismoaren eta antisemitismoaren sustraiak izan ziren totalitarismoaren sorreran lagundu zutenak.
Inperio kolonialak herritarren esplotazioa eta arraza nagusitasuna justifikatzeko ideologia ematen zuen, eta horrek deshumanizazioa eta menderakuntza absolutua bultzatu zuen. Antisemitismoak ere eragin handia izan zuen, juduenganako gorrotoa propaganda totalitarioen osagai nagusia bihurtu baitzen.
Erregimen totalitarioek ideologia koherentea eta absolutua sustatzen dute, gizartearen arazoak sinplifikatuz eta kontrolatzeko helburuarekin. Horretarako, propaganda modu masiboan erabiltzen dute, eta errealitatea desitxuratu egin dezakete haien interesen arabera. Indarkeriak eta izuak erregimen totalitarioen ezaugarri nagusiak dira.
Gaitzak gizadiaren suntsipen handiak ekar ditzakeela defendatzen du Arendtek, baina, aldi berean, erantzunkizun politikoa eta hausnarketa etikoak eraginkortasuna izan dezaketela gaitzaren aurka.
Arendten Filosofia Politikoa
Arendtek pertsona bakoitzaren indibidualtasuna baloratzen du ekintza politiko esanguratsuaren oinarri gisa. Pluralismoaren eta ekintza politikoaren garrantzia azpimarratzen du, eta gizakiaren duintasun eta eskubideen alde egiten du. Gizakiaren erantzunkizuna eta herritarren parte-hartze aktiboa demokraziaren oinarriak dira.
Arendten ikuspegiak ekintza politikoari buruz, herritarren parte-hartzeak, aniztasunak eta eztabaida publikoak demokrazian duen garrantzia bermatzen du.
Arendt eta Beauvoir: Konparaketa
Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir XX. mendeko bi emakume filosofo dira. Haien lanak ekarpen handikoak izan arren, emakume izateagatik isilpean egon dira. Bien pentsamenduan existentzialismoak eragin handia izan zuen, baina bata zein bestea korronte horretatik aldendu ziren arrazoi desberdinengatik. Nahiz eta garai berekoak izan, bakoitzak gai desberdinak jorratu zituen.
Alde batetik, Arendtek filosofia politikoa garatu zuen, benetako bizitza politikoaren oinarri gisa ekintza eta parte-hartze zibikoa izanik. Bere lanik ospetsuena, "Totalitarismoaren jatorria", XX. mendeko politikaren botereari, ideologiari eta izaerari buruzko analisi kritiko sakonak eskaintzen ditu.
Bestetik, Beauvoir ez dator bat filosofo existentzialistekin funtsezko elementu batean: norberaren egoerari emandako garrantzian. Askatasunak ez du mugarik, baina egoerarengatik baldintzatuta dago, bere ustez. "Bigarren Sexua" liburuan emakumearen egoera aztertuko du existentzialismotik. Ordura arteko feminismoa guztiz aldatu eta hurrengo teorietarako oinarriak garatu zituen. Bere ekarpenik handiena sexua eta generoaren bereizketa izan zen.
Bi filosofo hauek gaur egunera ekarriko bagenitu, munduaren gaitz desberdinek kezkatuko lituzketela uste dut. Arendt, Argentina bezalako herrialdeen norabide politikoarekin ez zela pozik egongo deritzot. Izan ere, bertan eskubide asko mugatzen ari dira, abortua, besteak beste. Honekin lotuta, Simoneri abortua debekatzea emakumeen aurkako zapalketa bat irudituko zitzaiola uste dut, haien aukerak murriztuz.
Testuingurua
Simone de Beauvoir XX. mendearen lehen erdialdean eta bigarren erdialdean lan egin zuen. Mende horrek aldaketa sakonak izan zituen gizarte, politika eta arlo intelektualean. Filosofoa, idazlea eta feminista izan zen. "Bigarren Sexua" izeneko bere lan nabarmenena, emakumearen eta generoaren inguruko ikuspegi tradizionalak eta herritarren aldeko ereduak aztertzen ditu. Honek eragin handia izan zuen bigarren olatu feministaren mugimenduan. Existentzialismoaren ikuspegia eta beste intelektual batzuekin, adibidez Jean-Paul Sartrerekin, harremana izan zuen.