Simone de Beauvoir: Emakumea 'Bestea'

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,86 KB

Simone de Beauvoirren 'Bestearen' Filosofia

Simone de Beauvoirrek Nagusiaren eta Esklaboaren dialektika hegeliarraren irakurketa feminista egiten du, emakumea gizarte patriarkalean 'bestea' bezala nola kokatzen den aztertzeko.

Gizonen eta emakumeen arteko simetriarik eza

Gizon-emakumeen arteko ezberdintasuna gizarte ezagun guztietan dago errotuta. Desberdintasun hori honakoan agertzen da garbi: emakumearentzat lehentasuna du emakume gisa azaltzeak, beste edozein ezaugarriren aurrean. Ez da gauza bera gertatzen gizonaren ezaugarriarekin. Gizonaren perspektiba gizaki guztien perspektiba orokor gisa hartu izan da, objektiboa da, ez du justifikaziorik behar.

Kontsiderazio ezberdin hori dela eta, Beauvoirrek dio gizonak eta emakumeak simetrikoki definitu ezin diren bi giza kategoria direla. Gizonak emakumea alteritate gisa ulertu du: 'bestea' da, bere burua hartzen baitu elementu positibotzat eta baita neutrotzat ere.

Ondorioz, gizaki bati kategoria horietako zein esleitzen zaion, halako harremana izango du besteekin. Horrela, emakume kategoria jasotzen duten gizabanakoak mendekotasun eta gutxiagutasun egoeran egongo dira beren burua gizateriarekin identifikatzen duten horiekiko (gizonak, alegia).

Nagusiaren eta esklaboaren dialektikaren irakurketa feminista

Beauvoir Hegelen kontzientziaren eraketaren ideiaz baliatzen da. Subjektu orok bere buruaren kontzientzia hartzen du beste kontzientzia posibleak ukatuz: «Subjektuari, bere burua berretsi nahian hasten denean, ezinbestekoa zaio bera mugatzen eta ukatzen duen Bestea».

Hauxe da Beauvoirrek identifikatzen duen arazoa: ustez bi kontzientzien artekoa den gizon-emakume harremanean, norabide bikoiztasuna desagertu egiten da, emakumeak ez baitu iraulketa hori egiten, eta, hortaz, ez du bere burua subjektu gisa baieztatzen.

Ondorioz, gizon-emakumeek elkarren beharra duten osotasun baten baitan, emakumea mendeko kontzientzia gisa, hau da, esklabo gisa agertzen da.

Gizon eta emakumeen arteko harremanean, hiru dira izaera dialektikoaren haustura suposatzen duten uneak:

  • Arriskua/Askatasuna: gizonek beren bizitza arriskuan jartzen dute ekintza arriskutsuetan. Ez dira bizia galtzearen beldur.
  • Onarpena/Bestelakotasuna: emakumeek, zeinek ezin baitute ekintza horietan parte hartu, haien balioa aitortzen dute. Gizonek prestigioa lortzen dute besteen aurrean, batez ere emakumeen aurrean.
  • Azpiratzea/Babesa: gizonek emakumeak menderatzen dituzte daukaten izen ona erabiliz, eta babesa ematen diete horri eusteko.

Emakumeek ez zuten ekintza arriskutsuetan (ehiza eta gerra) parte hartzen, horietan bizia arriskuan jartzen zelako. Horrek guztiak emakumearen garapen askea oztopatzen zuen. Gizonek ekintza arriskutsu horiei esker izen ona eta gizartearen onarpena lortzen zituzten.

Morrontza-harremana ezeztatzeko zailtasunak

Beauvoirren arabera, gizarte garatuenetan emakumearen emantzipazioaren aldeko aldaketak izan badira ere, «morrontza» egoera ez da ezeztatu.

Historian zehar emakumeek gizonekiko izan duten morrontza-harreman orokorra gainditzeko, ezinbestekoa da emakumeek beren emantzipazio osorako beharrezko dituzten aukerak izatea. Beren bizi-proiekturako subjektu gisa baieztatu behar dute beren burua, eta horretarako nahitaezkoa da gizonekiko harremanak aldatzea. Emakumeak bere burua subjektutzat baieztatzen duenean ahal izango dute gizon eta emakumeek elkar aitortu, eta horrek ahalbidetuko ditu horien arteko berdintasunezko harremanak.

Emakumearen emantzipazioa emakumeak askatasun osoz amatasunaren gainean erabakitzen duenean gertatuko da, zainketa lan guztiak bere gain hartu behar ez dituenenean eta, autonomia ekonomikoari dagokionez, gizonak dituen baldintza berak dituenean. Eta horretarako funtsezkoa da berdintasunezko hezkuntza.

Entradas relacionadas: