Simone de Beauvoir: Emakumea eta Askatasuna Bigarren Sexuan
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,43 KB
Zer da emakume izatea? Kategoriaren problematizazioa
1949an, Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua liburua idatzi zuen, feminismoaren oinarri bihurtu zena. Bere helburua emakumeak bere burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea da. Beauvoirren ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da. Baina emakumeek izan behar dutena gizonek erabakitzen dute; horregatik, emakumeek, nahiz eta eskubide politikoak izan, mendean jarraitzen dute.
Esentziaren eta existentziaren arteko dialektika
Filosofia existentzialaren arabera, ez dago existentziaren aurreko esentziarik. Ez dago subjektu oro definitzen duen giza esentzia edo natura finkorik. Emakumeari, ordea, aldez aurretik ezartzen zaio bere destinoa.
Hori kontuan izanik, Beauvoirrek emakumeen destinoa biologia, sexualitate edo ekonomiaren arabera definitzeko saiakerak baztertzen ditu. Datu horiek aintzat hartu behar direla dio; alabaina, ez dira nahikoa emakumea definitzeko, datuei guk geuk ematen baitiegu esanahia eta zentzua.
«Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da»
Aldez aurretiko esentziarik gabe, Beauvoirren tesi nagusia hau da: «emakume ez da jaiotzen: egin egiten da». Nola egiten da, ordea? Bere azalpenaren arabera, nagusiaren eta esklaboaren arteko dialektikaren arabera:
- Gizona: Funtsezkotzat, egia-iturritzat, ezagutzatzat eta arrazoimentzat hartu izan da, balio gorenen ikurra den subjektu oso, absolutu eta esentziala bailitzan (neutroa eta positiboa).
- Emakumea: Harreman horretan 'bestea' bihurtu da, objektu osagarri, erlatibo eta inesentziala (negatiboa, gizona ez dena).
Horrela, nagusitasunezko harremana sortzen da, non emakumeari erabakitzeko askatasuna mugatzen zaion, bere kabuz definitzeko eta ekiteko aukera ukatuz.
Kulturaren moldaketa eta emakume eredua
Marko horretan, Beauvoirrek azaltzen du emakumea, konturatu gabe, kulturak moldatu egin duela txikitatik, gizon batzuek diseinatutako 'emakume eredu baten' kopia perfektua izan dadin. Bigarren sexua-ren bigarren liburukian, Beauvoirrek hainbat adibide lantzen ditu, desberdintasunak eta diskriminazioak kulturalki eta politikoki nola eraikitzen diren erakusteko.
Neskatoa, haurtzarotik, gizon bati men egiteko eta errealizatzeko modu bakarra emaztea eta ama izatea dela pentsatzeko hezten da, bere patua aldez aurretik inposatuz. Norbanakotasun eta autonomia hori eremu orotan murrizten zaio.
Amatasuna, morrontza eta askapen politikoa
Zentzu horretan, amatasunaren gaian ere sakontzen du, morrontzatzat hartuz. Amatasun beharra eta ama-maitasuna kritikatzen ditu, emakumea esparru pribatuan mantentzeko asmatutako eraikuntza sozial gisa. Horregatik, zerbitzu publikoen, abortuaren eta kontrazepzioaren aldeko alegatua egiten du, emakumeak amatasuna askatasunez bere gain hartu ahal izateko esparru argi bat ezartzeko.
Askapen kolektiboaren beharra
Azken batean, Beauvoirren helburua sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzea eta harreman hierarkikoa desegitea da, emakumeak ere norbanako autonomo eta burujabeak izan daitezen. Horretarako, premiazkoa da askapen-prozesu kolektibo bat egitea, emakumeak beren kabuz erabaki dezan zer izatera iritsi nahi duen.
Bide horretan, askapen mota hauek aldarrikatzen ditu:
- Askapen sexuala eta sentimentala.
- Askapen ekonomikoa, emakumeak eremu orotan autonomia garatzeko gaitasun formal eta materiala izan dezan.