Sarako Eskola: Euskal Literaturaren Giltzarria
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,96 KB
Sarako Eskola: Aurrekariak eta Sorrera
Sarako Eskola XVII. mendeko idazle multzo bati deitzen zaio. Talde hura Sara, Donibane-Lohizune eta Ziburuko apaiz idazleek osatzen zuten.
Euskal literatura idatzia berankorra izan da. 1545ean argitaratu zen euskarazko lehen liburua: Bernart Etxepare Baxenabartarraren Linguae Vasconum Primitae olerki-liburua, hain zuzen.
Euskal literatura idatziaren lehen testuak Ipar Euskal Herriko egileenak izan ziren. Ez hori bakarrik, Etxepareren ondoren, idazle gehienak Lapurdiko apaizak ziren. Apaiz idazle haiek erlijio gaiez aritzen ziren.
Lapurdiko idazle talde horri Sarako Eskola deitu zitzaion.
Idazkera Bateratua: Helburua eta Ekarpena
Sarako Eskolako kideek idazkera bateratua nahi zuten erlijioa irakasteko eta mezako sermoiak idazteko. Horretarako, herriak zerabilen hizkuntza, euskara, erabili zuten.
Kide guztiak oso kultuak ziren, baina horietako bi egile izan ziren bereziki garrantzitsuak: Axular eta Joanes Etxeberri Ziburukoa.
Elkarren lanak trukatuz eta irakurriz, Eskolako kideek antzeko idazkera garatu zuten: lapurtera literarioa.
Ildo honetako lehen liburua idatzi zuena euskaldun berria zen: Esteve Materra frantziskotarrak Doctrina Christiana meza-liburua argitaratu zuen 1617an. Izenburua latinez egon arren, liburua euskaraz idatzita dago, lapurteraz hain zuzen. Materra Lapurdira joan zen apaiz-lanak egitera. Han, Axular ezagutu omen zuen eta, haren babespean, euskara ikasi zuen.
Axular, Prosaren Printzea
Pedro Agerre Azpilkueta Nafarroako Urdazubi herriko Axular baserrian jaio zen 1556. urtean. Goitizena, beraz, sortetxeari zor dio. Lapurdiko Sara herrian hil zen, 1644an, urte luzez bertako erretore edo apaiz aritu ondoren. Axular omen zen Sarako Eskolako bileretako buru edo gidaria.
Axularrek Gero izeneko obra bat idatzi zuen, hitz lauz. 1643. urtean argitaratu zen. Liburu horretarako ideia nagusia hau zen: gaur egin beharrekoak gerorako uzten baditugu, horrek kalte handia eragingo digu. Erlijio asmoaz gain, asmo didaktikoa ere badu liburuak.
Axularren liburuko sarrerako lehen hitzak dira goikoak. Bertan, liburuaren bi oinarriak azaltzen dira: batetik, gaia; eta bestetik, idazteko euskara erabiltzearena.
Joanes Etxeberri Ziburukoa
Joanes Etxeberri Ziburukoa esaten zaio Eskolako kide honi, beste Joanes Etxeberri bat ere izan zelako gerora, Sarakoa izenekoa. Etxeberri Ziburukoaren lanak dira Manual devotionezcoa (1627) eta Noelak (1631). Bere obra gehienak bertsoz idatzita daude. Aipagarria da lan horiek irakurleen artean izan zuten arrakasta. Adibidez, behekoa Joanes Etxeberrik balea-arrantzaleentzat asmatutako otoitza da, animalia arpoiz zauritu berritan esan beharrekoa.