Sabino Aranaren Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,29 KB

Sarrera eta Testuaren Ezaugarriak

Aurrean dugun testua Euskeldun Batzokijaren estatutuen artikulu sorta bat da. Sabino Aranak, euskal nazionalismoaren aitzindariak, 1894an Bilbon argitaratu zuen, hau da, Errestaurazio Garaian, Habsburgeko Maria Kristina erreginaordea zela. Testu juridiko-politikoa eta publikoa da.

Euskeldun Batzokija Sabino Aranak, bere jarraitzaileekin Bilbon sortu zuen lehen elkarte nazionalista izan zen. Irakurle ororentzat idatzitakoa da, baina bereziki batzokietako kide nazionalistentzat. Bere helburua Sabino Aranaren jarraitzaileak Jaun Goikoa eta Lagi Zarra (JEL) leman jasotako doktrinen inguruan biltzea izan zen.

Estatutuen Azterketa eta Ildo Nagusiak

Estatutu hauetan Sabino Aranak aldarrikatzen zuen Bizkaia independentearentzat eraiki zuen proiektu politikoaren ildo nagusiak islatzen dira. Hona hemen artikulu nagusien laburpena:

  1. Euskeldun Batzokija izeneko aisirako zentroa sortu dela, Jaun Goikoa eta Lagi Zarra lemak laburbiltzen duen doktrinaren jarraitzaileen arteko adiskidetasuna sortzeko. (1. art.)
  2. Euskeldun Batzokija elkartea Bizkai Buru Batzarraren mende geratuko dela. (2. art.)
  3. Erlijioari dagokionez, Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango dela. (3. art.)
  4. Antolamendu politikoari dagokionez, Foruak berrezarriko direla, gehienbat euskal arrazako familiez osatuta, eta hizkuntza ofiziala euskara izango dela. (4. art.)
  5. Nazionalismoaren oinarriak (Jainkoa eta Lege Zaharra) Bizkaian elkartu nahi zituen era harmonikoan. (5. art.)
  6. Jaun Goikoa eta Lagi Zarraren arteko bereizketa argia ezarriko dela Bizkaian. (6. art.)
  7. Estatua Elizaren menpe egongo dela. (7. art.)
  8. Bizkaiak gainontzeko sei euskal herrialdeekin, “Euskalerria” osatuko duela, baina bakoitzak bere autonomia mantenduz. (8. art.)

Testuinguru Historikoa: Errestaurazio Garaia

Maria Kristina Habsburgekoaren erreginaordetza garaian, alderdi-txandaketa tarteko, liberalak eta kontserbadoreak egon ziren Espainiako estatuko agintean. Garai hartan oligarkak botere politikoa eta ekonomikoa eskuratu zuen. Haatik, alderdi eta gizarte talde asko sistematik at geratu ziren. Arazoak arazo, oreka eta egonkortasun politikoa lortu zen Errestaurazioari esker. Gogora ekarri behar da Espainiak izugarrizko hazkunde ekonomikoa ezagutu zuela.

Euskal Nazionalismoaren Jatorria eta Oinarriak

Sabino Arana, Aitzindaria

Aurrean dugun artikulu sorta honen egilea Sabino Arana da, XIX. mende bukaeran sortutako euskal nazionalismoaren aitzindaria. Euskal nazionalismoaren agerpenean foruen abolizioak eta industrializazioak Bizkaira ekarri zituzten aldaketek eragin zuten.

Aurreko Mugimenduak

Ideologiaren sortzailea Sabino Arana izan arren, aurreko mugimendu batzuetan oinarritu zen:

  • Larramendismoa: Manuel Larramendi jesuita gipuzkoarrak foruen defentsan sortu zuen mugimendu ideologikoa izan zen.
  • Karlismoa: Euskal Herrian foruen aldeko mugimenduarekin bat egin zuen.
  • Mugimendu Foruzalea: Lehen Gerra Karlistaren ondoren, foruen kontra egindako erasoen ondorioz, foruak defendatzeko sortutako mugimendua izan zen. 1876an foruak abolitu ondoren, mugimendu foruzalea erradikalizatu egin zen.

Aranaren Nazio Kontzeptua

Sabino Arana, karlismoan eta foruzaletasunean oinarrituta, independentziaren ideiara heldu zen. Hau izan zen bere ekarpenik garrantzitsuena: Bizkaia nazio bat zen eta, beraz, independentea izateko eskubidea zuen. Gero Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara zabaldu zuen bere planteamendua.

Bere nazio kontzeptua nazionalismo alemanetik hartu zuen. Honek nazioa elementu objektibo komunek definitzen dutela zioen. Elementu horiek honako hauek ziren:

  • Arraza: Euskal nazioa definitzen zuen funtsezko ezaugarria zen. Euskal Herriak bizirik irauteko euskal arrazaren garbitasuna mantentzea ezinbestekoa zen.
  • Hizkuntza: Euskal nortasunaren bigarren ezaugarri garrantzitsua izan zen. Atzerriko eraginen aurrean hizkuntzaren garbitasuna defendatzen zuen.
  • Gobernua eta Legea: Euskaldunen zilegizko legedia, Sabino Aranaren ustetan, Lagi Zarra zen. Egokiagotzat jo zuen termino hau, foru hitza pribilegio bezala interpreta zitekeelako.
  • Ohiturak eta Tradizioak: Nekazal inguruan gordetzen ziren ohiturak eta tradizioak ziren euskal sena hoberen adierazten zutenak.
  • Historia: Aranak, Euskadiren iragan historiko independentea ikusita, Euskadi nazioa zela frogatzen zuen elementua zen, berreskuratu behar zena.
  • Erlijioa: Euskadi katoliko, apostoliko, erromatarra izan beharko zuen, politika erlijioaren menpe egon behar zelarik. Aranaren ustetan, liberal eta antiklerikala zen Espainiaren barruan integratuta jarraitzea oztopo bat zen Euskadik zituen balore erlijiosoak gordetzeko.

Sabino Aranaren Jarduera Politikoaren Etapak

Sabino Aranaren jarduera politikoan hiru etapa bereiz daitezke:

Lehen Etapa (1893-1898): Independentismo Erradikala

1893an Begoñako Larrazabal baserrian emandako hitzaldia Sabino Aranaren jarduera politiko publikoaren lehen ekintzatzat har daiteke. Hitzaldi horretan alderdi nazionalista sortu behar zela adierazten du eta amaitzeko, Jaungoikoa eta Lagi Zarra lemaren bidez laburtu zuen emandako irtebidea. 1894an Euskeldunen Batzokija izeneko elkarte politikoa sortu zen, JEL lemaren jarraitzaileak biltzen zituena. 1895ean Bizkai Buru Batzarra osatu zen, EAJ alderdiaren aitzindari izan zena. Sabino Aranaren planteamendu politikoa etapa horretan independentista erradikala zen.

Bigarren Etapa (1898-1902): Joera Bikoitza

1898an EAJn talde foruzalea sartu zen. Goi burgesiako kideak ziren eta Ramon de la Sota zuten buru. Kide berriek jarrera toleranteagoa eta ideia independentistak sartu zituzten alderdian, EAJn luzaroan elkarrekin bizi izan diren bi joera sortuz: independentista erradikala eta autonomista. Momentu honetan, garapen ekonomikoarekiko jarrera aldatu zen, industrializazioa kondenatzeari utziz. Aldi berean, planteamendu independentistekin jarraitu zuen.

Hirugarren Etapa (1902-1903): Etapa Españolista

1902an, Aranak, kartzelan zegoelarik, bere bizitzan hain eztabaidatua izan zen etapa hasi zen: etapa españolista. Independentismoa alde batera utzi eta Espainiako estatuaren batasunaren barruan, autonomia ahalik eta handiena lortzen saiatuko zen Liga de Vascos Españolistas antolatu zuen. Sabino Aranaren heriotza goiztiarrak ez zuen utzi bere planteamendu politikoaren bilakaera eta zehaztapenak ezagutzen.

Ondorioak eta Bilakaera

Sabino Arana hil zenean, aukera nazionalista bien arteko tentsioak hasi ziren alderdiaren kontrolaz jabetzeko. Independentistek nagusitu ziren garaian, nazionalismoa antolatu egin zen, batzarrak eginez, biltzeko tokiak, sindikatuak, egunkaria eta sinbologia nazionalista sortuz eta afiliatu kopurua handituz. Autonomistek kontrola berreskuratzean, independentistak alderditik kanporatuak izan ziren, eta alderdi berria sortu zuten EAJ izena jarriz. Azkenean, bi adar nazionalistak bat egin zuten 1930eko amaieran egindako Bergarako Batzarrean.

Entradas relacionadas: