Sabina Gojenola: Altzerrekako Emakume Basa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,41 KB
Sabina Gojenolaren Erretratua
Sabina Gojenola 80 urte inguruko emakumea da, Altzerreka baserrian bizi izan dena betidanik. Liburu honetako protagonista da, izaera berezia eta nortasun sendoa duen andre bat. Adinagatik, eguneroko zeregin asko zailtzen zaizkio, are gehiago ebakuntza bat egin berri diotelako. Azken urteetan, gainera, ohetik mugitu ezin den Henri koinatuaren zaintzaz arduratu da.
Liburuaren izenburuak dioen bezala, Sabina pertsona basa bat da: andre egoskorra, tenperamentu handikoa eta nortasun handikoa. Modernitateari eta erosotasunari uko egiten dio, inork ezarritako arrastoan sartzeari. Ez da animalia otzan bat bezala makurtuko den norbait, bere hondamendia onartuko ez duena. Baliagarri sentitu behar du eta ez du inoren laguntzarik onartuko, nahiz eta seme-alabak behin eta berriz saiatu. Halere, ontasun handiko norbait ere bada. Animaliekin (behiekin, ardiekin, txakurrekin, katuekin) bat egiten du ondoen, haiei bakarrik adierazten die goxotasuna.
Familia Harreman Gatazkatsuak
Sabinaren izaera indartsuak etengabeko talkak sortzen ditu bere seme-alabekin. Hauek bizimodu lasaiago bat nahi dute amarentzat, bizitza osoan egin behar izan dituen zereginetatik urrun, orain ez baitu gaztetako erresistentzia eta indarra. Aukera asko proposatzen dizkiote (Henri koinatua zentro batean sartzea, adibidez), baina berak aurka egiten du uneoro, orain arte izan duen bizimodua aldatzeari uko eginez, nahiz eta koinatuaren eskakizunek lasaitasun segundu bat ere uzten ez dioten.
Hiru seme-alaba ditu:
- Ester: Alaba zaharrena. Sabinak beti izan ditu gatazkak berarekin, eta are gehiago Ester homosexuala dela jakin ondoren. Sabinari txikitan beste modu batera irakatsi zioten, eta horregatik ez du onartzen alabaren joera. Protagonistak behin eta berriz deitzen dio Esterri, baina ez du erantzunik jasotzen.
- Karmele: Ama banandua. Hari dagokio Sabina zaintzeko ardura nagusia. Hasieratik saiatzen da amari bizitza errazten eta hobetzen, baina amak, bizitza gogorra izan duenez betidanik, bere ustez ez du inoren laguntzarik behar eta alabaren laguntzari uko egiten dio.
- Joseba: Seme gazteena. Amarentzat denborarik ez duena, antza.
Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzoekin, dena liskar eta norgehiagoka. Emakumeak frustrazio handiz bizi du egoera, baina ezagutu duen bizitza bakarra izan denez, ez du aldatu nahi.
Bizitzaren Aurreko Jarrera eta Mundu Ikuskera
Sabina ustezko mundu zahar bati eusten dion pertsona da, bere senitartekoen premia eta iritzien kontra dagoena, bere onerako hartu beharreko erabakiei aurre egiten diena. Pertsona iraunkor gisa deskriba daiteke; zoritxarrak gorabehera, zerbait proposatzen duenean, azkeneraino borrokatzen da horren alde. Bere jokabidea ingurukoekiko ez da batere samurra, basa baizik. Ez ditu ulertzen maite dutenen asmo onak edo ezinegonak, edo ez ditu nahi, edo ezin ditu ulertu. Dena da basa Sabinaren inguruan, basa izan baita bere bizitza.
Liburuaren Irakaspen Nagusiak
Liburu honetatik ikas daiteke norberaren bizitza ezin dela beste pertsona baten esku utzi. Hau da, pertsona batek modu guztietan independentea izan behar du, dela ekonomikoki, dela emozionalki. Ezin dugu gure existentzia beste pertsona baten inguruan oinarritu, bizitzak buelta asko ematen baititu eta batek inoiz ez baitaki horrek zer aldaketa ekar ditzakeen.
Beste pertsona baten menpe bagaude, pertsona horrek huts egiten digunean edo, liburu honetan bezala, hiltzen denean, agian ez dakigu nola jarraitu aurrera, mundua gainera eroriko zaigu. Horri mendekotasun emozionala deitzen zaio. Mendekotasun emozionala duenak bere indibidualtasuna ahazten du, eta baita bere kabuz bizitzaz gozatzea ere, besteek nahi edo pentsatzen dutenaren menpe egon beharrik gabe, eta besteen zorionaren zain uneoro egon gabe, norberarenak balioa izan dezan. Hori guztia dela eta, ezinbestekoa da gehien maite ditugun pertsonarik gabe bizitzen jakitea, nahiz eta hori zaila izan.
Bestalde, liburuak lehengo eta oraingo garaien arteko desberdintasunak erakusten ditu. Lehengo garaietan emakumeen bizitzak oso gogorrak ziren, eta horregatik uler daiteke Sabinaren jokabidea egoera batzuen aurrean; berak gaztaro gogorra izan baitzuen, eta horrek asko markatu zuen.