Psikopatologia: Nahasmendu Mentalen Azterketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 16,84 KB
Zer da psikopatologia? Denok ezagutzen ditugu ezohiko edo anormal gisa sailkatutako gertakariak. Badakigu psikopata batek pertsona mordoa hil dituela mendeku gosez edota sekta bateko liderra suizidio kolektibo bat antolatzen dabilela. Egunerokoan ere ezagutzen ditugu krisiak dituzten pertsonak, bai maite zuten norbait hil zaielako edo bikote arazoak dituztelako eta ez dakitelako haiei nola aurre egin, eta beste askok euren eskutik kanpo dauden jokabideen ondorioz sufritzen dute: fobiak, droga-mendekotasuna edo joko patologikoa. Psikiatria eta psikologia klinikoak nahasmendu horiek tratatzen dituzte, larriak zein arinak. Nahasmendu psikologikoak gizadiaren jatorritik existitzen dira, baina duela gutxi hasi da gizakia psikopatologiaren mendi lainotsua kartografiatzen.
Psikopatologiaren Garapen Historikoa
Osasuna edo gaixotasuna, eromena edo asaldura psikologikoa aipatzean zer ulertzen dugun testuinguru historikoaren eta gizarte batek munduari buruz daukan ikuspegiaren araberakoa da, giza izaeraren beste alderdi batzuekin gertatzen den bezala. Antzinaroan, nahasmendu psikologikoak zigor bat ziren, naturaz gaindiko zigorrak. Gaixotasun mentalaren kontzeptua duela gutxi agertu da, baina eroaren edo deabrudunaren kontzeptua betidanik existitu dela dirudi.
Grezia Klasikoa
Grezia klasikoan erokeria izpiritu maltzurrak edukitzearen emaitza zela uste zen eta zeremoniak egiten zizkioten Asklepio jainkoari. Eromena naturaz gaindiko fenomeno gisa ulertzeko modu hori Hipokratesen garaira arte mantendu zen. Hark aipatu zuen nahasmendu mentalen jatorria gorputzeko lau humoreen desoreka zela: odola, flema, behazun beltza eta behazun horia.
Tenperamentuen lehenengo sailkapen psikologikoaren egilea ere Hipokrates izan zen eta, ildo beretik, nahasmendu mentalaren hiru multzo finkatu zituen: mania, malenkonia eta histeria. Ideia horiek zibilizazio greko-erromatarraren amaierara arte iraun zuten.
Erroma
Erroman, Galeno izan zen tradizio hipokratikoaren defendatzaile nagusia. Haren ustez, eromenaren kausak organikoak (lesioak) edo mentalak izan zitezkeen (beldurrak). Eromena modu arrazionalean ulertzeko egin zuen esfortzua galdu egin zen Erdi Aroan zehar zabaldu zen obskurantismoaren eta ezjakintasunaren ondorioz.
Erdi Aroa
Erdi Aroan, dementzia indar maltzurren adierazpentzat hartu ziren, eta halakoak jasaten zituzten pertsonei ematen zitzaizkien tratamenduak basatiak izaten ziren, esate baterako, Inkisizioan antolatutako suak.
Aro Modernoa
Aro Modernoan, R. Descartesen dualismoak bere aztarna utzi zuen medikuntzan. Nahasmenduak eta gaixotasunak sailkatzeko behatzen zutena zera zen, ea horiek organikoak/neurologikoak (garuneko arazoak) edo funtzionalak/psikologikoak (gogameneko arazoak) ote ziren.
Dikotomia horiek oraindik ere iraun egiten dute teoria psikiatrikoaren atal handi batean. Terapiak ere bi motatakoak izaten dira: garuna tratatzeko farmakoak eta gogamena tratatzeko hitzaldiak. Oro har, nahasmendu horien kausak gogamenaren erreinuan (“exogenoak”, adibidez, tragedia pertsonal batek sortutako depresioa) edo gorputzaren erreinuan (“endogenoak”, faktore genetikoen edo nahasmendu biokimikoen ondoriozkoak) agertu daitezkeela uste da.
XVIII. Mendea
XVIII. mendean, Frantziako Iraultzaren garaian. Philippe Pinelek (1745-1826) nahasmendu mentalen sailkapen bat egin zuen eta aldarrikatu zuen gogamenak jaso beharreko tratamenduak gorputzak jasotzen zituen tratamendu fisikoen pauso berberak jarraitu behar zituela.
E. Kraepelin (1856-1926) psikiatra alemanak “gaixotasun mentala” kontzeptua finkatu zuen; nahasmendu mentalak nahasmendu fisikoen antzekoak zirela zioen eta euren kausa organiko eta espezifikoa bilatu behar zela.
Gaixotasun mentalaren kontzeptua baliagarria izan zen onartzeko nahasmendu psikologikoak zituzten pertsonak ez zirela sorginak edo bekatariak, baizik eta tratamendua behar zuten pertsonak zirela.
Lan horretan, T. Szaszek aipatzen du gaixotasunak soilik gorputzari eragin diezaiokeela, eta horrenbestez, ezin dela gaixotasun mentalik izan. Gaixotasun mentala metafora bat da. Diagnostiko psikiatrikoak etiketa estigmatizatzaileak dira, ingurukoak mintzen edo iraintzen dituzten jokabideak dituzten pertsonei ezartzen zaizkienak.
Gaur egun, oraindik ere farmakoterapiaren eta psikoterapiaren arteko eztabaida indarrean dago tratamendu psikologikoari dagokionez. Sendagai berrien aurkikuntzak, nola antipsikotikoak, antsiolitikoak edo lasaigarriak, edo duela gutxi agertu diren antidepresiboak, islatzen du aurrerapausoak eman direla nahasmendu askoren kausa genetiko edo biokimikoen ezagutzan.
Farmakoterapiek soilik nahasmenduaren sintomei eragiten diete (sintomak tratatu), ez kausei. Eta kausa desoreka biokimiko bat denean ere, psikoterapia behar da jokabide-arazoei eta arazo emozionalei aurre egiteko. Egungo gizartean, nahasmendu psikologikoak ikuspegi biologiko batetik behatzea partziala litzateke eta ez luke diagnostiko eta tratamendu fidagarri bat egitea ahalbidetuko. Badira ikuspegi integratzaileago batzuk pertsonaren ingurunea, ingurune familiarra eta soziokulturala aintzat hartzen dituztenak, nahasmendua ingurune horietan garatzen baita; hala, tratamenduak pazientearentzat eraginkorragoak eta erabilgarriagoak izatea ahalbidetzen dute. Jokabide normal bat edo anormal gisa ikustea gizarteak horri buruz daukan iritziaren araberakoa da, eta hori erreferentziazko kulturaren eta garai historikoaren baitan aldatzen da.
Kategorizazio-Ereduak
1. Eredu Biomedikoa
Gaixotasun fisiko bat da. Edozein alterazio psikopatologikoren azpian kausa biologiko batzuk daude, nola genetikoak, neurologikoak edo biokimikoak. Eredu hori psikiatriak garatu du, zeinak gaixotasunaren sintomak landu, koadro klinikoak sailkatu eta tratamenduak farmakoen bidez egiten dituen, balizko esku-hartze psikosozialak alde batera utziz.
2. Eredu Kognitibo-Konduktuala
Jokabidea gauza jarraitu gisa deskribatzen du, eta jokabide anormalean eragiten duten aldagaiak askotarikoak eta konplexuak dira, jokabide normalean bezalaxe. Elkarren arteko desberdintasunak graduaren araberakoak dira, eta ez motaren araberakoak. Jokabide anormala ez da jokabide normala bezain eraginkorra. Eredu honen jarraitzaileek diote terapia zeregin hezitzaile bat dela, pertsona bati bere zailtasunei aurre egiten erakutsi eta bere bizitzaren kontrol handiagoa izaten laguntzen diona.
3. Eredu Biopsikosoziala
Paradigma biopsikosoziala jardunbide klinikoa gidatzeko balio duen marko kontzeptual bat da, jokabidearen konplexutasuna hiru alorretatik aztertzen saiatzen dena: biologikoa (genetika, garuna, drogak), psikologikoa (prozesu kognitiboak, estresari aurre egitea) eta soziala (bizitzako gertakari estresagarriak). Eredu honen arabera interakzioa maila desberdinetan gertatzen da, nahiz eta oraindik ikerketak falta diren harreman horiek nola gauzatzen diren jakiteko.
Irizpide Diagnostikoak
Egungo gizartean oraindik nolabaiteko ezjakintasuna eta beldurra dago edozein patologia psikologikoren aurrean, ez baita erraza ikuspegi zientifikotik definizio garbi bat aurkitzea. Hala ere, normalaren eta anormalaren arteko mugak argitzeko irizpide batzuk ezarri daitezke, eta arauak edo erregelak aplikatu daitezke psikopatologiaren ezagutzan gidatu gaitzaten. Lau “anormaltasun” irizpide daude arazo psikologikoak azaltzeko.
1. Irizpide Estatistikoa
“Anormal” terminoa kontzeptu estatistiko bat da; normala jokabide ohikoena izango litzateke. Ia denek jokabide berak jarraitzeak ez du esan nahi ekintza hori zuzena denik zentzu moral zabalago batean. Une jakin batean jende-talde batek dituen ohiturei eta arauei buruzko informazio bat besterik ez da.
Normaltasunetik irteten den pentsamendu, jokabide edo emozio oro patologikotzat hartzen da. Era horretan, egonkortasun emozionala duen pertsona bat pertsona neurotiko batengandik bereizi dezakegu, gaitasun intelektual baxua eta altua bereizten ditugun bezalaxe.
2. Irizpide Biologikoa
Jokabide anormala organismoaren funtzionamendu inperfektuaren ondoriozkoa da, zeina garunaren alterazio estruktural edo funtzional batetik eratorria den. Prozesu biologikoek giza jokabideengan eta emozioengan duten garrantzia ukaezina den arren, egia da baita ere prozesu horiek faktore psikosozialen eta inguruko faktoreen eragina jasaten dutela.
3. Irizpide Soziala
Psikopatologia garai jakin batean finkatutako eraikuntza edo arau sozial bat da. Kulturaz gaindiko ikasketetan frogatu daitekeen eran, kultura batean normala dena anormala da beste kultura batzuetan; adibidez, Mendebaldean alkohola legezko droga bat den bitartean, arabiar kulturan debekatuta dago.
4. Irizpide Subjektibo eta Pertsonala
Pertsona bakoitzak badaki zein den bere ezintasuna edo sufrimendu pertsonala bere bizitza arrakastaz garatzeko garaian. Irizpide hau ere ez da zuzena, ordea, pertsona askok ez baitituzte euren sintomak ezagutzen edo ez baitituzte ondo interpretatzen. Hipokondriakoak gaixotasunak asmatzeko gai dira eta zaila da dementzia duen pertsona bat bere buruaz arduratzeko gai izatea.
Osasun fisikoa eta psikologikoa prozesu biopsikosozial bat da. Osasuna eta gaixotasuna aldagai ugarik baldintzatzen duten prozesuak dira.
Gaur egun, inork ez du sinesten normalaren eta patologikoaren, arrazoimenaren eta erotasunaren, osasun mentalaren eta jokabide-arazoen artean lerro banatzaile garbi bat dagoenik. Pertsona asko ospitale psikiatrikoetan sartuta daude horretarako arrazoirik izan gabe, eta han egon beharko luketen beste batzuek, berriz, gizarteko postu garrantzitsuak betetzen dituzte. Beste era batera esanda, zenbait pertsonak euren megalomania edo paranoia sozialki errespetagarriak diren jardueretan zehar hedatzen dute.
Sailkapena eta Diagnostikoa Psikopatologian
Psikopatologiak fenomeno psikiko anormalak deskribatzen eta azaltzen ditu. Hala ere ez dago adostasun orokortu bat nahasmendu mentalen sailkapena egiteko orduan. Diagnostikoak subjektiboak dira. Gizarte batek edo talde batek anormaltzat duen horretan oinarritzen diren balio-iritziak dira.
2.1. Gogo-aldarteen Nahasmenduak: Depresioa
Depresio hitza gogo-aldarte ugariri erreferentzia egiteko erabili ohi da. Alde batetik, denok ezagutzen ditugun desilusio eta tristurak daude. Bestalde depresio klinikoa deritzona dago, asterik aste luzatuz doan etsipen lazgarria, alterazio emozional larria dakarrena.
Depresioa gorputz osoari, pentsamenduei eta gogo-aldarteari eragiten dien ondoez sakon gisa definitu daiteke. Ez da tristura egoera iraunkor bat, edo ahulezia pertsonal bat, edo borondatearen bidez pertsona batek aldatu dezakeen jarrera bat.
Pertsona bat deprimituta dagoenean, bere pentsamenduak negatiboak izan ohi dira, akidura edo minaren gisako ondoez fisikoa izaten da, eta emozioak tristuraz eta bizitzarekiko etsipenaz zamatuta daude.
Depresioak modu larrian eragiten dio pertsona baten eguneroko jarduerari eta berau jasaten duen pertsonaren adinaren arabera ezaugarri ezberdinak dauzka. Egoera estresgarri baten ondoren agertu edo denboran zehar garatu daiteke.
Oro har, bi depresio mota bereizi daitezke: endogenoak eta exogenoak. Depresio endogenoetan ez dago kanpoko kausarik eta faktore biologikoen (serotonina neurotransmisorearen urritasuna), herentzia genetikoaren edo arazo neurologikoen ondorioa dira. Depresio exogenoak gatazka psikosozial batetik eratorri daitezke, hau da, kanpotik edo ingurunetik datozenak; esate baterako, dibortzioa edo lanik gabe egotea.
Depresioaren sintoma esanguratsuenak ondorengoak dira:
- Fisikoak. Lo arazoak (loezina), jangale galera, jarduera eta desio sexualaren galera. Buruko mina, idorreria eta hilekoaren galera ere agertu ohi dira.
- Animikoak. Tristura eta suminkortasuna, gehiegizko urduritasua, hutsune- eta ezintasun-sentimenduak.
- Kognitiboak. Deprimitutako pertsona baten errendimendu kognitiboa txikiagoa da, arreta eta kontzentrazioa jaitsi egiten dira.
2.2. Antsietate-Nahasmenduak
Antsietatea emozio asko (beldurra, lotsa, errua) barne hartzen dituen sentsazio bat izan daiteke. Kontrola eta borondatea galtzen direnean angustia agertzen da, etsipenezko egoerekin eta tentsio psikiko handiekin lotuta dagoena.
Antsietatea erantzun emozional bat da, hiru sistemen parte-hartzea daukana:
- Fisiologikoa. Odol-presio handia, tentsio muskularra, aldaketak arnasketan…
- Kognitiboa. Distortsio kognitiboak, ideia irrazionalak eta beldurrak edo tentsio emozionalak (oro har argitasunez pentsatzeko ezintasuna).
- Motorra. Ihes- edo saiheste-erantzunak, dardarak, paralizatzea, totelka hitz egitea.
A. Nahasmendu Fobikoak
Greziar mitologian, gerlariak Fobos beldurraren eta izuaren pertsonifikazioa zen. Hortik dator fobos/fobia hitzaren erabilera patologiaren alorrean zerbaiti izua edo beldurra diogula adierazteko.
Fobia bat gehiegizko beldur bat da, iraunkorra, irrazionala eta neurriz kanpokoa, objektu, animalia, pertsona edo egoera jakin batzuek sortzen dutena.
Fobien ezaugarri nagusia zera da, ekarpen eta defentsa erantzun bat dagoela eragile fobikoarekiko, pertsona bati larritasun handia eragiten diona, nahiz eta jakin badakien bere beldurra arrazoirik gabea dela. Fobiak ezin dira azaldu edo arrazoitu eta pertsona baten borondatezko kontroletik kanpo daude, hura beldurra sortzen dion objektua edo egoera saihesten saiatzen delarik. Fobiko guztiek badakite euren beldurra zentzugabea dela, baina ezin diote ihes egin.
Beldurra pertsona baten biziraupenerako erreakzio natural bat da, baina fobia bihurtzen da:
- Beldurra sortzen duen objektuak ez dakarrenean benetako arriskurik.
- Beldurra arriskuarekiko neurrigabea denean edo pertsonaren gainerako nortasunarekin bat ez datorrenean.
- Pertsona baten eguneroko bizitza aztoratzen duenean.
Nahasmendu Obsesibo-Konpultsiboak
Obsesio edota konpultsioen bidez adierazten dira eta pertsonen eguneroko bizitzan oztopo esanguratsu bat sortzen du.
Obsesioan pentsamendu, ideia, irudi edo oroitzapen desegokiak dira, eta ez dira borondatezkoak izaten, baizik eta kontzientzia inbaditzen dute eta higuingarri edo zentzugabetzat hartzen dira. Obsesioak esan nahi du pertsona bat kanpoko zerbaiten aurka ari dela borrokan etengabe, eta hark modu aktiboan egiten diola aurka. Obsesio mota desberdinak daude: kutsadurazkoa (zikinkeriari beldurra), egiaztapenezkoa (gasa itxita ote dagoen begiratzea), pilaketazkoa (objektu erabilgaitzak gordetzea), ordenezkoa (lekuz kanpoko objektuek egonezina sortzea)…
Konpultsioak, bestalde, jokabide errepikakorrak dira, obsesio bati erantzuteko egiten direnak. Jokabide horiek ez dute xederik euren baitan, baizik eta etorkizuneko gertakariren bat saihestera bideratuta daude. Forma ohikoena gauzak beti ordena jakin batean egitea izan daiteke, garbiketa-errituak egitea edo eskuak etengabe garbitzea zikintasunarekiko beldurrez.
Trauma Osteko Estresa
Ohiz kanpoko egoerak bizi izan dituzten pertsonek, adibidez, gerrak, trafiko-istripuak, natura-hondamendiak edo sexu-erasoak, trauma osteko estresa jasan dezakete. Traumak ez dira estresa sortzen duten eguneroko gertaerak, baizik eta pertsona baten bizitza arriskuan egon zeneko esperientziak dira.
Enrique Echeburúa psikologoaren arabera, hiru ezaugarri komun izan ohi dira:
- Biktimek jasandako erasoa edo bizitzako esperientzia berriz bizi ohi dute etengabeko oroitzapen edo amesgaiztoen bidez.
- Suminkortasuna, lo hartzeko zailtasunak eta insentsibilitate afektiboen sintomak izaten dituzte.
- Ez dute maite dituzten pertsonekin gertakari traumatikoei buruz hitz egin nahi izaten.
2.3. Nahasmendu Eskizofrenikoak
Eskizofrenia terminoak (literalki “banandutako gogamena”) gaitasun kognitibo eta afektiboen zatiketa esan nahi du. Ondorengo sintomak dira esanguratsuenak:
- Pertzepzio nahasiak edo errealitatea interpretatzeko ezintasuna, norbaitek espiatu egiten dutela sinestea, haluzinazioak (irudiak ikustea edo ahotsak entzutea) eta pentsamendu ilogikoak izatea.
- Pentsamendu nahasia. Pentsamendu eskizofrenikoak ez dauka oinarri logikorik, errealitatearekin kontaktua galdu du eta gainerako pertsonei absurdua iruditzen zaie. Deliriozko ideiak izan ditzakete: handitasunezkoak, jazarpenezkoak…
- Ohiko gaitasunak deuseztatzea: bizitza antolatzea, norbere buruaz arduratzea, gaitasun kognitiboen hondatzea…