Psikologiaren Oinarriak: Metodoak, Adarrak eta Teoriak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,48 KB

Ikerketa Metodoak Psikologian

Metodo Deskribatzaileak

Aztertu behar diren fenomenoak zehatz-mehatz gordetzeko edo deskribatzeko erabiltzen diren prozedurak dira. Honako hauek dira nagusiak:

  • Kasuen azterketa: Pertsona bat edo gehiago sakonean aztertu ondoren, orokorrean aplika daitezkeen ezaugarriak aurkitzea da prozedura honen helburua.
  • Inkesta: Talde bati bere jokabideari buruzko galderak egitean datza; gero, lortutako datuekin, biztanle guztien jokabideari dagozkion ezaugarriak zehaztu ahal izateko.
  • Behaketa zuzenak: Pertsonen jokabidea behatzea eta erregistratzea du helburu. Behaketa egoera artifizialean edo naturalean egin daiteke.
    • Laborategian egindako behaketan, ingurua kontrolatuta dago eta emaitzak zehatzagoak dira; baina egoera artifiziala izanik, eragina izan dezake aukeratutako gizabanakoengan eta, orduan, objektibotasuna gal dezake.
    • Egoera naturalean ez dago inolako manipulaziorik, baina zailagoa da emaitzak zehaztea.

Metodo Korrelatiboa

Korrelazioa bi faktoreen arteko erlazioa adierazten duen neurri estatistikoa da. Neurri horren bidez, faktore bat beste baten ondorioa izan daitekeela azal dezakegu.

  • Korrelazio positiboak erlazio zuzena adierazten du; horrek esan nahi du bi faktoreak batera hazten edo txikitzen direla.
  • Alderantzizko korrelazioak (edo korrelazio negatiboak) kontrakoa adierazten du: bata handitzean, bestea txikitzen da.

Metodo Esperimentala

Esperimentuen bidezko ikerketa da, jokabideak azaltzeko eta faktoreen zergatia eta eragina aurkitzeko metodorik egokiena. Esperimentua hasteko, hipotesi bat ezarri behar da. Esperimentuaren helburua hipotesi hori frogatzea da. Hipotesi arruntena honako hau da: gertaera batek beste gertaera bat dakarrela.

Psikologiaren Adar Nagusiak

Psikologia Esperimentala

Metodo esperimentalen bitartez fenomeno psikikoak eta organismoaren portaera ikertzen dituen psikologiaren adarra da. Biologiak garrantzi handia du hemen.

Psikofisiologia

Gizakien eta animalien portaeraren oinarri fisiologikoak aztertzen ditu. 1990. urtera arte psikofisiologia kognitiboaren barnean zegoen. Gaur egun, neurozientzia kognitibo bihurtu da.

Garapenaren Psikologia

Gizakiaren jokabideak jaiotzetik heldutasunera arte izaten dituen aldaketak aztertzen ditu.

Psikologia Klinikoa

Jokabidean eta emozioetan gertatzen diren nahasteak aztertzen, diagnostikoa ematen eta terapia ezartzen du.

Ikaskuntzaren Psikologia

Hezkuntzarekin zerikusia duten arazo psikologikoak aztertzen ditu. Askoren ustez, profesional hauek ikasteko arazoak dituzten ikasleekin bakarrik lan egiten dute (psikologia terapeutikoa), baina ikaskuntzaren psikologoen zeregina beren ardurapean dauden ikasle guztiak dira.

Psikologia Soziala

Gizarte-taldeek eta komunikabideek gizakiaren jokabidean duten eragina aztertzea da alor honen helburua.

Psikologia Industriala

Oro har, industrian eta lanaren munduan gizakien parte-hartzearen gorabeherak aztertzen ditu. Industriaren optimizazioa du helburu. Horretarako, honako zereginak ditu:

  • Langileak hautatzea.
  • Bakoitzaren gaitasunen arabera lan-taldeak eratzea.
  • Langile bakoitzari dagozkion gaitasunen eta prestakuntzaren arabera lanpostua egokitzea.

Konduktismoa

John B. Watson (1878-1958) izan zen konduktismoaren sortzailea. Konduktisten ustez, psikologiak objektiboa izan behar du, eta, horren ondorioz, animaliei aplikatzen zaizkien metodo berak gizakiei ere aplikatu behar zaizkie.

Konduktismoa hiru oinarri teoriko nagusitan finkatzen da:

  • Funtzionalismoa: Norbanakoa ingurunera nola moldatzen den azaltzen du, eta sentipenek, pentsamenduek eta portaerek prozesu horretan nola eragiten duten ikertzen du.
  • Animalien psikologia: Animalien gogamen-gaitasunak ikertzen ditu; zehazki, nola jasotzen duten beren inguruneko informazioa zentzumenen bidez, eta nola prozesatzen duten informazio hori.
  • Erreflexologia: Organismoaren erantzun guztiak jaiotzetiko erreflexuak direla baieztatzen du.

Konduktismoaren Printzipio Nagusia

Konduktismoaren arabera, ingurunera moldatzeko baliagarriak diren erantzun egokiak indartu egiten dira denborarekin; erantzun desegokiak, aldiz, ahulduz joaten dira, desagertu arte.

Entradas relacionadas: