Psikologiaren Oinarriak: Definizioa, Ikerketa Alorrak eta Eskola Nagusiak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,16 KB

1. Psikologiaren Definizioa

Psikologia hitza grezierako psykhé (arima) eta logos (zientzia) hitzen elkarketatik dator. Hitz hori XIX. mendean hasi zen erabiltzen.

Definizioa: Jokabideak eta hauek baldintzatzen dituzten gogamen-prozesuak aztertzen dituen zientzia da.

  • Psikologoek animalien jokabideak ere aztertzen dituzte (etologia): animalien jokabideak gizakion jokabidearekin zerikusia du, eta erreferentzia garrantzitsua da gizakiaren portaerak aztertzeko orduan.
  • Gizakien eta animalien jokabideen artean antzekotasunak eta desberdintasunak daude.
  • Arrazoi etikoak direla eta, gizakiekin egin ezin diren esperimentuak animaliekin egiten dira. Horrek arazo etikoak sortu ditu.

2. Psikologiaren Ikerketa Alorrak

Psikologian espezializazio beharra gero eta handiagoa da: eremua zabaldu da eta alor ugari daude. Hala ere, alor guztiek psikologia orokorra hartu behar dute erreferentzia orokortzat.

2.1. Psikologia Esperimentala

Metodo esperimentalaren bidez fenomeno psikikoak eta portaera ikertzen ditu. Ikerketa laborategiko egoerara mugatzen da. Adibidez: Arretak oroimenean nola eragiten duen ikertzea.

2.2. Psikofisiologia

Gizakiaren eta animalien portaeraren oinarri fisiologikoak aztertzen ditu. Fisiologia eta jokabidea erlazionatu nahi ditu. Adibidez: jokabide oldarkorra gertatzean, arazoaren arrazoia bilatzeko, garunean jarduera handiena duen unea aztertzea.

2.3. Garapenaren Psikologia

Bizitzako garapen-fase bakoitzaren ezaugarri orokorrak zehaztea du helburu.

2.4. Psikologia Klinikoa

Jokabidean eta emozioetan gertatzen diren nahasteak aztertzen ditu. Buruko nahasteek (eskizofrenia, etab.), adimen-atzerapenek, drogamenpekotasunek, depresioek, gizarteratze-arazoek, antsietateak edo sexu-arazoek sorrarazitako jokabide-arazoak aztertzen ditu.

2.5. Ikaskuntzaren Psikologia

Heziketarekin zerikusia duten arazo psikologikoak aztertzea du helburu.

  • Ikasle guztiekin egin dezakete lan: ikasleen gaitasunak neurtzeko testak pasa, ikasle supergaituentzako edo egunerokoa jarraitzeko zailtasunak dituztenentzako programa espezifikoak diseinatu, etorkizuneko lanbide posibleak proposatu, etab.
  • Eskola-psikologoek irakasleekin lan egiten dute, heziketa-prozesuan sor daitezkeen arazoak konpontzen laguntzeko.

2.6. Psikologia Soziala

Helburua gizarte-taldeek eta komunikabideek gizakiaren jokabidean duten eragina aztertzea da. Ikertzen diren gaiak: Publizitateak kolektibitatean duen eragina, aurreiritzi sozialak, taldeen arteko harremanak, etab.

2.7. Psikologia Industriala

Helburua gizakiak parte hartzen duen industria eta laneko hainbat arlo aztertzea da. Adibidez: Pertsonala aukeratzea, lan-taldeak eratzea, langile bakoitzari lanpostua egokitzea, kontsumitzaile posibleen gustuak aztertzea, etab.

2.8. Kirolaren Psikologia

Helburuak:

  1. Kirolariek euren gaitasun fisiko, tekniko eta taktiko guztiak garatzea.
  2. Errendimendua hobetzea eta motibazioa areagotzea.

2.9. Psikologia Judiziala

Akusatuen gaitasunari buruzko ebaluazioak egiten ditu, baita epaileei eta abokatuei zuzendutako txostenak ere.

3. Psikologia Urteetan Barrena (Historia)

Psikologiaren sorrera: XIX. mendearen aurretik, psikologia filosofiaren alorra zen. XIX. mendean, psikologia zientzia autonomo bihurtu zen, psikologoak metodo esperimentalak eta laborategiko ikerketak erabiltzen hasi zirenean. Psikologiak beste diziplinekin elkar-lanean jarraitu zuen (biologoekin, medikuekin, etologoekin, soziologoekin, filosofoekin, etab.).

3.1. Wilhelm Wundt (Estrukturalismoa)

  • Psikologia esperimentalaren sortzailea izan zen.
  • 1879an psikologia esperimentalaren lehen laborategi ofiziala sortu zuen.
  • Wundtek kontzientziaren egitura aztertu zuen: Estrukturalista.
  • Kontzientzia aztertzen zuen, bere osagaiak aztertu nahi zituen (sentsazioak, irudiak, sentimenduak).
  • Introspekzioa: pertsonak estimulu jakin batzuen aurrean beren gogamen-prozesuak deskribatzeko entrenatzen zituen teknika.

3.2. William James (Funtzionalismoa)

  • Bere laborategia zabaldu zuen Massachusettsen.
  • Faktore fisiologikoek gogamen-prozesuetan duten eragina irakastea eta erakustea zen helburua.
  • Wundten aurka azaldu zen, psikologiaren alde praktikoaz arduratuz.
  • Interesgarriagoa da gizakiak bere inguruan moldatzeko erabili ohi dituen baliabideak aztertzea gogamenaren egitura aztertzea baino.
  • Jamesek sortu zuen eskola: Funtzionalismoa.

4. Psikologia Eskolak

4.1. Psikoanalisia

Sigmund Freudek sortu zuen XIX. mendearen bukaeran. Freuden teoria inkontzientean oinarritzen da: Haurtzaroan erreprimitutako esperientziak inkontzientean gordetzen dira eta heldutasunean, gainditu ez badira, nahaste gisa azaltzen dira. Kritika asko izan bazituen ere, arrakasta izan zuen garaiko psikologoen artean.

Helburua jokabidearen esanahi inkontzientea kontzientera ekartzea da, azal daitezkeen arazoak konpontzeko. Erabilitako metodoak: Introspekzioa, ideia-asoziazio librea eta ametsen interpretazioa.

4.2. Konduktismoa (Behaviorismoa)

Watson izan zen korronte honen sortzailea. Beste autore garrantzitsu batzuk: Pavlov, Thorndike eta Skinner. Konduktismoaren printzipioak:

  • Psikologiak objektiboa izan behar du.
  • Animalien psikologian erabiltzen diren metodoak eta printzipioak aplikatu behar zaizkie gizakiei. Laborategian lan egiten dute.
  • Funtzionalismoan (praktikotasuna), animalien psikologian (laborategiaren garrantzia) eta erreflexologian (estimulu-erantzun) oinarritzen da.
  • Jokabidea behatu eta neurtu daitekeen fenomeno bat da.
  • Jokabidea arautzen duten legeak berdinak dira espezie guztientzat.

Thorndike

Thorndikek katuekin egin zuen esperimentua. Ondorioak:

  1. Erantzun egokiak, ingurunera moldatzeko balio dutenak, indartuz doaz; erantzun desegokiak, alferrikakoak, indargabetuz doaz, desagertu arte.
  2. Arrakasta duten ariketek bakarrik ahalbidetzen dute ikaskuntza.

Watson

Watsoni zor zaio psikologia jokabidearen azterketa bezala ezartzea:

  • Psikologia natur-zientzien adar bat da.
  • Psikologiaren helburua jokabidea aurreikustea eta kontrolatzea da.
  • Animalien eta gizakien artean ez dago etenik, jarraipena baizik.
  • Kontzientzia ez dago zertan aipatu. Psikologiari organismoaren jokabide behagarri eta ageria dagokio.
  • Psikologiak praktikoa izan behar du, bizitzan oinarritutakoa, gizartearentzako onuragarria.

Pavlov

Baldintzapen klasikoaren sortzailea da eta baldintzatutako erreflexuaren kontzeptua txertatu zuen. Txakurrekin eginiko esperimentua: Metronomo bat erabili zuen animalia elikatu aurreko unean. Animalia gose zenean, txistua dariola jartzen zen metronomoaren soinua entzun orduko; ez zen janariaren beharrik txistua dariola jartzeko.

Skinner

Jokabide eragilea izenekoa deskribatu zuen: ondorioen arabera jarduten duen jokabidea. Jokabidea egoera bakoitzean agertzen diren gertakizun zehatz batzuen ondorioa dela dio.

4.3. Psikologia Kognitiboa

70eko hamarkadan, behaviorismoaren "estimulua-erantzuna" proposamen itxia baztertuz joan zen, eta gogamen-prozesuei garrantzi handiagoa eman zitzaien. Psikologiaren aztergaia gogamen-prozesuetara eta prozesu horien egiturara eta funtzionamendura bideratu behar da.

  • Helburua: gogamen-prozesuak identifikatzea da.
  • Gizakia informazioaren prozesadore aktiboa da.
  • Psikologia kognitiboak garrantzi handia ematen die gogamenari eta kontzientziari.
  • Oroimenari, adimenari, pertzepzioari eta abarri buruz egindako ikerketek garrantzi handia dute.
  • Kritiken artean: emozioei eta sentimenduei garrantzirik ez ematea.
  • Autore garrantzitsua: Piaget.

4.4. Psikologia Humanista

XX. mendeko 50eko hamarkadan sortu zen. Psikologo humanista ezagunenak: Maslow eta Rogers.

  • Humanistek behaviorismoa kritikatu zuten, giza psikologiatik urruntzen delakoan.
  • Psikoanalisia ere kritikatu zuten, jokabide patologikoak soilik aztertzen dituelako.
  • Helburua: pertsona autorrealizatzera iristea, bakoitzak bere burua onartuz. Horretarako, mailakatutako balioak bete beharko ditu, nork bere bokazioarekin bat datorren garapen pertsonala bideratzeko.
  • Kritika ugari jaso ditu zientifikotasun faltagatik. Hala ere, arrakasta ugari izan ditu (adibidez, talde-dinamiketan).

4.5. Gestalt Eskola

Eskola hau Alemanian sortu zen XX. mendeko bigarren hamarkadan. Autore nagusiak: Frits Perls, Max Wertheimer.

  • Psikologo hauek pertzepzio bisuala nola antolatzen den aztertu nahi izan zuten.
  • Haien ustez, “osotasuna parteen bilduma baino gehiago da”.
  • Egoera bakar baten aurrean, gizaki bakoitzak printzipio orokor batzuen arabera egituratzen du pertzepzio-eremua, baina baita egoera horri buruz bakoitzak duen esperientziaren arabera ere.

Entradas relacionadas: