Prozesu Geologiko Exogenoak eta Lurreko Formen Definizioak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,65 KB

Gaia: Prozesu Geologikoen eta Formen Definizioak

Biostasia

Modelatze eskasa edo hutsala. Klima ideal baten ondorio izaten da, hau da, landare-estalkia egonkorra eta edafogenesia (lurzoruaren eraketa) dira nagusi. Biostasian dagoen arro batean, geruzatan antolatutako landaretza-estalkia prezipitazioen zuzeneko erasoaren kontrako babes fisikoa da. Euri-tantek, lehenik, landareak bustitzen dituzte, eta gero hosto, adar eta zurtoinetatik behera jaisten dira poliki; geldiro erortzen direnez, ez da ia higadurarik gertatzen. Iheskorrentia oso txikia.

Erresistasia

Modelatze nabarmena. Kausa klimatikoak edo antropikoak direla eta, ekintza mekanikoa handia izaten da. Beraz, landaretzaren atzerakuntza eta edafogenesiaren krisia gertatzen dira. Erresistasian dagoen arro batean landaretza oso urria da, edo ez da batere landarerik izaten. Horren ondorioz, higadura erraztu egiten da, eta ura abiadura handiz joaten da lur gainetik. Iheskorrentia oso handia.

Meteorizazioa

Atmosferaren ekintzaren ondorioz harriak puskatzea edo kimikoki aldatzea in situ, hau da, garraiorik gabe.

Meteorizazio motak

  • Mekanikoa: Harria apurtu egiten da:
    1. Gelibazioa (krioklastizitatea edo krioklastia): Meteorizazio mekaniko mota bat da, non poroetatik eta pitzaduretatik sartutako ura izoztu egiten den, bolumena handitu, presioa egin eta harria apurtzen duen. Latitude eta mendi altuetan gertatzen da.
    2. Bioklastizitatea (edo bioklastia): Meteorizazio mekaniko mota bat da, non zuhaitzen sustraiak harrien zartaduretatik sartu, hazi eta loditu egiten diren. Sortutako presioak harria puskatzen du.
  • Kimikoa: Harriaren konposizio kimikoa aldatzen da:
    1. Disoluzioa: Meteorizazio kimiko mota bat da, non urak zenbait osagai disolbatzen dituen; gatzak eta kaltzio karbonatoa. Adibidez, horrelakoetan, karbonatazio deritzo. Kareharrietan, karsta sortzen da.

Garraioa

Kanpo prozesu geologiko bat, honen bitartez sedimentoak lekuz aldatzen dira. Garraio modua eragilearen arabera aldatu egiten da. Oro har:

  • Disoluzioz.
  • Egoera solidoan:
    • Garraio hautakorraren bitartez (haizea, ur-korronteak): eragilearen indarraren eta partikulen dentsitatearen araberakoa.
    • Garraio ez hautakorraren bitartez (glaziarrak).

Higadura

Garraioaren ondorioz materialetan (meteorizatutako harrian, garraiatutako jalkinetan, bideko harrietan) gertatzen den desgastea. Bideko harrietan gertatzen den higadurari urradura esaten zaio.

Sedimentazioa

Eragileek indarra galtzen dutenean materialak behin betiko pilatuta geratzen direneko prozesua. Disoluzioan garraiatuak diren materialen sedimentazioari prezipitazio deritzo. Sedimentazioa nagusiki grabitatearen eraginez gertatzen denez, sedimentuak sakonuneetan pilatzen dira, eta horregatik, itsas hondoa da sedimentazio-arro nagusia.

Ibai-Formak

Uholde-lautada

Ibaiaren ibilbidearen erdiko aldean ikus daitezke. Uholde-lautadak ur-emaria handitzean urak estali eta ongarriztatutako ibai-bazter zabalak dira. Ibai-harana aska formakoa izaten da, V formako hondoa alubioiez (ibaiak garraiaturiko materialez) bete ondoren sortua.

Ibai-terraza

Batzuetan, ibaiak berritu egiten du bere energia eta gai izaten da berak utzitako sedimentuak higatuz beherago dagoen maila batean kokatzeko. Era horretara, lehenengo ibai-metaketak gorago geldituko dira. Prozesu hori denboran zehar errepikatuz gero, ibilguaren hegaletan uholde-lautada zaharren aztarna mailakatuak agertzen dira: ibai-terrazak.

Delta

Ibaiak garraiatutako material finak ibilbidearen amaieran sedimentatzean sortzen den triangelu formako bokalea. Materialak itsasorantz sartzen dira, apurka-apurka, eta, era horretara, nekazaritzarako lur berriak lortzen dira.

Estuarioa

Itsasoak, bere indarrari esker, ibaiak garraiatutako materiala itsas barnerantz eramaten dituenean sortzen den inbutu itxurako bokalea. Itsasgoran, itsasoak garraiaturiko materialak (hareak…) bokalearen barruan metatzen dira.

Modelatu Karstikoa

Kareharrian eragiten duen modelatua da. Modelatu horren oinarri den prozesu kimikoari karbonatazio esaten zaio. Kareharriak berez ez dira uretan disolbatzen, baina erreakzio kimiko honen ondoren disolbagarri bihurtzen dira:

CO2 + H2O → H2CO3 + CaCO3 → Ca(HCO3)2

Itsasertzeko Formak

Urradura-plataforma

Higaduraz sorturiko forma da. Olatuen higaduraren ondorioz, itsaslabarren atzeratze-prozesuan labar azpian geratzen den harrizko plataforma, aurreko itsaslabarraren aztarna dena.

Hondartza

Sedimentazioz sorturiko forma da. Olatuek utzitako sedimentu-metaketa; sedimentuen arabera hareazko zein harrizko hondartzak izaten dira.

Arrisku Geologikoak

Lur hedakorrak

Ura behin eta berriro xurgatu eta galtzean bolumena aldatzen duten lurrak dira, eta etxeetako zimenduen finkapenak haustea gerta daiteke.

Hondorapena

Arrisku mota bat da, non lurra mugimendu geldo baten bidez hondoratzen den. Era naturalean zein gizakiak eraginda gerta daiteke. Adibideak: akuiferoak hustea, lurpeko gatzak erauztea eta lurraren beherakada geldoa.

Kolapsoa

Arrisku mota bat da, non lurra bat-bateko mugimendu baten bidez hondoratzen den. Era naturalean zein gizakiak eraginda gerta daiteke. Adibideak: kareharri edo igeltsuaren disoluzioak eragindako kobazuloetako sabaiak edo meategi-galerietako sabaiak erortzea.

Entradas relacionadas: