Proteinen Sintesia: Itzulpen Prozesua eta Etapak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,2 KB
Proteinen Sintesia: Itzulpena
Proteinen sintesiaren bigarren etapari itzulpena deritzo, informazioa hizkuntza batetik (nukleotidoen hizkuntzatik) beste batera (aminoazidoenera) transferitzen baita.
Itzulpenaren Kokapena eta Mekanismoa
Itzulpena erribosometan gertatzen da. Erribosoma bakoitzak bi elkarketa-gune ditu tRNArentzat. Horietako batean, kate polipeptidikoari lotutako azken aminoazidoa duen tRNA molekula kokatzen da. Horri tRNA peptidilaren elkarketa-gunea edo P gunea deritzo. Beste elkarketa-gunean, kateko hurrengo aminoazidoa daraman tRNA molekula erantsiko da. Horri tRNA aminoazilaren elkarketa-gunea edo A gunea deritzo.
Prozesuak hiru etapa nagusi ditu:
Itzulpenaren Etapak
1. Hasiera
Azpiunitate erribosomiko txikiena mRNA molekula baten 5’ muturrari lotzen zaio. Formilmetionina (fMet) aminoazido eraldatua daraman lehenengo tRNA molekula kokatzen da haren lekuan, mRNA molekularen AUG hasiera-kodonarekin elkartzeko.
Azpiunitate erribosomiko txikiaren, mRNAren eta hasierako aminoazil-tRNAren arteko konbinazioari hasiera-konplexua deritzo.
Ondoren, erribosomaren azpiunitate handia kokatzen da, formilmetionil-tRNA P gunean jarriz eta A gunea hutsik utziz. Etapa horretarako beharrezko energia GTParen hidrolisiak ematen du, eta prozesuak hasiera-faktoreak behar ditu.
2. Luzapena
Kate polipeptidikoa, hurrenez hurren elkartzen zaizkion aminoazidoen ondorioz, hazten joango da. Etapa horretan hiru prozesu nagusi gertatzen dira:
- tRNA aminoazilak erribosomaren A gunera sartzen den hurrengo kodona ezagutzea.
Horrek kodonaren (mRNA) eta antikodonaren (tRNA) base osagarriek bat egitea eragiten du. Energia kontsumoa dago (GTP) eta luzapen-faktoreak behar dira.
- P guneko tRNAri elkartutako aminoazidoaren eta A gunera sartu berria denaren arteko lotura peptidikoa eratzea.
Erreakzio hori peptidil transferasa entzimak katalizatzen du.
- Translokazioa: Erribosoma hiru nukleotido mugitzen da mRNAren 3’ muturrerantz.
tRNA askea askatu egiten da, eta tRNA peptidila P gunean kokatzen da.
3. Amaiera
Erribosoma UAA, UGA edo UAG amaiera-kodonetako batera iristen denean (horientzat ez dago antikodon osagarridun tRNArik), sintesia gelditu egiten da zenbait askatze-faktoreren ondorioz. Faktore horiek erribosomarik gabeko A gunean erantsi daitezke, eta peptidil transferasa entzimaren berariazkotasuna aldatu. Horrela, sintetizatu berria den proteina aske geratuko da, bai eta azken tRNA ere. Azkenik, erribosoma mRNA-tik banatu egingo da eta bi azpiunitateak disoziatu egingo dira.
Sintesiaren Osteko Prozesuak
Sintesia amaitu ostean, proteina tolestu egingo da, dagokion konformazioa hartu arte. Zenbait katek beste batzuekin asoziatu behar dute horien egitura kuaternarioa osatzeko. Beste batzuek, ordea, koentzimekin edo ioi metalikoekin lotuko dira.