Primo de riveraren manifestua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,88 KB
1923-1930. Primo de Riveraren diktadura
Primo de Riveraren diktadurapean euskal abertzaletasunak jazarpena sufritu zuen. Egoera horretan kulturgintzak berebiziko indarra eta garrantzia hartu zituen euskal abertzaletasunaren ideiak zabaltzeko. Testuinguru horretan euskal poetek lehen mailako garrantzia hartzen dute. Izan ere, garaiko nazio-berpizkundeko prozesuetan indarra hartu zuten nazio-izaera goratzen zuten poesiek. Eta euskal poetek ere Euskal Herriak hori behar zuela uste zuten.
1930-1937. Errepublika garaia
Euskal pizkunde modura ezagutzen da errepublika garaia.
Estetikaren aldetik, eta batez ere lirika arloan, Espainiako Modernismoari eta sinbolismoari egiten zaion hurbilketa izango litzateke ezaugarririk nabarmenena. Modernitate aroari heltzeko ahaleginetan ari da euskal literatura. Egia da Modernismoa Espainian bukatua zela I Mundu Gerratea hasi zenerako, eta beraz euskal idazleak berandu hasiko direla haiekin bat egiten.
Aitzol, Lauaxeta, Orixe eta Lizardik ordezkatzen dute batez ere desio hori, eta bakoitzak bere modura erantzun zioten. Aitzolek "Euskaltzaleak" elkartea antolatu eta bultzatuz, Orixek euskal kontzeptismoa landuz, Lauaxetak eta Lizardik kultur ekintzaile eta poeta gisa. Honen guztiaren adierazgarri Euskaltzaleak elkarteak antolatu zituen Olerti egunak:
1930ean Lauaxetak irabazi zuen, 1931n berriz Lizardik(" Urte giroak ene begian").
Jose Ariztimuño
Jose Ariztimuño Aitzolen jarrera oso kontuan hartzekoa da garai hartan gertatzen den euskal literaturaren eta kulturaren indarberritzean. Bere eginkizunik oroigarriena literatura sistema eratzeko orduan datza. Aitzolek garbi ikusi zuen euskal gizarteak beharrezko zuela euskararen alde eta euskal literaturaren alde egitea gizarte euskaldun bat sortu nahi bazen. Euskal literaturaren prestigioaren alde egin zuen, euskaraz arituko zen gizarte prestigiotsua nahi zuen neurrian. Garbi dago Aitzolen helburuak ezin direla bere joera politikoetatik banandu. Euskal nazionalismoaren alde egin zuen, eta literatura eta kultura bultzatuz euskal nazioaren independentzia bultzatzen zuela behin baino gehiagotan adierazi zuen. Jakina da nolako loturak zituzten garai hartako idazleek euskal nazionalismoaren indar nagusi zen EAJ-PNVrekin.
Aitzolek lehendik sortu zen Euskaltzaleak (1928) erakundea hartu zuen plataforma gisa euskal kultura bultzatzeko asmoz. Esparru asko hartu zituen bere gain: Euskal kulturaren aldizkaria bultzatu, Yakintza aldizkaria (1933), alegia; egunkariak eratu eta diruz hornitu; Euskal Olerti Egunak martxan jarri zituen (1930-1936), ondoren Bertsolarien Egunak (1935-36), Lore Joko modernoen moduan antolatuak, baina literatura eta ekintza kultural zein politikoak biltzen zituzten Egunak.
Aitzolek poema nazionalaren sorkuntzan jarri zuen bere asmo nagusia, poesiaren bidez herriaren pentsamoldea aldatuko zela sinisturik, eta azken batean kulturak eta poesiak herriaren independentziaren alde egingo zuela baietsiz. Euskal poesiaren eredu zuen Orixeri eskatu zion euskal poema nazionala idaztea.