Prekariatua: Lanaren Prekarizazioa eta Gizarte Eraginak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,16 KB
Prekariatua: Gizarte Geruzaketa Berria
Gaur egun gure gizartean egoera ezberdin ugari gertatzen dira, batez ere lanaren inguruan. Gobernuek lan-merkatuan malgutasuna sustatzen dute; horrek langileen eta familien segurtasun-eza eragiten du. Ondorioz, prekariatuaren sorrera gertatzen da. Ezaugarri nagusietako bat lan-egonkortasunik eza da. Hau da, gure gizartean lanpostu bat izateak ez du ziurtatzen lan hori egonkorra izango denik. Egonkortasun hori ez dago ziurtatuta, eta horrek eragin psikologikoak ditu langileengan.
Ezaugarri Nagusiak
Prekariatua formazio-bidean dagoen klasea dela esan dezakegu, oraindik ez baita klase bat.
XX. mendean erabili zen lehen aldiz 'prekariatu' hitza, frantziar soziologo batzuen eskutik, aldi baterako langileak izendatzeko. Hori prekariatuaren alderdi garrantzitsu bat dela esan dezakegu.
Aurreko paragrafoan aipatutako malgutasun horrek lanpostuen ziurtasun-eza areagotzen du. Lan malgua hedatu ahala, desberdintasunak areagotu egiten ziren. Lanean segurtasun-eza izateak kontratu mugagabeen falta eta lana galtzean babesa galtzea ere esan nahi du. Gaur egun, lana galtzen duten langileek depresioa izateko aukera handiak dituzte, eta ez dute inolako babesik izaten. Gainera, gure gizartea indibidualista denez, langileek ez dute komunitate bat sortzen beren artean. Hau da, bakoitzak bere arazoak dituela uste du, eta ez du ondoan dagoena zaintzen ezta laguntzen ere. Lan seguru bat izateko identitate-falta ere eragiten du. Lan-kontrol falta dago, esate baterako, zereginetan.
Beste ezaugarri nabarmen bat diru-sarrerekin zerikusia du. Batez ere, langileek ez dute segurtasunik beren diru-sarreretan, bizitzeko eta bizirik irauteko beharrezkoak baitira. Etorkizun bat izateko esperantza-eza dago; ez dute ikusten etorkizunik egiten duten lanean. Adibidez, bihar lanik gabe geratzen badira, ez da ustekabe bat haientzat. Azken finean, ziurgabetasunarekin bizi dira, ezer ez dakiten bezala, edozein unetan lanik gabe geratu ahal direlako.
Gaur egun lan prekarioei buruz hitz egiten dugunean, ziurgabetasun-falta, eskubide-falta (bizitzako esparruetan ere, ez bakarrik lanean) aipatzen ditugu. Gainera, gaur egun hainbat lan-istripu ikusten dira albisteetan, eta gehienetan lan prekarizatuetan gertatzen dira. Esate baterako, fabriketan denboraldi baterako dauden langileek istripuak izaten dituzte. El Precariado artikuluan 7 segurtasun-mota aipatzen dira, eta horietako bat ez duen langileria prekariatua dela esaten da. Hau argi eta garbi ikusten da Glovo bezalako enpresetan. Hor lan egiten duen jende gehiena gaztea da, eta lan-baldintza oso txarretan lan egiten du. Gainera, haien soldata oso baxua da, eta bizikletan eskaerak banatu behar dituzte (segurtasunik gabe, auto batek edo kamioi batek harrapatu ahal baititu).
Azken batean, ziurgabetasun-sentimendu bat da. Zapuztuta bizi dira, batez ere beren artean harremanak eraikitzen uzten ez dietelako, lan gehienak malguak baitira; errekonozimendurik ez dutela uste dute, gero eta lan gehiago egitean (beren buruak ustiatuz), beste postu garrantzitsu bat lortuko dutela uste dute, eta hori horrela ez denean ikustean, beren autoestimua kaltetzen da, beren buruari galdetzen baitiote ea gauzak gaizki egiten ari diren. Prekarietatea antsietatearekin bizi dute, beldurrez bizi direlako, edozein unetan duten guztia gal dezaketelako, edo akats bat egitean. Gizartean jendea urduri bizi da; esate baterako, ikasten ari diren unibertsitarioek diru ugari inbertitzen dute beren ikasketetan, eta gero lanik ez aurkitzeko beldurra dute.
Proletargoarekin Alderaketa
Proletargoa edo langile-klasea lanpostu egonkor eta iraunkorra duten langileei egiten die erreferentzia, lan-ordu finkoekin eta sindikatuekin edo hitzarmen batzuekin. Gainera, beren nagusia ezagutzen zuten, eta proletarioen artean komunitate bat zegoen.
Langile prekarizatu gehienek, ostera, ez dute beren nagusia ezagutzen, ezta honek zenbat langile zituen ere, ezta etorkizunik izango duten ere. Azkenik, ez dira erdi-mailako klasea, ez baitute soldata finkorik, ezta erdi-mailako klaseko jendeak dituen abantailak ere.
Langile prekarizatuek ez dira lan-komunitatearen parte sentitzen. Orduan, egin behar duten guztian alienazioa eta instrumentalizazioa sentitzen dituzte, eta prekario izateak oportunista izatea eragin dezake. Gainera, indibidualistak dira, eta beren ondoan dagoena ez dute kontuan hartzen. Hau da, bakoitzak bere arazoak ditu, eta bakoitzak bereak konpondu behar ditu. Proletarioen artean dagoen 'sentimendua' ez dago haien artean, eta hori gure gizarte kapitalistaren eragina dela esan dezakegu. Gizarte lehiakortasunaren, malgutasunaren eta meritokraziaren erantzuna da.
Azken finean, egoera aldatzeko, guretzat egoera hori nahi ez badugu, besteentzat zerbait hobea nahiko dugu.
Arrisku Politikoa
Lehen aipatutako moduan, prekariatua ez da klase bat, gatazka batean baitaude. Adibidez, testuan aipatzen da nola herritarrek uste duten immigranteek beraiek baino lanpostu hobeak dituztela eta beren lanpostuak kentzen ari direla, edota lan-baldintza hobeak dituztela eta diru-laguntza ugari jasotzen dituztela. Orduan, ikuspegi politiko batetik ikusita, prekarioek immigranteak beren herrialdeetatik botatzeko asmoa duten politikariak bozkatuko dituzte. Testuan Italian gertatutako kasu bat azaltzen da.
Arrazakeria eta xenofobia areagotu egin ziren. Txinatarrak iritsi baino lehen, pertsona gehienek ezkerreko ideiak zituzten. Hasieran begi onez ikusten zituzten, haien lanak herriko ekonomiari laguntzen baitzion. Baina denbora aurrera joan ahala, italiarrak beren lanpostuak galtzen hasi ziren, txinatarren enpresek gero eta gehiago ekoizten baitzuten, eta orduan italiarrak oso presionatuta bizi ziren Txinaren lehiaren eraginagatik. Orduan, lanpostuak prekarizatzen hasi ziren. Langabezia areagotu egin zen, eta hilabete batzuk igaro ondoren, xenofobia ere areagotu zen, txinatarren aurka jarrera errepresiboak izaten hasi baitziren: langileak atxilotzen, tailerrak erasotzen…
Italiako herrialde hau globalizazioaren adibide bihurtu da: italiarrak langabezian gelditzen zirenez, lan prekarioak lortzeko lehian egoten ziren; immigranteek, ostera, agintarien errepresaliak pairatzen zituzten.