Portugalen Esplorazioak eta Indiako Bidea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Ciencias sociales
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,88 KB
Esplorazio Garaia
XV. eta XVI. mendeetan, europarrek aparteko lurralde-hedapenari ekin zioten. Horri esker, Lurraren itxura eta neurria zehatzago ezagutu ahal izan zituzten, bai eta Lurra osatzen duten lurraldeak ere.
Merkataritza Ekialdearekin
Erdi Aroko Europan oso preziatuak ziren Ekialde Urrunetik ekarritako produktu exotikoak, hala nola zeta eta espeziak. Merkatariek Zetaren Bidean barna ekartzen zituzten produktu horiek, Konstantinopla Txinarekin lotzen zuten merkataritza-bide sortan barna, alegia.
Turkiarrek Konstantinopla konkistatu eta Bizantziar Inperioa hartu zuten 1453an; ondorioz, Zetaren Bidea etenik geratu zen. Hori hala, merkatari europarrek bide alternatiboak bilatu behar izan zituzten.
Portugalen Esplorazioak
Portugalen Proiektua
XV. mendearen hasieratik, Portugalek Indiara iristeko merkatari italiarrek eta musulmanek erabiltzen ez zuten bide bat aurkitu nahi zuen, bide batez, Mediterraneoan nabigatu beharraz libratuko zituena. Portugaldarrek uste zuten bai espezieen, bai Ekialde Urruneko zetaren merkataritzaz jabetuko zirela hori lortuz gero.
Proiektu handi horren sustatzaile nagusia Henrike Nabigatzailea infantea izan zen, Joanes I.a Portugalgoaren semea. Sagresen nautika-eskola bat sortu zuen zailtasunei aurre egiteko. Zailtasunetako batzuk ziren, bai marinelen esperientzia falta, bai eta horiek Afrikaren hegoaldera nabigatzeko zuten beldurra ere; izan ere, kondairak «itsaso iluna» zelako bati buruz hitz egiten zuten. Eskola hartan prestatu ziren, batetik, espedizioetarako tripulazioak, eta bestetik, munduko hainbat lekutatik iritsitako kartografoak, ordura artekoak baino mapa zehatzagoak egin zituztenak.
Indiako Bidea
Kristobal Kolon Lisboara joan zen Portugalgo erregeari Ozeano Atlantikoan barna Asiara iristeko bide berri bat proposatzera. Alabaina, Bartolomeu Diasek Esperantza Oneko lurmuturra igarotzean izan zuen arrakastaren ondorioz, erregeak Kolonen proiektua atzera bota zuen.
1497an, Vasco da Gamak zuzendutako flota bat irten zen Lisboatik: flota lau itsasontziz zegoen osatuta. 1498an, hamar hilabeteren buruan, espedizioa Indiara iritsi zen. Bidaia horrekin amaitu zen proiektu portugaldarra, eta hari esker Portugalek Indiako Ozeanoan zuen presentzia finkatu ahal izan zuen.
Beranduago, 1500ean, Pedro Álvares Cabralek Brasil aurkitu zuen, Indiara egin zuen bidaia batean Afrikatik gehiegi urrundu zenean. Portugaldarrek itsas inperio handia eratu zuten. Kostako faktoriek defendatzen zuten inperioa, eta bai ontzien hornidura, bai eta merkataritzaren kontrola ere bermatzeko balio zuten.