Platonen Filosofia: Ideien Teoria, Ezagutza eta Hiri Ideala
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,33 KB
1. Sofistak
Tradizio zientifikoa osatzen duten lehen pentsalariek Physis-aren inguruan aritzeaz gain, hainbat arazoengatik Atenas egoera berri batera eraman zuten, arazo filosofiko berriak sortuz. Biraketa antropologikoaren ondorioz, Atenaseko pentsalariek kosmosarekiko interesa galdu zuten eta gai berriengatik interesatzen hasi ziren: gizakia eta hiria. K.a. V. mendean, hiritarrei baimena eman zioten batzar politiko eta asanbladetan hitz egiteko. Beraz, politikan arrakasta izan nahi zuenak bere argudioak ondo azaltzeko gai izan behar zuen. Horretarako, erretorika klaseetara joaten ziren, non irakasleak sofistak ziren. Sofistek ez zuten eskola bat sortu, baina haien pentsamoldearen ezaugarri nagusiak azaldu zituzten.
Sofistek eszeptizismo epistemologikoa defendatzen zuten. Beraien arabera ezin dugu errealitatea ezagutu eta ez dago egia absoluturik. Gorgiasek zioenez: “ez dago egia absoluturik eta balego ezingo genuke ezagutu, eta ezagutzerik bagenu ere, ezingo genuke adierazi”.
Bestalde, erlatibismo moralaren alde zeuden. Sofisten ustez, dena subjektiboa da, ez dago balio absolutu edo unibertsalik, erlatiboak dira eta dena bere balio praktikoaren araberakoa da. Protagorasek zionez, “gizakia da gauza guztien neurria”. Gauza bakoitzaren alde eta aurka argudioak daude, bide horretatik irakatsi zuen berak kritikatzen eta eztabaidatzen. Azkenik, Legeekin jarrera konbentzionalista zuten. Arauak ez dira giza naturen ondorio, adostasunaren emaitza baizik: nomos, akordioa. Eta denboraren poderioz eta hainbat bide erabiliz adostasunak lortu dira.
2. Sokrates
Atenasen jaio zen eta demokraziaren garaian hiltzera kondenatua izan zen, polisaren jainkoengan ez sinestea eta gazteria okerbideratzea leporatuta. Kartzelan zegoenean, ihes egiteari uko egin zion, berak legeak bete behar direla defendatzen zuelako eta azkenean pozoi bat hartuta hil zen. Ez zuen eskolarik sortu, baina Atenasko leku publikoetan zabaldu zuen bere filosofia, arrakasta handiz. Ez zuen libururik idatzi eta bere mezua hitzez zabaldu zuen elkarrizketa eta dialektikaren bidez. Sokrates Platonen irakasle izan zen.
Bere kezka arazo etikoei soluzioa bilatzea zen, horretarako eszeptizismoa gainditu eta egia unibertsalen definizioa aurkitu nahi du, gogoeten bidez. Bere ustez, ezinbestekoa da bertuteak ezagutzea eta ezagutza lortzeko arimaren barrenera begiratu beharra dagoela babesten zuen, maieutikaren metodoaren bidez, errealitatearen esentzia aldaezinaren berri ematen duten definizioak lortzea duena helburu. Metodo honen lehen urratsa ironia da, hau da, norberaren ezjakintasuna onartzea. Honekin, benetako jakintsurik ez zegoela ondorioztatu zuen eta bera zela hiritarrik jakintsuena bere ezjakintasuna onartzen zuelako. Bigarren urratsak, maieutikak, jendeak haren baitan dituen ezagutzak kanporatzea du helburu. Prozesuaren bukaeran ikergaiari buruzko definizio unibertsal bat aurkitu nahi du.
Horretarako definizioen esentzia bilatzen zuen eta metodo induktiboa erabili zuen. Beraz, Sokratesen metodoak errealitatearen esentzia aldaezinaren berri ematen duten definizioak lortzea zuen helburu, sofisten erlatibismoaren aurka.
Bere ustez, edozein lanbidetan aritzeko, dagozkion xehetasunak ondo ezagutu behar dira, adibidez, hiritar bertutetsu izateko zenbat ezagutza jakin behar dira. Grekoek areté deitu zioten bertuteari, hau da, ondo egiteak ondorio onak izango dituela. Inor ez da gaiztoa nahi duelako, ongi jokatzen ez dakielako baizik. Ongi jokatzeak bakea eta zoriona dakarzki. Baina kritika moduan, ongia zer den jakitea ondo jokatzeko ez da nahikoa. Horregatik, garrantzi asko eman zion ezagutzari, norberaren barrukoari eta ikuspegi honi intelektualismo morala deritzo.
3. Ideien Teoria
Platonen ikuspegi filosofiko guztien oinarrian printzipio bateratzaile bat zegoen, ideien teoria eta bere alderdi guztiak horrekin erlazionatuta daude. Platonen ontologia dualista da bi mundu bereizten ditu; alde batetik, zentzumenen bidez hauteman dezakegun unibertsoa: mundu materiala edo hautemangarria. Gauza materialez osatua dago eta Heraklitok aipatzen zuen mundu aldakorra, mugikorra, plurala eta galkorra da. Platonen ustez honetatik lortu daitekeen ezagutza bakarra iritzia (doxa) da. Bestaldetik, Ideien mundua edo mundu ulergarria. Gure zentzumenek hautematen dutenetik haratago dago eta arrazoimenaren bidez ezagut daitezkeen ideai inmaterial eta aldaezinez osatuta dago. Ideiek jakintza unibertsal eta iraunkorra (episteme) ahalbidetzen dute. Mundu hautemangarrian daude ikusten, entzuten, dastatzen, usaintzen eta ukitzen ditugun gauza guztiak. Adibidez, belardi batean belarra jaten zaldi txuri handia eta zaldi marroi txikia daude, biek kolore eta tamaina ezberdina dute, biak egunero aldatuz doaz eta biak hilko dira baina biak gauza bera dira: zaldia. Biek dute esentzia bera: zaldi izatea, eta esentzia hori da Platonen ideia. Beraz, ideiei esker existi daitezke mundu hautemangarriko objektu materialak, eta ez dira kontzeptu mentalak soilik, entitate metafisikoak baizik. Ideiak, espezie bereko gauzek komunean duten esentzia unibertsala dira eta mundu materialeko objektuek mundu ulergarriko ideietatik parte hartzen dute. Ideia hauek mundu metafisiko batean daude kokatuta eta hierarkoki antolatuta daude. Ideia gorena ongia da, honen pean zuzentasuna eta edertasuna, ondoren ideia matematikoak eta azkenik mundu hautemangarriko objektu naturalen ideiak.
Platonek ongiaren ideia eguzkiarekin konparatu zuen, eguzkiak argia ematen duelako eta gauzak ikusgai egiten dituelako eta ongiak izatea ematen duelako eta gainontzeko guztia ulergarri egiten duelako. Gainera, Mundu materialaren formaren zergatia azaldu zuen, forma eman dion izate bat dagoela proposatuz, demiurgoa. Beraz, gauza materialak ideien kopiak dira eta ez badira kopiak ez dira inoiz perfektuak izango. Esan daiteke ideien teoriaren bidez Platonek Heraklitoren eta Parmenidesen mundu-ikuskeren arteko kontraesana gainditu zuela.
4. Ezagutzaren Teoria (Epistemologia): Zientzia eta Iritzia. Dialektika
Platonek haitzuloaren alegoria hainbat ideia adierazteko erabili zuen: itxurazko ezagutza ez dela egiazko ezagutza eta egiazko ezagutza lortzeko oker egotera garamatzan mundua ikusteko modu batetik ihes egin behar dugula, eta bide hori zaila dela.
Gizakiak sentipenezkoaren arteko muga gainditu eta ideia perfektuak ezagutu behar ditu. Horrek 2 ezagutza-maila daudela erakusten du eta horietatik igarotzen dela gizakia ezjakintasunetik jakintzarako bidean; alde batetik, Sentimenezkoa, non Iritzi soila sortzen duena (doxa), mundu materialeko gauza sentikorren ezagutza eta bestetik, Arrazionala, benetako zientzia sortzen duena (episteme), ideien ezagutza absolutu eta ziurra dena. Sentimenen bidezko ezagutzan (doxa) ere beste bi maila daude: alde batetik, Eikasia edo irudimena, non Ezagutza maila baxuena da eta objektu naturalen kopiak dira, eta bestetik, Pistis edo susmoa, zertxobait hobea da, eta objektu fisikoen azterketaren bidez lortzen da.
Ideien munduko egitateak ezagutzeko eta zientzia (episteme) lortzeko arrazoimena behar dugu. Zientziaren mailan ere beste 2 maila daude: Alde batetik, Dianoia edo pentsamendu diskurtsiboa, honek zentzumenen munduko objektuen ideien eta ideia matematikoen ezagutza ahalbidetzen du eta Dagokion diziplina matematika da. Bestetik, Noesis edo pentsamendu intuitiboa, eta hau Benetako ezagutza da, ideia moralen, estetikoen eta ongiaren ezagutza. Dagokion diziplina dialektika da. Heziketaren bidean gora egitera bultzatzen gaituena maitasuna (eros) da. Edertasuna eta jakinduria irrikatzen ditu eta horren ezaguna den “maitasun platonikoa”. Azken ezagutza dialektikan oinarritzen da, partikularretik unibertsalaren ezagutzara, gauza aldakorren ezagutzatik aldakaitzen ezagutzara… igarotzeko metodoa da. Honen bidez, arimak ez du ezer berririk ikasiko eta Platonek babestutako anamnesiaren teoriak zioenez, ezagutzea oroitzea besterik ez da eta jaiotzatik ezagutza arimaren barnean dago. Beraz, Platonen epistemologiak sofisten eszeptizismoari aurre egiten dio.
5. Ongiaren Kontzeptua
Ideien multzoa hierarkikoki antolatua dago, bertan gauza materialei buruzko ideiak aurkitzen ditugu eta pixkanaka ideia goreneraino, hau da, ongiaren ideiaraino, eguzkiarekin alderatzen duena, igotzen gara. Hura gabe ez legokeelako ezer ikusterik eta ezagutzerik, ongirik gabe ezerk ez duelako ez zentzurik ezta ordenik ere. Ongiaren ideia, ondasun eta edertasun guztiaren jatorria da. Eta eguzkiak objektu materialak ikusgarri egiten dituen moduan, ongiaren ideiak, gainerako ideiak ulergarri egiten ditu.
Sofisten erlatibismoaren kontra eta Sokratesen bidetik, Platonek ongiaren kontzeptu bat dagoela defendatu zuen. Eta horren ezagutza, heziketa prozesu baten ondorioz garatzen diren gaitasunei zor zaiela. Platonek, Sokrates bezala, bertutea ezagutzarekin lortzen dela esan zuen. Berak ere, ongi jokatzeko, ongi jokatzea zer den ezagutu behar dela dio, eta alderantziz gaizki jokatzen duenak nola jokatu behar duen ez dakielako jokatzen duela gaizki. Beraz, bere iritziz, inork ez du nahita gaizki jokatzen, ezjakitasunagatik baizik, ez baita gai izan horrek ekar ditzakeen kalteak ezagutzeko. Eta ikuspegi horri, intelektualismo morala deitzen zaio. Horregatik, pertsona ona izateko ezinbestekoa da hezkuntza eta ongia ezagutzera heltzen dena soilik izango da jakintsua.
6. Dualismo Antropologikoa: Gorputza eta Arima. Arimaren Teoria
Platonen ustez, gizakia gorputzaz eta arimaz osatuta dago. Gorputza, materiala eta hilkorra eta arima berriz, hilezkorra dela esan zuen. Arimak ideien munduan du jatorria eta haren eta gorputzaren arteko harremana tentsioak bereizten ditu, izan ere, gorputza arimaren kartzela izan daiteke eta gorputzaren joerek arima esklabo bihur dezakete.
Arimak ez du beti erabateko harmoniaz jokatzen eta horretarako mito batera jo zuen. Mito horren arabera, arima 2 zaldik tiratutako gurdia bezalakoa da, bat zuria eta bestea beltza. Zaldi zuriek joera edo bulkada nobleak irudikatzen ditu (zati suminkorra) eta beltzak berriz, desirak (irritsezkoa). Ondoren, gidaria, biak gidatu behar dituen arimaren zati razionala da. Beraz 3 arima mota daude: irritsezkoa, suminkorra eta razionala. Atal razionalak jakintsu jardun behar du, suminkorrak sendo eta irritsezkoak neurritsu. Zati razionala izan behar da nagusi eta beste biak mendean hartu behar ditu. Era horretan, harmonia eta zuzentasuna bermatzen dira eta horrekin zoriontasuna lortu.
7. Bertuteak eta Hiri Ideala
Bertutea, harmonia eta osasuna ematen dizkion arimaren barneko ongiari buruzko ezagutza da. Eta 4 bertute mota daude: Jakinduria edo zuhurtzia (sofia), Ausardia edo indarra (andreia), Neurritasuna (sofrosine) eta Justizia (diké), hau Bertuterik garrantzitsuena da, eta pertsona bakoitzari momentu bakoitzean dagokiona modurik onenean egitea da. Beraz, polisa bidezkoa izango da hiritar guztiek beren eginkizunak modu egoki eta harmonikoan betetzen dituztenean.
Platonen ustez, estatuak arima bezala egituratuta egon behar du, eta bakoitzari estementuka egokitzen zaiona ongi egin ezkero gizarteak ondo funtzionatuko du. Beraz honela antolatu zuen: Alde batetik, Ekoizleak, Nekazariak dira eta Talde ugariena da, hauek guztientzat lan egin behar dute. Beraien bertute nagusia neurritasuna da, ekoiztutako ondasunak neurriz banatu behar dituztelako. Bestetik, Zaindariak, Poliziak eta soldaduak izango dira eta Talde txikiagoa da, hauek segurtasuna zainduko dute. Ausardiaren bertutea landu behar dute, arima suminkorra baita nagusia beraientzat. Azkenik, Gobernariak daude, Poliseko gobernuari eskainitakoak izango dira eta talde txikiena baina garrantzitsuena osatzen dute. Platonek hauek filosofoak izatera heltzea nahi zuen eta polisak behar dituen erabaki onak hartu ahal izango dituzte.
Hiriko justizia bideragarria izateko polisean baldintza batzuk bete behar dira, alde batetik, aberastasuna eta txirotasuna desagertzea. Horretarako, goi mailako taldeei ondasunak kenduko zaizkie. Bestalde, Platonen iritziz familia ere oztopo izan daiteke agintean dagoenarentzat eta nahiz eta umeak edukitzeko aukera eduki, horien heziketa estatuaren esku egongo da. Hiriaren eginkizuna gizakien ongizatea bermatzea da eta horretarako hiria zuzena edo justua izan behar da. Bere ustez, gobernu motarik egokiena errepublika litzateke, jakintsuenek gobernatuko luketeelako.