Platonen Filosofia: Ezagutza eta Ideien Mundua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,07 KB
Ezagutzaren Teoria
Platon dualista da arlo guztietan: dualismo ontologikoa, antropologikoa eta epistemologikoa. Azken teoria honek ezagutza mota bi daudela defendatzen du. Bata, zentzumenen bidez hartzen duguna (iritzia edo Doxa) eta bestea, arrazoimenaren bidezkoa (zientzia edo Episteme).
Ezagutza mota batetik bestera pasatzeko, ezinbestekoa da heziera. Baina hezieraren prozesua mailakatua da. Lehenengo, aritmetika, geometria eta astronomia ezagutuko ditugu, eta bukaeran, dialektika. Dialektika galderen eta erantzunen bidez ideiak eta euren arteko harremanak aztertzean datza. Dialektika atzemateko gai denak Ongia atzemango du; izan ere, bera da hezieraren helburua eta azken pausua.
Platonek herritar onenak gaztetatik aukeratu eta haiei heziera eman behar zaiela planteatzen du, horrela hiriko agintari eta zaindari izan daitezen. Izan ere, Ongia atzematen duenak zuzen jokatuko du bizitza pribatu eta publikoan. Errealitatean, Ongia atzemango dutenak filosofoak izango dira eta ez dute parte hartu nahi izango politikan.
Bestalde, maitasuna ezagutzaren eragile dela dio; izan ere, ez daukaguna maite dugu. Jakinduriarik ez daukagula onartzen dugunean abiatuko gara haren bila.
Bukatzeko, ezagutzea gogorartzea dela dio. Ezagutza gure barnean dagoen zerbait delako, ahaztuta daukaguna. Galdera egokiak eginez aterako dugu.
Ideien Mundua
Sofisten teoriaren ondorioz, eszeptizismoa eta erlatibismoa ziren nagusi Atenasen. Erlatibismo horretatik ihes egiteko, Ideien Teoria planteatu zuen Platonek.
Bi errealitate planteatzen ditu: Ideien Mundua eta Gauzen Mundua. Ideien Munduaren barruan, Ideiak aurkituko ditugu. Ideiak gure gogamenetik kanpo existitzen diren esentziak eta formak dira. Hauek lau ezaugarri betetzen dituzte:
- Ideiak betikoak dira, hau da, ez dira sortzen ez desagertzen eta aldaezinak dira.
- Ez-materialak dira.
- Bakarrak, hau da, mundu materialean agertzen zaizkigun gauzen ideia bakarra dago Ideien Munduan (adibidez, “arbolaren ideia bakarra”).
Ideiak arrazoimenaren bidez ezagutuko ditugu, eta horretarako heziketa behar da. Zentzumenen bidez, aldiz, gauza materialak antzemango ditugu. Gauza material hauek munduan egotearen arrazoia Ideien Munduan gauza horien ideiak (esentziak eta formak) egotea da. Hauek dira Gauzen Munduko ezaugarriak:
- Ez-betikoak dira, hau da, sortu eta desagertu, jaio eta hil egiten dira.
- Aldakorrak eta anitzak dira.
- Ideiak ez bezala, forma ezberdinak agertzen dira Gauzen Munduan (adibidez, “arbola asko daude”).
Benetan existitzen den mundua Ideien Mundua da, eta gu haren kopia batean bizi gara.
Platonek, gainera, Ideien hierarkia bat planteatzen du piramide forman. Goi-mailako eta behe-mailako Ideiak daudela azaltzen du, eta gorengo puntuan Ongia agertuko zaigu. Ongiaren Ideiaren azpian, objektu matematikoak, kontzeptu zientifikoak... aurkituko zaizkigu. Ongia zer den heziketa prozesu luze bat amaieraraino eramanda aurkituko dugu soilik, eta hura ezagututa (atzemanda) bihurtuko gara filosofo.