Platonen Filosofia: Ezagutza, Estatua eta Giza Arima
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,72 KB
Maila Ontologikoa eta Epistemologikoa
Platonen pentsamenduan, errealitatea bi mailatan banatzen da: maila ontologikoa (izate motak) eta maila epistemologikoa (ezagutza mailak). Maila hauek, aldi berean, bitan banatzen dira: gauzen mundua eta ideien mundua.
Gauzen Mundua
Gauzen munduan, irudiak eta objektu sentigarriak aurkitzen ditugu. Irudien ezagutza aieruetan oinarritzen da, ezagutza maila baxuena izanik. Norbanakoak bere ondorioak ateratzen ditu, esaten diotena egia dela pentsatuz. Objektu sentigarriak ikusteak, aldiz, sinesmena sortzen du. Hala ere, bi ezagutza mota hauek iritziak (doxak) besterik ez dira.
Ideien Mundua
Ideien munduan, objektu matematikoak eta ideiak daude. Hauek adimenaren ulermena eta jakinduria adierazten dituzte, hurrenez hurren. Ideien munduan daudenek aurreko munduaren ulermena dute eta ongitik askoz ere gertuago daude, zientziatik edo jakinduriatik, alegia.
Prozesu hau dialektikaren bidez irudikatzen da, egia lortzeko bide luzea.
Gobernu Mota Idealak: Aristokrazia vs. Demokrazia
Platonen Aristokrazia
Platonek aristokrazia defendatzen du. Bere ustez, jakindurian onena denak gobernatu behar du, ongia, justizia (absolutuak) eta ideia guztiak ezagutu dituenak. Normalean, agintariak adinekoak izaten ziren, dialektika prozesu luze baten amaieran gobernatzeko gai zirelako, eta gutxi batzuk besterik ez ziren.
Sofisten Demokrazia
Sofistek, aldiz, demokrazia defendatzen zuten, erlatibismoan oinarrituta. Legea agintariak aukeratzeko akordio bat zen. Berdintasuna zen haien balioen oinarria, eta demokrazian aukera berdintasuna sustatzen zen.
Arima eta Gorputzaren Dualismoa
Platonek Pitagorasengandik jasotzen du ikuspegi dualistaren ideia (arima/gorputza). Platonen arabera, arima, ideien munduan ideiak ikusi ondoren, gorputz batean haragitzen da. Ikusitako ideien araberakoa izango da arimaren jakinduria (amnesia/anamnesia). Arimaren joeraren araberakoa izango da, baita ere, pertsonak kontrolatzen ikasi beharko duen bertutea (jakinduria, adorea edo apaltasuna) eta polisari eskainiko dion zerbitzua. Gorputza hilkorra da, inperfektua eta aldakorra (Heraklitorengandik jasotako ideia), eta arima, ordea, betierekoa da.
Platonen "Errepublika": Polisaren Antolaketa
Platonen "Errepublika" liburuaren atal honetan, polisaren antolaketaz eta hori lortzeko moduaz hitz egiten da. Gobernariek polis osoaren onerako diren legeak sortu behar dituzte, beren interes pertsonalak kontuan hartu gabe. Bestalde, harmonia lortu beharko da hezkuntzaren bidez, bertuteak garatuz eta horien arabera polisari zerbitzu jakin batzuk eskainiz. Horrela, herritar guztien arteko bizikidetza hoberena lortuko da.
Bizikidetasuna, Hezkuntza eta Justizia
Bizikidetasuna
Bizikidetasuna herritarren arteko harmonia da. Bakoitzak bere bertuteak garatu ondoren dagozkion zerbitzuak eskaintzen dituenean, polisean harmonia eta bizikidetasuna sortzen dira. Bakoitzak bere eginkizunari eusten dio, baina besteen mesederako lan egiten du; bakoitzak bere aldetik baina denentzat lan eginez, justizian oinarrituta, aristokraziaren laguntzarekin.
Hezkuntza
Heztea hezkuntza ematea da. Arimaren joeraren araberako bertuteak garatzen dira, eta dagozkien zerbitzuak ematen zaizkie. Arimak ikusi dituen ideien, egiaren, ongiaren eta ezagutzaren arabera, jakinduria maila baxuago edo altuago batera iritsiko dira, eta emango dituzten zerbitzuak jakinduria mailaren araberakoak izango dira.