Pentsamenduaren Giltzarriak: Marx, Alienazioa eta XX. Mendeko Filosofia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,54 KB

Karl Marx: Erlijioa, Alienazioa eta Ideologia

1. Erlijioa botere-tresna gisa

Marxen arabera, erlijioa gizartea kontrolatzeko tresna bat da. Klase boteretsuek, hau da, burgesiak, erlijioa baliatzen dute klase zapalduak (langileak) ahul eta menpeko mantentzeko. Erlijioak irakasten du justizia eta ordena ez direla mundu honetan iritsiko, baizik eta heriotzaren ondoren. Horrela, jendeak pairatzen dituen injustiziak onartzen ditu, matxinadaren beharra baztertuz.

2. Alienazioa: Gizakiak bere burua galtzen du

Alienazioa pertsona batek bere izatearen kontrola galtzea da. Kapitalismoaren testuinguruan, langilea:

  • Ez da jabetzen bere lanaren fruituaz, egiten duena beste norbaitentzat baita (patroia).
  • Bere lana behartuta egiten du, ez benetan nahi duelako.
  • Ez du bere burua islatuta ikusten eguneroko lanean, eta pixkanaka arrotz bihurtzen zaio bere existentzia.

Marxen ustez, hau guztia kapitalismoaren errua da: langileak ez du erabakitzen zer egin, nola egin edo zertarako. Lantegietan pieza bat besterik ez da.

3. Ideologia eta erlijioa: Gezur bat ontzat hartzea

Marxek zioen ideologiak errealitatea desitxuratzen duela, jendeak injustiziazko egoera naturaltzat har dezan. Adibidez, erlijioa tresna ideologiko bat da:

  • Erlijioak irakasten du mundu honetan sufritzea onartu behar dela, zeruan sari bat egongo delako.
  • Ondorioz, jendeak ez du bere baldintzak hobetzeko borrokatzen, etorkizuneko justizia zalantzagarri batean konfiantza baitu.
  • Horrela, kapitalistek beren nagusitasunari eusten diote, eta beren egoera zalantzan jartzen ez dutenez, langileak ez dira mehatxu sistemarentzat.

4. Marx: "Erlijioa herriaren opioa da"

Marxek esaldi ezagun hau erabili zuen erlijioa sufrimendua arintzeko erabiltzen den ilusioa dela esateko. Opiak mina arintzen du, baina ez du arazoa konpontzen. Erlijioak berdina egiten du: langileek ez dute euren egoera aldatzen saiatzen, sinesten baitute zeruan konponduko dela.

5. Nola askatu langilea?

Marxen ustez, erlijioa eta alienazioa ez dira heziketaren bidez desagertuko, baizik eta gizarte-harremanak eraldatuz. Kapitalismoa gainditu eta iraultza eginez, langileek benetako askatasuna eta kontrola berreskuratu ahal izango dute.

XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak

1. Karl Marx (1818-1883)

Gizartea ekonomiak gobernatzen du. Marxen ustez, gizartea azpiegitura ekonomikoak erabakitzen du. Hau da, politika, erlijioa, artea eta filosofia ekonomiaren menpekoak dira. Gizartea klase sozialen arteko borrokan oinarritzen da, eta proletarioek iraultza egin behar dute kapitalismoa gainditzeko eta gizarte komunista sortzeko.

2. Friedrich Nietzsche (1844-1900)

Moral tradizionalaren aurkako borroka. Nietzschek kristautasuna eta mendebaldeko morala kritikatu zituen, gizakia ahuldu egiten zutelako. Bere ustez, indartsuak aurrera egin behar du, eta ez berdintasunaren izenean sakrifikatu. Horregatik, marxismoa ere arbuiatu zuen, berdintasun nahia ahultzat jotzen zuelako.

Botere-Nahia: Nietzscheren kontzeptua

Mundua etengabe aldatzen da, ez dago ordena edo xederik. Errealitatea indarren arteko borroka da; izatearen funtsa botere-nahia da. Gizakiak etengabe hobetzeko nahia du; horrek desberdintasunak sortzen ditu. Berdintasuna botere-nahi ahularen ondorioa da. Ezagumena boterea lortzeko tresna da, ez egia bilatzeko. Bizitza indartsu eta osasuntsu bizi behar da, artaldearen moraletik aldenduz.

3. Sigmund Freud (1856-1939)

Inkontzientearen garrantzia. Freuden arabera, gizakiak ez du beti modu arrazionalean jokatzen, bere barneko bulkada ezkutuak (Eros - bizia eta Thanatos - heriotza) eragiten diotelako. Horrek esan nahi du gure pentsamendu eta erabaki asko ez direla guztiz kontzienteak.

4. Charles Darwin (1809-1882)

Eboluzioa eta hautespen naturala. Darwinek proposatu zuen gizakia ez dela aparteko izakia, beste izaki bizidunek bezala, hautespen naturalaren bidez eboluzionatu duela. Honek ordura arteko sinesmen erlijioso eta filosofikoak kolokan jarri zituen, gizakia kreazioaren gailurra zela zioen ideia baztertuz.

5. Ondorioa

Lau pentsalari hauek mendebaldeko pentsamolde tradizionala zalantzan jarri zuten:

  • Marxek erakutsi zuen ekonomiak gizartea nola kontrolatzen duen.
  • Nietzschek morala eta berdintasunaren ideia kritikatu zituen.
  • Freudek azaldu zuen ez garela beti arrazionalki jokatzen.
  • Darwinek gizakia naturaren parte gisa kokatu zuen, eta ez izaki berezi bat bezala.

Entradas relacionadas: